Gure herriko ekonomiaren garapena aztertzerakoan bi jarduera nagusitzen dira:
1. Erdi Arotik ehungintzan murgilduta
2. Metalurgia, XIX. mendetik aurrera
1. Erdi Arotik ehungintzan murgilduta
Bergarako garapen ekonomikoa aztertzean ezinbestekoa da Gipuzkoako lurraldean XIX. mendearen erdialdean hasi zen industrializazio prozesuari buruzko aipamena egitea. Zazpi Urteko Gerratearen ondorioz (Lehen Karlistada), 1841etik 1873ra arte luzatu zen lehen bolada industrializatzailea ekarri zuen Gipuzkoara. Papergintza, ehungintza, galdaketa eta metalaren eraldakuntza izan ziren industrializazio horren adierazle nagusiak. Guztira, 60 industria zentro sortu ziren.
Bergarari dagokionez, hiria industria tradiziokoa zen aspalditik, Simancaseko artxibategi orokorrean gordetzen den dokumentu batean jasotzen denez. Dokumentuak 1497ko data du, eta bertan Espainiako Errege Katolikoek Bergarako ehungileei (los hazedores de los paños de Bergara) luzatutako ordenantzen berrespena jasotzen da.
XIX. mendeko bigarren erditik aurrera, Industria modernoa ezartzeko prozesuan bete-betean sartu zen gure herria. Industrializazio prozesuaren hasierako erreferentzia moduan 1841 urtea jartzen da, Aduanak lekuz aldatu zirenekoa.
Echaide y Comp. enpresako langileak.
Merkataritza tradizionalean metatutako kapitalak kapital industrial bihurtzeari ekin zitzaion pixkanaka. Merkatariak lantegi berrietan inbertitzen hasi ziren eta burdinaren merkatuaren aldeko apustua egin zuen Bergarak (geroago metalaren transformazioaren alde), baita ehungintza edo ehunaren sektorearen alde ere, probetxu eta errentagarritasun handiz gainera.
Ehungintzakoa zen hirian ezarri zen lehen industria, eta Gipuzkoako lehenetarikoa, gainera. Hain zuzen ere, ehungintzak eman zion bultzada garrantzitsua industrializazio prozesuaren lehen faseari 1846an *Fois, Silva, Blanc y Cía. elkartea sortu zenean (geroago Algodonera San Antonio S.A.). Kotoizko ehunaren joskintza eskala handian egiteko sortu zen.
Inguruak erraztasunak eskaintzen zituen ehungintzako enpresak bertan sortzeko, udalerriak leku egokiak baitzituen, merke, hurbileko konpetentziarik gabe eta hedatzen ari zen merkatu potentzialarekin. Ondorioz, enpresa asko sortu zen jarduera horretan aritzeko, lehenik tindategiak, eta geroago, 2. Mundu-Gerraren ondoren, ehundegiak. Guzti horrek kotoiaren gune bihurtu zuen Bergara. Bergarako urdina ezaguna da oraindik.
2. Metalurgia, XIX. mendetik aurrera
Metalurgiaren sektorea artisautzako bideak erabiliz garatu zen XIX. mendearen bigarren erdira iritsi arte. 1860tik aurrera hedapen-aldi berri bat hasi zen, eta siderurgia tradizionalaren industrializazioa adierazten zuten lehen zeinuak agertu ziren, Vergarajauregi, Resusta y Cia elkartea, geroago Unión Cerrajera izango zena, sortu zenean. Arrasaten sortu zen elkarte horrek galdaketa lantegi bat jarri zuen Bergaran, egur-ikatzezko bi labe garaiekin. Lantegi horrek mineraletik abiatu eta produkzio prozesu guztia egiten zuen. Altos Hornos de Vergara zuen izena.
Produktuak dibertsifikatzeak bultzada eman zion sektore honen garapenari. Jarduera ezberdineko lantegiak sortu ziren:
- Tailer mekanikoak (makina-herraminta).
- Osagaiak eta osagarriak hornitzen dituzten lantegiak: torlojugintza, galdategiak eta forjak.
- Etxeko tresna elektrikoak, sukaldeko tresnak eta autoentzako osagaiak egiten dituzten lantegiak.
Bergarako industrializazio prozesuan nabarmendu beharreko jarduera duten beste sektore batzuk ondorengoak dira: Iringile Mekanikoa, Teileria, Harrobiak, Zerrategiak eta Energía Elektrikoaren produkzioa. 1915erako 17 lantegi zeuden Bergaran eta horietan, 1.030 langile.
Gaur egun ere metalurgia da Bergarako industria jarduera nagusia, eta udalerrian lan egiten duten herritar gehienak bertan ari dira. Debagoieneko beste udalerri batzuekin alderatuz, dibertsifikazio garrantzitsua dago gainera Bergaran. Etxeko elektra tresneria, ehungintza eta siderurgiaren arloan diharduen industria aipatu behar da hemen bereziki.