19. artikulua.- Lizentzia behar duten ekintzak
Aurretik lortu beharrreko baimenez aparte, eta sustatzailea edozein izanda ere, lizentzia behar izango dute araudi hauetan zerrendatzen diren ekintzek: Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 207. artikulukoek; Hirigintza-Diziplinaren Erregelamenduko 1. artikulukoek; Toki-Korporazioen Erregelamenduko 1. titulukoek; eta horietaz gain, lizentzia ere beharko dute eta, beraz, lizentziaren menpe daude honako zerrendaren araberako ekintzak:
a) Bai partzelazioak, bai segregazioak, bai edozein motatako lurzoruetan finkak edo onibarrak zatitzeko beste edozein egintza, baldin eta birpartzelazio-proiektu batean ez badaude sartuta.
b) Oin berriko edozein motatako eraikinak eta instalazioak eraikitzeko obrak.
c) Lehendik dauden edozein motatako etxe, eraikin edo instalazioak handitzeko obrak.
d) Edozein motatako etxe, eraikin eta instalazioetan, horiek aldatzeko edo eraberritzeko obrak, baldin eta kanpoko itxurari, eraikinaren egiturari edo eraketa arkitektonikoari eragiten badiete.
e) Eraikinen barne-antolaketa aldatzen duten lanak edo eraikinak zaharberritzeko diren obrak, eraikinen erabilera edozein izanda ere. Obra horien artean sartzen dira aurretik zegoen etxebizitza bat bitan edo gehiagotan banatzea dakartenak.
f) Behin-behineko izaeraz egingo diren obrak.
g) Eraikuntza-lanen osagarri diren urbanizazio-obrak.
h) Eraikinak eraitsi edo botatzeko obrak, salbu berehalako aurri-egoera aitortutako kasuak.
i) Lur-mugimenduak eta lurra erauzteko zein berdintzeko obrak, edozein lurzoru motatan.
j) Agregakinak erauzi edo ateratzea, eta harrobiak ustiatzea.
k) Hondakinak pilatzea eta paisaia naturalaren ezaugarriekin zerikusirik ez duten materialak biltzea, baldin eta paisaia horren hondamena edo degradazioa bultzatzen badute.
l) Finkak, orubeak eta lursailak ixtea.
m) Bideak irekitzea, aldatzea edo zolatzea.
n) Etxe prefabrikatuak eta antzeko instalazioak jartzea, behin-behinekoak zein iraunkorrak.
ñ) Berotegiak jartzea.
o) Propagandarako edozein motatako kartelak edo hesiak bide publikotik ikusteko moduan jartzea, baldin eta egitura-euskarria den elementu baten gainean edo horren kontra ipinita badaude.
p) Lurpean kokatzen diren edo lurpeari eragiten dioten instalazioak.
q) Orokorrean eraikinen eta instalazioen lehen erabilpen eta okupazioa.
r) Linea elektrikoak, telefono-lineak edo antzekoak instalatzea; telekomunikazio-sareak edo energia garraiatzeko sareak instalatzea; eta edozein motatako antenak jartzea.
s) Obren edo obra-zatien lehenengo erabilpena, obra horien aldaketa eta, baita, eraikinen erabilerak aldatzea ere —osorik nahiz zati batean—.
t) Edozein motatako establezimenduak irekitzea, horien artean industrialak, merkataritzakoak, profesionalak eta elkarteetakoak izanda.
u) Lurralde- edo hirigintza-plangintzaren bidez babestuta dauden zuhaitzak eta zuhaixka-landaretza moztea. Halaber, babestu gabeko mozketek ere lizentzia beharko dute baldin eta, moztu edo bakandu beharreko zuhaitz- edo zuhaixka-masa handiagatik, mendi-bideen eta herri-bideen erabileran eragina izateko modukoak badira.
v) Presak edo putzuak eraikitzea; ibilgu publikoak eta bide publiko nahiz pribatuak babesteko edo zuzentzeko obrak; eta, oro har, lurraldearen itxurari eragiten dion edozein obra edo erabilera.
w) Lurzoru urbanizaezinean, Lurzoru eta Hirigintzaren Legean araututako eraikuntzak bideratzea.
x) Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnek adierazitako beste edozein ekintza; eta, oro har, artikulu honetan aurreikusitakoen antzeko lanak dakartzaten jarduketak edo lurpearen, lurzoruaren edo lurgainaren erabilerak.
Aurreko zerrenda erabat osoa ez denez, orokorrean hor jasotakaren pareko izan daitekeen beste edozein ekintzak ere lizentzia beharko du.
Urbanizazio-obrek —oso zein zatikakoek— eta goiko hizkietan aurreikusitako ekintza guztiek ez dute lizentziaren beharrik izango baldin eta urbanizazio-proiektu baten barruan badaude, eta proiektu hori legez eta indarrean dagoen Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak ezarritakoaren arabera onartu bada.
20. artikulua.- Lizentzien sailkapena, tramitazioaren arabera
Lizentzia-eskaeretan eta lizentzia emateko prozeduretan zein agiri aurkeztu behar diren arautzeko asmoz, lizentzien arteko honako sailkapena ezarri da:
a) Lursailak zatitzetko, banatzeko, partzelatzeko edo bateratzeko lizentziak.
b) Edozein motatako lur-mugimenduak, azterketa geoteknikorako katak eta lan arkeologikoak egiteko lizentziak.
c) Urbanizazioko elementuak eta azpiegitura-instalazioak egiteko obra-lizentziak.
d) Eraikinak edo instalazioak eraitsi edo botatzeko lizentziak.
e) Edozein motatako eraikinak eta instalazioak eraiki, handitu edo berritzeko lizentziak.
f) Obra txikiak deitzen direnen lizentziak; horien artean honakoak:
- Eraiki gabeko lurzoru publiko nahiz pribatuan egin beharreko obrak, hala nola, ibiak, urbanizazioko elementu puntualak —eraikinetarako hartune berriak, adibidez—, olanak jartzea edo beste antzeko batzuk.
- Eraikuntza-lan osagarriak, hala nola, hesiak, aldamioak eta lanetarako behin-behineko barrakoiak eta etxolak jartzea.
- Eraikuntzak edo instalazioak konpondu, aldatu edo txukuntzeko obra txikiak.
- Lokalak eta etxebizitzak barrutik egokitzeko obrak, baldin eta ez badiote eragiten eraikinen eraketa arkitektonikoari, egitura-elementuei, oinarrizko instalazioei, fatxadei edo estalkiari.
