64. artikulua.- Aplikatzeko baldintzak:

Segurtasun-baldintza hauek aplikatu egin beharko dira bizitegi-gune eraiki berrietan dauden eta bizitegi-erabilera nagusia duten eraikin guzti-guztietan, eta horretaz gain, lehendik dauden eraikinetan ere errespetatu beharko dira baldin eta baldintzek eragindako elementuetan egokitze- edo birgaitze-lanak egiten badira.

Halaber, bizitegi-erabilera nagusia ez duten beste gune batzuetan bizitegi-eraikinak kokatu ahal badira, horietan ere aplikatu beharko dira.

Aldatu egin ahal izango dira, Eraikuntzako Kode Teknikoaren oinarrizko dokumentuak —edo hori osatuko nahiz ordeztuko duen araudi berriagokoak— ezartzen dituen betebeharrak aplikatzerakoan.

65. artikulua.- Eraikinetarako sabidea:

Eraikin guztia identifikatu ahal izateko, eraikinek kanpotik seinale bat izan beharko dute, bide edo espazio publiko libretik garbi ikusteko modukoa.

Udal Zerbitzuek esango dute non jarri behar diren ikusgai kaleen izenak, eta eraikin bakoitza zenbaki baten bidez identifikatuta egotera derrigortuko dute.

Eraikin berri guztien sarbidea bide edo espazio libre publikotik izango da, nahiz zuzenean nahiz espazio libre publikoarekin mugakide den beste espazio libre pribatu bat zeharkatuz.

Ezingo da eraikin batera sartu aldameneko beste batetik zehar.

Eraikin bakoitzak bere ataria eta solairuetara joateko bere eskailera-gunea izan beharko ditu.

66. artikulua.- Barne-zirkulazioko elementu komunak:

Eraikinetan, barne-zirkulazioko elementu komunak dira eraikineko kanpoaldea eta eraikin barruko solairuetan dauden lokal, etxebizitza eta garajeak komunikatzen dituzten elementuak, jende orok erabiltzeko direnak.

Hauek dira elementuok:

a)Atariak: Eraikinaren atari orokorra izango den guneak gutxienez 2,00 metro zabal izango du, eta 2,00 metro luze, sarbideko atearen barnealdetik neurtuta.Gunearen gutxieneko altuera librea 2,40 metrokoa izango da.

Igogailuari itxaroteko atariko gunea gutxienez 1,50 x 1,50 metrokoa izango da, eta gune horren sestra-kota bat etorri beharko da nabarmenki sartzeko erabiltzen den espaloi edo espazio libre publikoarenarekin.

b)Eskailerak: Honako baldintzak bete beharko dituzte:

  • Hainbat etxebizitzatarako batera erabiltzen diren eskailera-tarteak gutxienez 1,00 metro zabal izan beharko dira, itxitura-paramentuen eta baranda edo karelaren artean neurtuta; hala ere, beti bete beharko da Eraikuntzako Kode Teknikoa (Suteen aurreko Segurtasuna, eta Erabiltzeko Segurtasuna) (CTE (Si) (SU)). Kasu guztietan, gutxienez 2,20 metroko tartea errespetatu beharko da eskailera-zuloa eratzen duten paramentuen artean.
  • Etxebizitza baten barruan, erabilera pribatiboko eskailerak gutxienez 0,90 metro zabal izan behar dira.
  • -Denok erabiliko dituzten eskaileretan, zabalera librea bera izan beharko da eskailera-bide guztian. Eskailera-buruen arteko eskailera-tarteek ezingo dute izan 16 mailatik gora.Eskailera-buruek gutxienez eskailera-tarteek duten zabalera bera izango dute.
  • Mailagainen gutxieneko zabalera, hegalkina kontuan hartu gabe, 28,00 zentimetrokoa izango da. Mailarteen altuera ez da izango 18,50 zentimetrotik gorakoa. Bihurguneko tarteetan, mailagaina gutxienez 0,28 cm zabal izango da, barrualdeko ertzetik 50,00 cm-ra neurtuta, eta kanpoaldeko ertzean gehienez ere 44,00 cm.
  • Eskailerak solairu guztietan zuzenean argitu eta aireztatuko dira fatxadaren batetik edo argi- nahiz-aireztapen- patioren batetik; eta gutxienez 1,00 metro koadroko argiztapen-azalera izango dute. Gutxieneko aireztapen-azalera, berriz, 400 zentimetro koadrokoa izango da solairuko. Lau solairu arteko eraikinetan, eskaileretan, aireztapen eta argiztapen zenitala onartuko da, sabai-leihoen bidez, baldin eta horien oinplanoko azalera bada, gutxienez, eskailera-kaxaren oinplanoko azaleraren bi heren bestekoa. Horrela bada, erdiko hutsunea libre gelditu beharko da bere altuera guztian, eta gutxienez 1,10 metro koadroko hutsune-azalera izan beharko du, gutxienez 0,84 metroko aldeekin. Kasu guztietan, ataritik aire-sarbide etengabe bat izango dute, gutxienez 200 zentimetro koadroko aireztapen-azaleraduna.
  • Altuera librea eskailera-arrapalen artean edo arrapala eta sabaiaren artean, edozein puntutan, ez da izango 2,40 metrotik beherakoa. Trastelekuetara joateko eskaileretan, altuera hori puntu baten batean murriztu ahal izango da 2,20 metro arte.

