Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana:

1998ko abenduaren 22an onartu zen behin betiko. Honen aplikazioari buruz eta indarreko udal planeamenduekiko loturari buruz, honako erreferentziak aipatuko ditugu:

G. Kapituluan (LAP Aplikatzeko Araudia), G.2 puntuan, Lurraldearen Arloko Planaren zehaztapenek izaera loteslea eta/edo orientatzailea duten ezartzen da.

Kapitulu bereko G.4 puntuan (Aldi baterako Xedapenak) zehazten da dokumentua onartu aurretik indarrean zeuden planek zenbaterainoko indar-maila duten. Honela dio Lehen Xedapenak:

Izaera loteslea eta LAPek hirigintzako udal plangintzarekiko duen nagusitasuna kontuan hartu gabe, eta gauzatze-epea igarotzen ez den bitartean, indarrean egongo da barne-erreformako zatiko planetan eta plan berezietan aurreikusitako antolamendua, baita bere zehaztasun-maila dela eta garatzeko beste plangintza-tresnaren baten beharrik ez duen plangintza orokorrean barne hartutakoa ere.“

Bigarren Xedapenak, berriz, honela dio:

Hiri-antolamendurako plan orokorrak, plangintzako arau osagarriak eta subsidiarioak, baita horien berrikuspenak eta aldaketak ere, formulatzeko eta onartzeko jardunbideak, Lurraldearen Arloko Plana indarrean sartu zenean oraindik hasierako onarpena ez zutenak, planean barne hartutako zehaztapenetara egokitu beharko dira.”

Puntu bereko Hirugarren Xedapenak honakoa ezartzen du:

Lurraldearen Arloko Plana indarrean sartu zenean indarrean zegoen plangintza orokorra planean xedatutakora egokituko da.”

Azaldutakoari jarraituz, argi dago Arau Subsidiarioak egokitu egin behar direla Lurraldearen Arloko Planak xedatutakora; are gehiago kontuan hartzen badugu puntu askotan ez datozela bat Arauetako erregulazioa eta Arloko Planeko irizpide lotesleak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana

Otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bitartez onartu zen behin betiko. Plan honek Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare osoa ezartzeko eta garatzeko jarduketak zehazten ditu. Planak, eragindako lurzoruaren erabilera zehazterakoan, hirigintza-planak lotesten ditu, eta trenbidea ezartzeko eta garatzeko beharrezko lurzoru-erreserbak ahalbidetzen ditu.

Dekretuaren Lehenengo Xedapen Iragankorrak, indarreko plangintza egokitzeko epeari buruz zehazten duenez,

Lurraldearen Arloko Planeko erabakietako 6. artikuluan aurreikusten den egokitzapena, hau da, hirigintza-antolamenduko tresnak planera egokitu behar izatea, plana argitaratu eta urtebeteko epean egin beharko da.

Lurraldearen Arloko Planaren ERANSKINAREN 6. artikuluak hirigintza-plangintzako tresnetan planak izango dituen eraginak zehazten ditu.

1.- Antolamenduko xedapenei dagokienez, lurzoruari eta hiri-antolamenduari buruzko legedian aurreikusitako hirigintza-antolamenduko tresnak —nahiz udalerri-mailakoak nahiz udalerriz gaindikoak— EAEko Trenbide-Sarearen Lurraldearen Arloko Planean egindako zuzenketetara egokitu beharko dira bertan ezarritako epeetan, eta Euskal Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 9.2 artikuluan araututako prozeduraren bidez.

2.- Horretarako, Lurraldearen Arloko Plan honek grafikoki jasotzen du, III. dokumentuko (Planoak) A taldean (Antolamendu-Planoak), nola gelditu den eratuta Trenbide-Sare Berriaren Trenbide-Erabilerako Komunikazioen Sistema Orokorra; eta aipatutako hirigintza-antolamenduko tresnak kalifikazio horretara egokitu beharko dira Erabaki hauetako Lehen Xedapen Gehigarrian zehaztutako epean.

Trenbide-Sarearen LAP planak Bergarako lurraldean eragina du gure herrian bat egiten dutelako Gasteiz-Akize (Dax) trenbide-lineak eta Bilborako bide-adarrak.

Gerora, honako aldaketa-dokumentuaren tramitazioari ekin zitzaion: Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide-Sareko Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketa Gipuzkoarako; 2005eko urtarrilaren 25ean eman zitzaion hasierako onarpena.

Dokumentu horren helburu nagusia da Gipuzkoarako proposatu diren trenbide-garraioko azpiegitura berriak Lurraldearen Antolamenduan sartzea.

Deba ibaiaren eremuan, bailarako herri-guneei zerbitzua emateko asmoz, tranbia bidezko garraio-sistema ezartzea proposatzen du. Bailarako ardatza zeharkatuko du eta Oñatiko herri-guneari ere emango dio zerbitzua. Eusko-Tren-eko 2001eko Plan Estrategikoaren barruan dago eta, besteak beste, “aldirietako talde-garraioaren zerbitzua trenbide eta errepide bidez sustatzea” du helburu.

Proposatutako linearen aurreikuspenen arabera, lehen fasean Bergara-Aretxabaleta tartea egingo da eta, etorkizunean, bailara osoa lotuko du —Eskoriatza eta Oñati—. Halaber, Eusko Trenaren linearekin lotzeko, Bergara-Maltzaga luzapena ere jasotzen da.