- Errotuloak eta publizitate-elementuak jartzea.
- Finkak ixteko behin betiko itxitura edo hesiak jartzea.
g) Behin-behineko obra eta erabileretarako lizentziak.
h) Lurzoru urbanizaezineko lizentziak.
i) Eraikin eta instalazioen lehen erabilpen eta okupaziorako lizentzia.
j) Industria-, merkataritza- eta hirugarren sektoreko jarduerak jarri eta irekitzeko lizentziak.
k) Jarduerak martxan jartzeko lizenziak.
21. artikulua.- Lizentzia-eskaeren eduki orokorra
Lizentzia-eskaera Alkateari zuzenduko zaio eta, interesatuak edo legezko ordezkariak sinatuta, Udal Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da. Bertan, honako datuak agertuko dira:
- Pertsona fisikoa denean, interesdunaren izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia eta nortasun agiri nazionaleko datuak. Pertsona juridikoa denean, sozietatearen izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
- Beste pertsona fisiko nahiz juridikoa ordezkari denean, interesdunaren izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia eta nortasun-agiri nazionaleko datuak, eta sinatzaileak zer dela eta aurkezten duen eskaria.
- Lizentzia-eskaeraren xedea.
- Eskaerari erantsi beharreko agiriak, lizentziaren izaera kontuan hartuta eta hurrengo artikuluetan xedatzen denaren arabera.
- Eskaeran bertan aurkeztu diren agirien zerrenda jasoko da.
Dokumentazio tekniko guztia teknikari gaituek sinatuta eta dagokien Elkargo Profesionalak bisatuta egongo dira, eta eskari bakoitzeko hiru ale oso-osorik aurkeztu beharko dira.
Edozein kasutan ere, aurkeztutako agiriak begiratu ondoren, Udalak egoki iritzitako beste agiri osagarriak eskatu ahal izango ditu eskaeraren xedea hobeto interpretatu edo ulertzeko asmoz, eta bestela ere, beste agiriren batzuk aurkeztetik salbuetsi dezake egoera bereziren batengatik beharrezkoa ez denean.
22. artikulua.- Lizentzia-mota bakoitzerako aurkeztu beharreko dokumentazio berezia
Aurreko artikuluan zehaztu eta eskatzen den beharrezko dokumentazio orokorraz gain, lizentzia-eskaerekin batera dokumentazio berezia ere aurkeztu beharko da, lizentziaren xedea zein jarduketa den kontuan hartuta.
Eskaera berean mota ezberdinetako lizentziak eskatuz gero, mota bakoitzari dagokion dokumentazio berezia aurkeztu beharko da.
1.-Lursailak zatitzeko, banatzeko, partzelatzeko edo bateratzeko lizentziak:
Lizentzia-eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Finka guztien deskribapenak: hasierako finkarena; zatiketa, banaketa edo partzelazioaren ondoriozko finkenak; eta baita, hainbat finka bateratu badira, ondoriozko finkarena ere.
b) Planoak, honako xehetasunekin:
- Lurzoru urbanizaezinaren jarduketetan, finkaren edo finken kokapen-planoa, 1:5.000 eskalan.
- Hiri-lurzoruko edo lurzoru urbanizagarriko jarduketetan, finkaren edo finken kokapen-planoa ere 1:5.000 eskalan, eta finken planoak 1:500 eskalan. Zatikako plangintza egina baldin badago eta horretako plano partzelarioak eskala zehatzago batean eginda badaude, aipatzen ari garen jarduketak egiteko aurkeztu beharreko planoak zatikako plangintza horretako dokumentuaren jatorrizko plano partzelarioen kopiak izan beharko dira.
c) Jabetza-Erregistroko ziurtagiria, eragindako finken jabariaren egoera jasoz.
2.-Edozein motatako lur-mugimenduetarako lizentziak:
Lizentzia-eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Teknikari gaituak idatzitako proiektua; hala ere, eginbeharreko obrak garrantzi txikikoak direla eta Udalak hori irizten dion kasuetan, ez da proiekturik aurkeztu behar izango. Proiektu teknikoak honako dokumentuak izango ditu bere baitan:
- Memoria deskribatzailea: aurreikusitako obrak, horien exekuzio-programa, obretan hartu beharreko babes-neurrien programa, bide eta ubide publikoak eta finka mugakideak.
-
Planoak:
- Kokapen-planoa: lur urbanizaezinean 1:5.000 eskalakoa, eta hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian 1:2.000 eskalakoa.
- Hasierako egoeraren plano topografikoa: lurzoru urbanizaezinean, gutxienez 1:1.000 eskalan; lurzoru urbanoan eta urbanizagarrian, gutxienez 1:500 eskalan.
- Bukaerako egoeraren plano topografikoa, eskala berdinetan.
- Lurren mugimenduaren bolumena jakiteko behar beste profil —hasierako eta bukaerako egoerak gainjarrita—.
- Xehetasun-planoak.
- Baldintza tekniko eta ekonomiko-administratiboen plegua.
- Aurreikusitako lanen kostuaren aurrekontu osoa, horien barne etekin industriala, gastu orokorrak eta teknikarien ordainsariak.
b) Kasuen arabera, jarduketarako lurzoruaren azterketa geoteknikoa exijitu ahal izango du Udalak.
c) Teknikari gaitu baten izendapena, obra- zuzendaritza eta lanak era egokian egiteko kontrola eramateko.
d) Indusketa arkeologikoak egiteko, bai proiektua idazterakoan, bai obrak zuzentzerakoan, indusketaren xedeko gaian gaitasuna duen teknikari batek derrigorrez hartu beharko du parte.
3.-Urbanizazio-lanak edo azpiegitura-instalazioak egiteko obra-lizentziak:
Lizentzia-eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Teknikari gaituak idatzitako proiektua. Proiektu horrek, gutxienez, honako dokumentuak izango ditu bere baitan:
- Memoria deskribatzailea eta proiektu hau indarreko araudira egokitzen deneko justifikatzailea.
-
Planoak:
- Kokapen-planoak: lur urbanizaezinean gutxienez 1:5.000 eskalakoak, eta hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian 1:2.000 eskalakoak.
- Hasierako egoera azaltzeko informazio-planoak, argibide topografikoekin; gainera, bertako instalazioen egoera jasoko dute, bai jarduketaren xede diren instalazioen egoera, bai obrek eragin ditzaketen beste instalazioen egoera.