c)Arrapalak: Gutxieneko zabalera 1,00 metrokoa izango da, baldin eta elkartzeko eta buelta hartzeko 1,50 x 1,50 metroko arrapala-buruak egiten badira, eta horien artean 10 metrotik beherako luzera badago. Gehienez onartutako malda %10ekoa izango da 3,00 metrotik beherako luzeretan; gainontzekoetan, berriz, %8koa.

d)Barne zirkulazioko banaketa-guneak solairuetan: Solairu bakoitzean, etxebizitzetara sartzeko banaketa-guneak gutxienez 1,50 metro zabal izango dira. Etxebizitzetako eraikinari lotuta dauden instalazioetara, ganbaretara, trastelekuetara eta garajeetara sartzeko diren bigarren mailako pasilloek gutxienez 1,20 metroko pasaguneko zabalera librea izan beharko dute; horretaz gain, topo egin eta buelta hartzeko 1,50 x 1,50 metroko guneak ere jarri beharko dira, horien arteko gehieneko tartea 18 metrokoa izanda, eta beti pasilloaren hasieran eta bukaeran egonda.

e)Igogailuak: Bizitegi-eraikinetan igogailua derrigorrez jarri beharko da baldin eta horrela ezartzen badu Irisgarritasuna Sustatzeko 20/1997 Legeak (abenduaren 4koa). Irisgarritasun-baldintzei buruzko Arau Teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira eraikinei dagokienez (Dekretuaren 5.3.4 artikulua).

67. artikulua.- Estalkirako irteera

Eraikinen estalkira eraikinaren gune komunetatik zuzenean irten ahal izango da, eta irteera edo sarbide hori eskailera-gune orokorrean bertan egongo da edo, bestela, gertuan eta horrekin lotuta dagoen beste guneren batean.

Onartuko den gutxieneko sarbidea oinplano karratuko tranpolen bitartez eratuko da, baoak gutxienez 0,70 metroko aldeak izango ditu eta eskaileratxo finko nahiz tolesgarria izan beharko du; eskaileratxook, kasu guztietan, eraikuntza-lanak bukatu orduko bertan ezarrita egon beharko dira.

68. artikulua.- Babesgarriak eta barandak eraikinetan

Fatxadetan irekitako baoak eta eraikinen balkoi eta terrazak babestu egin beharko dira karel finko edo barandekin. Babesgarri horiek gutxienez 1,10 metroko altuera izango dute —gela, balkoi edo terraza barruko zoladuratik gora neurtuta— baldin eta goiko eta azpiko zoladuren arteko koten aldea 6,00 metrokoa edo handiagoa bada. Koten aldea txikiagoa izanez gero, altuera 0,90 metrokoa edo hortik gorakoa onartu ahal izango da.

Altuera horretatik behera gelditzen diren elementu guztiak jausiko ez direla bermatzeko, eta baoak arotzeriako elementu finkoekin baino ez badira ixten, beira bereziak jarri beharko dira; baoak barandekin babesten badira, berriz, sortuko diren hutsuneek ez dute izango 10,00 zentimetrotik gora.

Baranda horietan, azpialdean jartzen den elementu horizontaletik balkoi edo terrazaren zoladuraraino egon behar den gehieneko altuera 5,00 zentimetrokoa da.

Eskaileretako karel edo barandetan, eskudelaren altuera ez da izango 95,00 zentimetrotik beherakoa, mailgainaren kanpoaldeko ertzetik neurtuta edo bestela, tarte horizontaletan, zoladuratik gora neurtuta.

Baranda osatzen duten elementuak jartzerakoan ezingo dira utzi 10,00 zentimetrotik gorako hutsuneak; bestetik, barandaren behealdean jartzen den elementu horizontaletik balkoi edo terrazaren zoladurarainoko tartean, gehieneko altuera 5,00 zentimetrokoa izango da.

 

Hirigintza