Tranbiarako aurreikusten den trazatu-mota gainontzeko trafikotik aparte joango den tranbia-bide bikoitza da. Arazorik sortuz gero, lehentasuna gainerako ibilgailuen zirkulazioari eman beharrean, tranbiaren erabilerari emango zaio. Hiriguneetan, tranbiarekin batera, oinezkoentzako bideek ere izango dute lehentasuna.

Hiriarteko eremuetan, trenbide zaharreko laugunea erabiltzeko egon daitekeen lehian, tranbiari emango zaio lehentasuna, oinezkoentzako bideen eta bidegorrien gainetik.

Dokumentuak jasotzen duenez, Bergarako udalerriari dagokionez, honako trazatu-proposamenak agertzen ditu: Bergarako hirigunekoa, eta Bergara-Arrasate eta Bergara-Osintxu-Soraluze hiriarteko tarteetakoak.

Bergarako Udalak, jendaurreko epealdian, hainbat alegazio aurkeztu zion dokumentuari, batez ere Bergarako hirigunean eta Bergara-Arrasate hiriarteko tartean tranbiak duen trazatuaren aurrean. Honako dokumentu hau idazten ari den momentuan, alegazio horiek oraindik ez dira ebatzi.

Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Eolikoa antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana

2002ko maiatzaren 14ko 104/2002 Dekretuaren bidez onartu zen behin betiko Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Eolikoa antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana. Onartzeko prozesuaren baitan, Bergarako Udalak alegazio bat aurkeztu zuen, eta bertan Aurrerakinaren jendaurreko epealdian adierazi zituen arrazoi berberak azaldu zituen berriz.

Aurkeztutako alegazio horri erantzunez, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak honakoa erabaki zuen: Lurraldearen Arloko Planetik baztertu edo kanpo uztea Samiño-Izazpi eta Irukurutzeta kokapenak; izan ere, elementu megalitiko ugari dagoenez, bertan parke eolikoak gauzatzea ezinezkoa izango litzateke praktikan.

Baztertze hori dela-eta, Lurraldearen Arloko Planak ez du Bergarako lurraldean eraginik izango.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana 2004ko uztailaren 27ko 160/2004 Dekretuaren bidez onartu zen behin betiko. Plan honek EAEko hezeguneak inbentariatu eta sailkatzen ditu, eta berariaz antolatutako hezegunetan, euren harrera-ahalmenaren arabera, erabilerak eta jarduerak erregulatzeko araudia proposatzen du.

Onartutako plan honek ez du eraginik Bergarako lurraldean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia-Jardueretarako Lurzoru Publikoa eta Merkataritza-Ekipamenduak Sortzeko Lurraldearen Arloko Plana

2004ko abenduaren 21eko 262/2004 Dekretuaren bidez onartu zen behin betiko Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia-Jardueretarako Lurzoru Publikoa eta Merkataritza-Ekipamenduak Sortzeko Lurraldearen Arloko Plana. Planak honakoak jasotzen ditu: jarduera ekonomikoetarako lurzoru publikoa sortzeko eragiketak non gauzatuko diren identifikatzen ditu; jarduketak lurraldearen gune jakin bakoitzean hartuko duen lurzoru-gainazala zenbakitan zehazten du (kuantifikazioa); eta beharrezko inbertsioen programazioa adierazten du.

Dekretuaren Xedapen Iragankorrek honakoa ezartzen dute:

Lehenengoa.– “Plan hau indarrean jartzeko unean hasierako onarpenik eman ez zaien udal-plangintza orokorraren tresnak, bai eta horien berrikuspenak eta aldaketak, eta garapen-plangintza ere, Plan honetan bildutako zehaztapenetara egokitu beharko dira.”

Bigarrena.– “Nolanahi ere, indarrean dagoen plangintza orokorra Plan honetan xedatutakora egokituko da, berori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.”

Dekretuaren 24. artikuluan, Debagoieneko Eremu Funtzionalean ekonomia-jardueretarako lurzoru publikoa sortzeko zein eragiketak aurreikusten diren zehazten da. Bergarako udalerrirako, Zalgomendi (Elkoromuñoko) eremu logistikoa zehazten da, hau da, autobidearen eta Beasain-Durango bide-ardatzaren arteko lotunearekin lotzen den 5/10 ha-ko azalerako eremua.

Edozein kasutan ere, Lehenengo Xedapen Gehigarriak honakoa ezartzen du:

garraioaren jarduera logistikoari buruzko Plan honen zehaztapenek, 8.4 puntuan jasotakoek, ez dute inolako lotespenik eta orientagarriak besterik ez dira, Garraioaren Sare Intermodala eta Logistikoa Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren bidez aztertu eta arautuko baitira.”

LAP plan horren Aurrerakin-dokumentuak, Elkoromuñoko aurreikuspenik jaso gabe, Araba Erdialdea-Deba izeneko eremua proposatzen du Deba bailarari eta Arabako Lautadari zerbitzua emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana

Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana 2007ko martxoaren 13ko 43/2007 Dekretuaren bidez onartu zen behin betiko. Onarpen-dekretua 2007ko apirilaren 2an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Plan honek ez du eraginik Bergarako lurraldean.

Hirigintza