- Proiektu-planoak: azpiegitura-sareak azaltzen dituztenak, gutxienez, 1:500 eskalan; eta instalazioetako eta zoladurako xehetasunak azaltzeko behar direnak, gutxienez, 1:25 eskalan.
- Obren eta zerbitzuen baldintza tekniko eta ekonomiko-administratiboen plegua.
- Aurreikusitako lanen kostuaren aurrekontu osoa, horren barne etekin industriala, gastu orokorrak eta teknikarien ordainsariak direla.
b) Kasuen arabera, jarduketarako lurzoruaren azterketa geoteknikoa exijitu ahal izango du Udalak.
c) Teknikari gaitu bat izendatzea, obra-zuzendaritza eramateko eta lanak era egokian egingo direla kontrolatzeko.
d) Azterketa arkeologikoa beharrezkoa izango da Plan Orokor honen Katalogo-agiriak ezartzen dituen eremu eta guneetan egingo diren jarduketa guztietarako.
4.-Eraitsi eta botatzeko obra-lizentziak:
Lizentzia-eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Teknikari gaituak idatzitako proiektua. Proiektu horrek, gutxienez, honako dokumentuak izan beharko ditu:
- Memoria: Bertan xehetasunez azalduko dira zein den eraikinaren sistema eraikitzailea, zein prozedura erabiliko den eraikina botatzeko eta nola egingo diren eraispen-lan horiek. Argazki-bilduma bat ere aurkeztu beharko da, koloretan, eraikinaren kanpoaldea islatuz eta baita barruan izan ditzakeen elementu aipagarriak azalduz ere.
-
Planoak:
- Kokapen-planoa, 1:2.000 eskalan.
- Solairu guztien planoak, gutxienez 1:100 eskalan.
- Fatxada guztien planoak, gutxienez 1:100 eskalan.
- Sekzio-planoak, botako den eraikina interpretatu ahal izateko adina, gutxienez 1:100 eskalan.
- Baldintza-plegua; eta bertan zehaztuta egon beharko da zein segurtasun-neurri hartu dira eta zein segurtasun-arau beteko dira, bai obraren beraren, bai bide publikoaren, bai mugakide diren eraikinen edo finken gainean.
- Aurreikusitako kostu osoaren aurrekontua, horren barne etekin industriala, gastu orokorrak eta teknikarien ordainsariak egonda.
b) Teknikari gaitu bat izendatzea, eraispen- edo botatze-lanen zuzendaritzaz arduratzeko.
c) Azterketa arkeologikoa beharrezkoa izango da Plan Orokor honen Katalogo-agiriak ezartzen dituen eremu eta guneetan egingo diren jarduketa guztietarako.
5.-Edozein motatako eraikinak eta instalazioak eraiki, handitu edo berritzeko obra-lizentziak.
Lizentzia-eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Teknikari gaituak sinatutako proiektua. Proiektua oinarrizkoa edo exekuziokoa izan daiteke. Oinarrizko proiektua aurkezten bada, ondoren exekuzio-proiektua aurkeztu beharko da —kasu guztietan obrak hasi aurretik egiten den Zuinketa-Akta gauzatu baino lehen—. Proiektuek, gutxienez, dokumentu hauek izango dituzte beren baitan:
- Memoria deskribatzailea —premien programa eta emandako konponbidea azaltzeko— eta justifikatzailea — zuriketa edo justifikazio urbanistikoa azaltzeko, espresuki adieraziz jardun nahi den orube, partzela edo eraikinetarako Plan Orokor honek ezarri dituen xedapenak betetzen dituela, eta baita —egonez gero— zatikako plangintzako dokumentuenak ere. Halaber justifikatuko da Eraikuntzaren Kode Teknikoaren xedapenak eta bete beharreko gainontzeko Oinarrizko Arauak eta Jarraibideak ere betetzen dituela. Plan Orokor honen Katalogo-agirian —edo etorkizunean onar daitekeen beste zerrenda batean— jasotzen da balio historiko eta artistikoa duten Ondasun Higiezinen zerrenda; horrenbestez, horietako batean jarduketaren bat egin behar bada, proiektuaren memorian berariaz azaldu behar da egoera hori.
-
Planoak:
- Kokapen-planoa, gutxienez 1.2000 eskalan; horretarako, derrigorrez, Udalaren oinarrizko planoa hartu beharko da erreferentziatzat.
- Ezarpen-planoa, hau da, orubearen edo lursailaren planoa, lizentzia eskatzen den eguneraino gaurkotuta, mugak jasota eta gertuko nahiz mugakide diren bideak, partzelak eta eraikinak azalduta. Plano honetan ere jasoko dira partzelan egon daitezkeen zuhaiztiak eta dauden zerbitzu eta azpiegiturak. Plano horiek zehazteko gutxieneko eskalak 1:200 edo 1:500 izango dira, partzelaren ezaugarrien arabera.
- Antolamenduko planoa, hau da, partzela gainean ezarri diren eraikinena; bertan adieraziko dira: eraikinaren neurriak, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbideak eta, horrela badagokio, eraiki gabe geldituko diren lurren tratamendua, hau da, espazio libre, bide, espaloi, patio, lorategi, eta abarren tratamendua; horietaz gain, zehatz-mehatz adieraziko dira eraikuntzaren behe solairuko sestrak, kanpoko bideekin alderatuta. Plano horretan espresuki adieraziko da Plan Orokor honetan eta —egonez gero— zatikako plangintzako dokumentuetan jasotzen den ordenazio edo antolamendua. Plano hori zehazteko gutxieneko eskalak 1:200 edo 1:500 izango dira, partzelaren ezaugarrien arabera.
- Jarduketa-xede den partzelako lurzoruaren jabarien planoa; bertan garbi zehaztuko dira lurzoru pribatua, erabilera publikoko zortasunak dituen lurzoru pribatua eta lurzoru publikoa, lurzoru-mota bakoitzak dituen azalera-neurriak zenbakituta. Plano horretan espresuki adieraziko dira Plan Orokor honetan eta —egonez gero— zatikako edo kudeaketako plangintzako dokumentuetan jasotzen diren lurzoruaren jabariak. Plano hori zehazteko gutxieneko eskalak 1:200 edo 1:500 izango dira, partzelaren ezaugarrien arabera.
- Solairu guztien zehaztapen-planoak, behar bezala kotatuak eta dagozkien azalera erabilgarri eta eraikiak jasota; altxaeren eta sekzioen planoak, behar bezala kotatuak, bide publikoa jasota eta oinarrizko proiektuetan dagoeneko proiektatutako eraikin guztia zuzen eta osotasunean interpretatzeko moduan eginak. Zehaztapeneko gutxieneko eskala 1:100 izango da. Beheko solairuetan eremu publikoetarako edo bideetarako fatxadak zehazteko orduan, gainontzeko solairuetan erabili den zehaztapen-maila berberaz zehaztuko dira; bertan mantendu beharreko elementu finkoak eta aurreikusitako baoak adierazi beharko dira; eta bao horiek, kasu guztietan, goiko solairuetako baoekin harmonikoki bateratuta antolatu beharko dira.
- Exekuzio-proiektuek honakoak azaltzen dituzten plano oso-osoak izan beharko dituzte: egitura, instalazioak —espresuki adierazita non kokatzen diren gorako eta beherako hodi-zutabeak—, eraikuntza-sekzioak —beheko solairuen zehaztapena barne—, arotzeriaren xehetasunak eta beharrezko beste xehetasunak. Gutxieneko zehaztapen-eskala 1:100 izango da, kasu hauetan izan ezik: eraikuntza-sekzioetan gutxieneko eskala 1:25 izango da, eta arotziaren xehetasunetan eta beste batzuetan gutxienekoa 1:50 izango da.
- Exekuzio-proiektuek, halaber, beste plano bat edo plano batzuk izan beharko dituzte zerbitzu eta instalazio guztien hartuneak zehazteko, lehendik dauden sare eta zerbitzuekin lotzen diren tokira arte; eta horietaz gain, eraikineko instalazioak zuzen ibiliko direla bermatzeko egin beharko liratekeen obra guztiak ere espresuki adierazi beharko dira. Gutxieneko eskala 1:200 edo 1:500, antolamenduko planoaren arabera.
- Baldintza teknikoen, administratiboen eta ekonomikoen plegua, exekuzio-proiektuan.
- Aurrekontua, partidatan banakatua. Partida bakoitzak bere neurketa eta unitateko prezioa izango du banaka. Bukaeran, kostu osoaren amaiera-laburpena jasoko da, eta horren barnean egongo dira etekin industriala, gastu orokorrak eta obran nahiz exekuzio-proiektuan parte hartzen duten teknikarien ordainsariak. Oinarrizko proiektuetan nahikoa izango da amaiera-laburpen osoa jasotzea, partida bakoitza banakatu beharik gabe.
b)Eraikitze-, handitze- edo berritze-obrak egiterakoan, horiekin batera urbanizazio-obra osagarriak egin behar badira, horien zehaztapena exekuzio-proiektuan sartu beharko da, aurrez ezarritako zehaztapen-mailarekin eta bere memoria, plano, baldintza-plegu eta aurrekontuarekin.
c)Azterketa arkeologikoa beharrezkoa izango da Plan Orokor honen Katalogo-agiriak ezartzen dituen eremu eta guneetan egingo diren jarduketa guztietarako.
d)Teknikari gaituak izendatzea, eraikuntzako eta urbanizazioko obra-zuzendaritzaz arduratzeko.
e)Partzelan eraikitzeagatik, lursail batzuk jabari publikorako emateko Udalaren aldeko lagapena egin behar denean, eraikuntza-lizentzia eskatzerakoan, aldi berean, lursail horiek banatzeko lizentzia ere eskatu beharko da, hau da, hasierako partzelaren baitan dauden lursailetatik, Plan Orokor honek edo garapeneko dokumentu partzialek ezarritakoaren bitartez jabari publikorako diren lursailak banatzeko lizentzia. Eskaera horrekin batera, banatzeko lizentzia-eskaerei buruzko puntuan zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.
6.-Obra txikiak deitzen direnen lizentziak:
Obra txikietarako lizentzia-eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a)Kokapen-planoa; gutxieneko eskala 1:2000 izango da, eta oinarrizko plano gisa eskala bereko Udalarena erabiliko da.
b)Aurrekontua, partidaka banatua. Partida bakoitzak bere neurketa eta unitateko prezioa izango du banaka. Bukaeran, kostu osoaren amaiera-laburpena jasoko da, eta horren barnean egongo dira etekin industriala, gastu orokorrak eta, horrela badagokio, obran parte hartu dezaketen teknikarien ordainsariak.
c)Lokalak eta etxebizitzak egokitzeko obra-eskaeretan, teknikari gaituak idatzitako proiektua aurkeztu beharko da. Proiektuak aurreko puntuan eraikitze-, handitze- edo berritze-proiektuetarako adierazi den zehaztapen-maila berbera izan beharko du, baina, hala ere, aurreikusitako lanen garrantziari egokituko zaio. Halaber, obra-zuzendaritzaz arduratuko diren teknikari gaituen izendapena aurkeztu beharko da. Proiektu guzti hauetan, eta jarduketaren xede diren eraikinei dagokienez, beti jaso beharko da zein den eraikinaren egoera urbanistikoa eta ea sartuta dagoen Plan Orokorraren Katalogoan, balio historiko-artistikoa duten Ondasun Higiezinen zerrendan. Behe solairuko lokalak egokitzerakoan, obra-proiektuaren barruan lokal-egokitzapeneko eraikinaren fatxada guztien plano bat sartu beharko da, eta horri gainjarriko zaizkio lokalerako aurreikusitako fatxadak eta horien aurreko egoeraren argazkiak; argazkietan gutxienez behe solairua eta gaineko bi solairu agertu beharko dira.
d) Errotuluak eta publizitate-elementuak jartzeko lizentzia-eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
- Memoria, eskaeraren xedea xehe azalduta.
- Zehaztapen-planoak behar besteko eskalan, edo beste edozein motatako argidideak, errotuluaren edo publizitate-elementuaren neurriak eta ezaugarriak zehatz-mehatz jakin ahal izateko.
- Fatxadaren planoa, gutxienez 1:100 eskalan, edo elementua jarri nahi den lursailaren planoa, aurreikusitako tokia zehatz-mehatz adieraziz.
- Fatxadaren edo lursailaren argazkia.
- Aurrekontua, partidaka banakatua. Partida bakoitzak bere neurketa eta unitateko prezioa izango du banaka. Bukaeran, kostu osoaren amaiera-laburpena jasoko da, eta horren barnean egongo dira etekin industriala, gastu orokorrak eta —horrela badagokio— parte hartu duten teknikarien ordainsariak.
- Errotulua edo publizitate-elementua jarri ahal izateko, eraikin edo lursailaren jabe(ar)en idatzizko baimena.
e)Finkak mugatzeko hesiak edo itxiturak jartzeko eskaeretan, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
- Hesitu nahi den finkaren kokapen-planoa; hiri-lurzoruan bada gutxienez 1:2.000 eskalan, eta lurzoru urbanizaezinean bada gutxienez 1:5.000 eskalan.
- Zehaztapen-planoak behar besteko eskalan, edo beste edozein motatako argibideak, zein itxitura- edo hesi-mota den zehatz-mehatz jakin ahal izateko.
- Aurrekontua, partidaka banatua. Partida bakoitzak bere neurketa eta unitateko prezioa izango du banaka. Bukaeran laburpena jasoko da, eta bertan sartuko dira etekin industriala eta gastu orokorrak.
7.-Behin-behineko obra eta erabileretarako lizentziak (Lurzoru eta Hirigintzaren Legeko 37. artikulua).
Lurzoru eta Hirigintzaren Legeko 37. artikuluan zehazten diren behin-behineko obra eta erabileretarako lizentziak eskatzerakoan, eskaera eta proiektu teknikoarekin batera, honako konpromiso idatzi hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzaileak agiri idatzi baten bitartez konpromiso hau hartu beharko du: Udalak errekeritzen dionean, lizentziaren xede diren erabilerak bertan behera utziko dituela, baimendu nahi diren obrak botako dituela eta instalazioak desmuntatuko dituela; eta eginbehar horiek guztiak bere kontura egingo dituela, inongo kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.
b) Baimendu diren obra, instalazio eta jardueren gaineko eskubideak bereganatu dituztenei konpromiso horiek jakinaraztea.
c) Berme nahikoa ezarriko da, inoiz botatze- edo desmuntatze-obrak egin beharrekotan, egingo direla ziurtatzeko. Behin-behineko edozein erabileratarako udal baimena eman ahal izateko, jendaurreko erakustaldiaren izapidea bete beharko da, gutxienez hogei eguneko epez. Baimena prekarioan ematen dela ulertuko da, eta bere eragina galduko du —inongo aurretiko entzunaldi-izapiderik behar gabe— baimendutako erabilerak bertan behera uzteko, obrak botatzeko eta instalazioak desmuntatzeko errekerimendua egiten duenean Udalak.
8.-Lurzoru urbanizaezineko lizentziak:
Lizentzia-eskaerarekin batera, eta kasu bakoitzean ezarri nahi den jarduera, instalazio edo obraren arabera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a)Kokapen-planoa: obra, instalazioa edo jarduera non ezarriko den adierazita 1:5.000 eskalan.
b)Partzel(ar)en planoa: Obra, instalazio edo jarduerak eragiten duen partzelaren edo partzelen planoa, gutxienez 1:1.000 eskalan; ez bada, kasu berezietan, lursailen neurriengatik edo ezaugarriengatik, Udalak espresuki beste eskala batzuk erabiltzea baimendu duela. Informazio hori osatzeko, honakoak aurkeztu beharko dira:
- Partzelari edo partzelei buruzko Katastroko eta Jabetza-Erregistroko erreferentzia, partzela bakoitzaren azalera adierazita eta mugakideak deskribatuta.
- Bertan dauden eraikin guzti-guztiak irudikatu beharko dira, muga guztietaraino eta ibai-ibilguetaraino daukaten distantzia adierazita, eta eraikinek dituzten azpiegitura eta zerbitzu guztiak adierazita.
- Partzeletara sartzeko dauden bide publikoak ere irudikatu beharko dira.
- Bertan dagoen zuhaitz- eta zuhaixka-landaretzari buruzko informazioa.
c)Obra, instalazio edo jardueraren proiektuak; horietan, kasuan kasu, obren edo obra txikien lizentzia-eskaerei buruzko puntuetan azaldu duguna bete beharko da
d)Mota guztietako obra- eta instalazio-proiektuen barruan, ingurumen-eragina neurtzeko azterketak indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera txertatu beharko dira.
e)Onura publikoko edo gizarte-intereseko erabilera izango duten eraikinak edo instalazioak egiteko, lizentzia eskatzerakoan, lurzoru urbanizaezinean jartzeko premia eta egokitasuna justifikatu beharko dira.
9.-Eraikinen edo instalazioen lehen erabilpen edo okupaziorako lizentziak.
Lizentzia-eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a)Obra-bukaerako ziurtagiria, obretako teknikari zuzendariek sinatuta eta dagozkien Elkargo Profesionaletan bisatuta.
b)Behin betiko plano eguneratuak, obraren bukaerako egoera islatuko dutenak.
c)Behin betiko planoak, egokitutako eraikin, instalazio edo lokalen azpiegitura eta zerbitzu guztietako hartuneak islatuz. Plano horiekin batera, urbanizazioko plano eguneratuak aurkeztuko dira, baldin eta eraikuntzarekin batera urbanizazioko obra osagarriak egin badira.
d)Fatxada guztiak islatzeko argazkiak; eraikin edo instalazio berrikoak nahiz, lokal-egokitzapenen kasuetan, lokalekoak.
e)Hiri-lurren Kontribuzioan alta eman delako agiriaren kopia, behar bezala izapidetuta.
f)Bukaerako kitapena, obra eta instalazioen behin betiko kostua adierazita, obra-zuzendariak sinatuta eta dagokion Elkargo Profesionalak bisatuta. Horretaz gain, udal-tasa eta zergak behin betiko kitatzeko, honako kontzeptuen zenbatekoa ere aurkeztu beharko da: etekin industriala, gastu orokorrak, eta obran parte hartu duten teknikarien ordainsariak.
g)Obra berriaren deklarazio-eskrituraren kopia baimendua; bertan, zerrenda batean, zortasunak dituzten finkak jaso beharko dira, nahiz eta zortasun horiek erabilera publikorako izan nahiz beste mota batekoak izan.
10.-Industriako, merkataritzako eta hirugarren sektoreko jarduerak irekitzeko lizentziak:
Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen Erregelamenduari erantsitako Izendegian agertzen diren jarduerak eta horien pareko izan daitezkeenak dira lizentzia hauen xede.
Lizentziak eskatzerakoan, ordenantza hauetako 18. artikuluan jasotzen den dokumentazioaz gain, proiektua ere aurkeztu beharko da (lau ale). Proiektuak, tekinari gaituak sinatuta eta dagokion Elkargo Profesionalak bisatuta egoteaz gain, gutxienez, honako dokumentuak izan beharko ditu:
a)Memoria teknikoa. Hor jaso beharrekoak dira:
- Jardueraren helbide Industriala eta soziala.
- Jardueraren definizioa, sailkapen dezimal nagusia eta bigarren mailakoa, eta kategoria.
- Eraikinaren edo lokalaren ezaugarriak, honakoak adierazita: kokapena, sarbideak, barne-komunikazioa, azalerak, altuerak, aireztapenak, etab.
- Lehengaien eta tarteko produktuen zerrenda osatua.
- Jarduera garatzeko aurreikusten diren eta beharrezkoak diren makinen zerrenda.
- Prozesu industrialaren deskribapen xehatua.
- Inguruan sor daitezkeen eraginak adieraztea, eta horiek maila onargarrietaraino murriztea bermatu dezaketen neurri zuzentzaileak zehatz-mehatz deskribatzea.
- Plantilla osatzen duten langileen zerrenda.
- Inguruko mugakideen izenen zerrenda.
b)Planoak:
- Partzela, eraikin edo lokalaren kokapen-planoa; gutxienez 1:2.000 eskalan, eta Udalaren plano ofiziala oinarri hartuta.
- Ezarpenaren planoa edo —garatu beharreko jarduera lokal batera mugatzen ez denean— partzelaren planoa. Bertan adierazi beharko dira: bide publikoetatik egiteko aurreikusten diren sarbideak, eraikinak betetzen duen azaleratik patioak edo gune libreak izango direnak, biltegia, maniobretarako gunea, aparkalekuak, etab. kokatzeko. Gutxieneko eskala 1:500 izango da.
- Solairuen, altxaeren eta sekzioen planoak; eraikina edo lokala eta jarduera beraren instalazioak era osatuan ulertzeko behar adina. 1:100 edo 1:500 eskalan marratuko dira, kasuan kasu.
c) Aurrekontua, partidaka banatuta. Partida bakoitzak bere neurketa eta unitateko prezioa izango du. Bukaerako laburpena ere jasoko da, eta kontzeptu hauek bertan sartuko dira: etekin industriala, gastu orokorrak eta teknikari arduradunen ordainsariak. Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen Erregelamenduak arautzen ez dituen jarduerak ireki edo ezartzeko, jarduera martxan jartzeko lizentzia-eskaera bakarrik gauzatu beharko da, hurrengo puntuan azaltzen den moduan; baina beharrezkoak izan daitezkeen gainontzeko baimenak —hala nola, eraikina edo lokala egokitzeko obra-baimenak— aparte lortu beharko dira.
11.- Jarduerak martxan jartzeko lizentziak:
Jarduera garatzeko eraikin edo lokalean egokitze-lanak bukatu ondoren, eta bai proiektuan aurreikusitako neurri zuzentzaileak bai jardueraren tramitazio-prozesuan ezarritakoak ere bete ondoren, jarduera martxan jartzeko lizentzia eskatuko da honako dokumentazio osagarriarekin batera:
a) Jarduera Ekonomikoen Lizentziaren gaineko zergan, edo legez ordeztu dezakeen beste antzeko batean, alta emanda dagoela egiaztatzeko kopia.
b)Lokalaren jabetza-eskrituraren kopia, edo errenta-kontratuarena.
12.- Eguzki-energiaren jasotze-sistemak ezartzeko lizentziak:
Eguzki-energia jasotzeko edozein sistema instalatu edo ezarri aurretik —edozein dela ere horren mota eta potentzia—, jarduera eta obraren udal lizentzia lortu beharko da. Jasotze-sistemak instalatzeko obra zibilak oso-osorik bete beharko du araudi orokor aplikagarria, bai arlo-mailakoa, baiudaleko hirigintza-mailakoa.
Lizentzia lortu ahal izateko aurkeztu beharko den dokumentazioa ezberdina izango da jardueraren sailkapenaren arabera, hau da, jarduera kaltegabea, salbuetsia edo sailkatua bada.
a) Jarduera kaltegabeak: Lizentzia-eskaerarekin batera, honakoak aurkeztu behar dira: kokapen zehatzaren planoak (udalaren topografiaren gainean); instalazioari buruzko memoria deskribatzailea, baimendutako instalatzaile batek sinatuta; eta instalatuko den potentziaren kalkulua, instalazioen plano edo eskemak eta aurrekontua.
Jardueraren zehaztapen teknikoez gain, informazio xehatua ere eman beharko da puntu hauei buruz: eguzki-kaptadoreak instalatzeko proposatzen diren aukerak; estalkiko edo fatxadetako kokaleku zehatza; ainguratzeko edo eusteko irtenbide teknikoak; eta instalazioa exekutatu ondoren eraikuntzak izango duen bukaerako ikuspegia planoetan grafikoki islatzea, behar besteko xehetasunez eta eskala egokiaz. Horiekin batera aurkeztu beharko dira, batetik, teknikari gaituak sinatutako ziurtagiria, instalazioa jasaten duen egiturak —indarreko araudiaren arabera— hari eusteko duen gaitasuna egiaztatzeko; eta bestetik, lan-arriskuen prebentzioaren alorreko legedia betetzeko dagokion azterketa.
b)Jarduera salbuetsiak eta sailkatuak: Horietarako, eskariaz gain, proiektu tekniko osatua aurkeztu beharko da, teknikari gaituak idatzita eta dagokion Elkargo Ofizialak bisatuta. Proiektu horiek, jardueraren zehaztapen teknikoez gain, puntu hauei buruz ere informazio xehatua eman beharko dute: eguzki-kaptadoreak instalatzeko proposatzen diren aukerak; estalkiko edo fatxadetako kokaleku zehatza; ainguratzeko edo eusteko irtenbide teknikoak; eta instalazioa exekutatu ondoren eraikuntzak izango duen bukaerako ikuspegia planoetan grafikoki islatzea, behar besteko xehetasunez eta eskala egokiaz. Instalazio fotoboltaikoa 100 KW-etik gorakoa bada, aurretik esandakoez gain, Ingurumen-Inpaktuaren Banakako Ebaluazioaren espedientea bideratu eta horren egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Instalazioa bukatutakoan, jarduerari ekiteko lizentzia lortu ahal izateko, hiru kasuetan (jarduera kaltegabea, salbuetsia edo sailkatua) eta espediente bakoitzari dagokion dokumentazio orokorraz gain, instalazioaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, baimendutako instalatzaile batek sinatuta.
Halaber, instalazioaren xedea diru-ustiapena bada, energia elektrikoaren enpresa banatzaileak eta Industriako Lurralde Ordezkaritzak eman beharreko baimenak eta oniritziak aurkeztu beharko dira.
23. artikulua.- Lizentziak emateko eskumena (Lurzoru eta Hirigintzaren Legeko 209. artikulua):
Hirigintza-lizentziak emateko eskumena udalei dagokie, eta toki araubidearen legediaren arabera ezarritako udal organoaren bitartez egingo dute.
24. artikulua.- Udal lizentziak emateko prozedura:
Lizentzia-eskaera guztien gainean txosten teknikoa eta juridikoa egingo dira. Txosten horietan jasoko da ea aurkeztutako dokumentazioak indarreko xedapenak betetzen dituen, eta ea eskaera horren xedea bat datorren udalerriko lurzoruaren eta eraikinen erabilera arautzen duten aurreikuspen eta xedapenekin, araudi hauei jarraituz: indarreko Lurzoru eta Hirigintzaren Legea; Plan orokorra; egonez gero, Antolamendu Xehatuko Plangintza; eta indarrean dauden gainontzeko Ordenantzak.
Lizentziak ematerakoan prozedura berezi hauek aipatuko ditugu:
a) Lizentziak Euskal Kultura-Ondareko ondasun higiezinetan: Plan Orokorreko Katalogoan jasotzen diren balio historiko eta artistikoa duten ondasun higiezinetan zerbait egin nahi bada, horretarako lizentziak ematerakoan VI. TITULUAN datorren tramitazioa bete beharko da, katalogatutako elemento bakoitzari ematen zaion babes-mailaren arabera.
b) Nekazaritza-ustiapenerako eraikinen lizentziak: Nekazaritza-Ustiapenerako diren eraikinen lizentziak emateko, aurrez, ustiapenaren bideragarritasunari buruz Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza Departamentuak emandako aldeko txostena beharko da.
c) Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen Erregelamenduari erantsitako Izendegian agertzen diren jarduerak ezartzeko eta irekitzeko lizentziak:
Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen espedienteak bideratzeko, une bakoitzean aplikagarri den indarreko araudiak ezartzen duen prozedura erabiliko da.
Lizentziak tramitatzerakoan, aipatutako prozedura partikularrak burutu ondoren, eta eman diren txosten tekniko eta juridikoetan oinarrituta, Bergarako Udalak baimendu edo ezeztu egingo du eskatutako lizentzia; edozein kasutan ere, erabaki hori arrazoitua izan beharko da.
Inoiz ere ezingo dira eskuratu, ezta aldeko isiltasun administratiboaren bidez ere, hirigintzako antolamenduarekin eta indarreko legediarekin bat ez datozen ahalmenak edo eskubideak.
Lizentziak, kasu guztietan, jabetza eskubidea errespetatzekotan eta beste inori kalterik ez egitekotan emango dira.
Lizentzia-eskaera baten berariazko ebazpena jakinarazteko epea, gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da, eskaera aurkeztu zenetik kontatzen hasita.
25. artikulua.- Lizentzien titularitatea eta eskualdaketa:
Lizentzia baten titulartzat hartzen da lizentzia eskatu duena, bai berak zuzenean eskatu duenean, bai beste batek ordezkatu duenean.
Lizentziaren titularrak lizentzian aurreikusitakoak burutu ahal izango ditu, eta bera izango da burutze hori ezarritako baldintzetan egitearen erantzule. Lizentzia emateagatik sortutako zergak eta tasak ordaintzearen erantzule ere bera izango da.
Lizentzien titularitatea eskualdagarria da. Kontrakorik hitzartzen ez bada, eskualdaketa horrekin batera dagokion lurzoruaren azalera edo eraikuntza ere eskualdatzen dela ulertzen da.
Eskualdaketa-emaileak eta –hartzaileak, idatziz, Udalari jakinarazi behar diote eskualdaketa.
Edozein motatako eraikuntza-lizentzien eskualdaketak badira, idatziarekin batera alde biek sinatutako akta bat aurkeztu beharko da. Akta horretan jasoko da eskualdaketa gertatzen den unean obraren egoera zein den; horrela, titular bakoitzak izan ditzakeen erantzukizunak mugatu ahal izango dira.
Horrelako aktarik ez balego, bien arteko erantzukizun solidarioa izango da.
26. artikulua.- Lizentziak burutzeko baldintzak eta epeak. Luzapenak:
a)Lizentzien baldintzak:
Lizentzia batzuek (lur-mugimenduak, urbanizazio-lanak, eraikinak eta instalazioak botatzea, edozein motatako eraikuntza-obrak, baita obra tixikiak ere, eta irekitzeko lizentziak) euren baitan hainbat baldintza izan ditzakete: proiektatutako obren edukia aldatzea, lurzoruaren urbanizazioa eta lagapenak egiteko betebeharrak, epeak, edo udalaren eskumenekoak diren beste alderdi batzuk. Baldintza horien bitartez lizentzia ezeztu beharrean eman ahal bada, baldintzak ezarri beharko dizkio eta lizentzia eman.
b) Lizentzien epeak ezartzea:
Indarrean dagoen Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak 215. artikuluan esaten duena kontuan hartuta, lizentzia guztiek ezarriko dituzte bere xedapenen artean obra hasteko epea, obra burutzeko gehieneko epea eta sustatzaileari lepora dakizkiokeen arrazoiengatik izan dezakeen gehieneko etenaldia.
Lizentzia bakoitzerako zehaztu beharreko epe orokorrak ezartzeko, berrikusten ari garen Arau Subsidiarioetan jasotako berberak mantentzen dira, hau da, lizentzia behar duen edozein motatako obra zeharo bukatzeko, 24 hilabete; gehieneko etenaldia, 12 hilabete; eta gehieneko luzapena ere, 12 hilabete. Obren hasiera hasiera-akta sinatutakoan gauzatuko da, eta hori gehienez ere sei hilabeteko epean egin beharko da, lizentzia emateko erabakia jasotzen denetik kontatzen hasita.
c) Luzapenak:
Ezarritako gehieneko sei hilabeteko epe horren barruan, lizentziaren titularrak obrak hasteko epearen luzapena eskatu ahal izango du.
Udalak luzapena baimendu ahal izango du baldin eta ez bada aldatu lizentzia hori eman zenean indarrean zegoen hirigintza-araubidea, edo ez bada erabaki lizentziak etenda gelditzen direla lizentzia horri dagokion orube edo lokaleko area edo sektorean.
Luzapena bakarra eta berriztuezina izango da. Halaber, Udalak oraingoan ere exijitu ahal izango dio dagozkion tasak ordaintzea, lehen lizentzia ematerakoan ordaindutakoez aparte.
Lizentzian ezarritako exekuzio-epeak ez badira betetzen, epe horren barruan luzapena eskatu beharko da.
Luzapena baimentzen bada, eta hasierako lizentzia eman ondoren araudi urbanistikoan nahiz teknikoan aldaketarik onartu bada, obra edo instalazioa derrigorrez egokitu beharko da aldaketa horietara.
Luzapena baimenduz gero, horri dagokion tasa-ordainketa berria exijitu ahal izango du Udalak.
Luzapenaren epealdia Udalak finkatuko du kasuan kasu.
Luzapena bakarra eta luzaezina izango da.
27. artikulua.- Lizentzien bitartez emandako eskubideak iraungitzea:
Obra edo instalazioak burutzeko lizentziak eta jarduerak irekitzeko lizentziak honako kasuetan iraungiko dira eta, beraz, eraginik gabe eta kalteordain-eskubiderik gabe geldituko dira:
- Titularrak lizentziari uko egiten badio, eta hori Udalari zuzendutako idatzi baten bitartez jakinarazten badu.
- Lizentzia deuseztatuta gelditzen bada honako arrazoiengatik: titularrak lizentzian ezarritako baldintzak ez dituelako bete; tasak eta zergak ez dituelako ordaindu jakinarazpen-idatzian adierazitako egunetan; edo eraikuntza-aldian, lizentzia-xede zen proiektuari jarraitu gabe, indarreko hirigintza-araudiaren kontra joan delako.
- Lizentzia iraungita gelditzen bada honako arrazoiengatik: obrak hasteko edo bukatzeko epeak amaitu direlako; epe horietarako eman zitezkeen luzapenak amaitu direlako; edo obrak hasi ondoren, etenda izan dituztelako kasuan kasurako ezarritako etenaldia baino denbora luzeagoan edo, etenaldirik ezarri gabe egonez gero, se hilabete baino gehiago.
Kasu guztietan, Udalak jakinarazi egin beharko dio eskatzaileari baimendutako lizentziaren iraungipena.
28. artikulua.- Lizentzia-mota bakoitzak eragina izateko baldintza bereziak, betebeharrak eta bermeak:
Emandako lizentzia-mota guztiek eragina izan dezaten, honako baldintza bereziak, betebeharrak eta bermeak bete beharko dira:
a) Finkak zatitzeko, banatzeko, partzelatzeko edo bateratzeko lizentziak:
Lizentzia horiek eragina izango dute lizentzia-xede den eskrituraren kopia baimendua —Jabetza-Erregistroan inskribatu delako frogagiriarekin batera— aurkeztutakoan, baldin eta derrigorrezko udal-tasak eta zergak ordaindu badira.
b) 19. artikuluan b), c), d), e), f) eta h) puntuetan jasotako edozein obra-motatako lizentziak:
Puntu horietan dauden obretarako lizentziek ez dute eraginik izango ez badituzte betetzen honako baldintza bereziak, betebeharrak eta bermeak:
- Lizentzia bat oinarrizko proiektu baten gainean ematen bada, lizentziaren eragina baldintzatuta geldituko da exekuzio-proiektua aurkeztu arte.
- Lizentzia batean, obrak hasi aurretik bete beharreko baldintzak ezarri badira, lizentziak ez du eraginik izango ezarritako baldintzak betetzen ez diren bitartean.
- Aurkeztu egin beharko da obra-zuzendaritzaz arduratuko diren teknikari gaituen izendapena, dagokien Elkargo Profesionalean bisatuta.
- Udal-tasa eta zergak ordaindu beharko dira.
- Ezarriko diren kopuruetako abalak eta bermeak aurkeztu beharko dira, finketan edo partzeletan egiten diren eraikuntza-lanetan urbanizazioko obrak burutuko direla bermatzeko, baldin eta urbanizazioko karga horiek ez badaude jasota Jabetza-Erregistroan, finka edo partzela horien inskripzioan.
- Ezarriko diren kopuruetako abalak, beste berme-motak edo fidantzak aurkeztu beharko dira, obrak egiteagatik bide publikoetan edo instalazioetan eragin daitezkeen kalteen aurrean erantzuteko.
-
Eraikinak eta instalazioak eraikitzeko, handitzeko eta berritzeko lizentzietan, zuinketa-akta sinatu beharko da. Hori egiteko, honako izapide eta betebeharrak beteko dira:
- Lizentziaren titularrak idatzizko eskaera aurkeztuko du, gutxienez zortzi eguneko aurrerapenez, proiektatuta duen eraikinaren edo eraikuntzen zuinketa egiazta dezaten Udal Zerbitzu Teknikoek. Egiaztapen horretara derrigorrez bertaratu beharko dira obretako zuzendari teknikoa(k).
- Zuinketa izango da lizentziaren xede diren eraikuntzen perimetroa lurgainera eramatea, sokak jarriz eta oinarrizko lerrokadurak eta sestrak markatuz; eta eskaerarekin batera aurkeztu behar den “Ezarpen eta Zuinketa planoari” jarraituz egin beharko da.
- Zuinketa hau lizentziaren baldintzetara zuzen egokitzeko zailtasunak egonez gero, udal teknikoak erakabiko du zuinketan zein aldaketa egin beharko den.
- Bertan izandako gorabeheren akta jasoko da; egoki iritziz gero, lizentzia-titularrak edo obra-zuzendariak/-ek udal teknikariarekin izan dezaketen desadostasuna ere jaso dezakete, eta dagozkion alegazioak erantsi. Aktarekin batera “Ezarpen eta Zuinketa planoaren” lau kopia joan behar dira: bat Udalarentzat; beste bat lizentzia-titularrarentzat; eta beste biak obra-zuzendarientzat. Beharrezko zuzenketak egin ondoren (horrelakorik balego), bertaratutako den-denek sinatu beharko dituzte kopia guztiak eta akta.
- Lizentzia-titularrak edo obra-zuzendariak/-ek dagokion aktan jaso badute udal teknikariak ezarritako zuinketarekin ez daudela ados, lizentzia eman duen organoak edo —hori ezean— Alkateak horri buruzko behin betiko irtenbidea erabakiko du gehienez ere zortzi eguneko epean; eta bestela, ulertuko da aktan jasotako alegazioak ez direla onartu.
- Edozein motatako lur-mugimenduen lizentzietan, urbanizazioko eta instalazioetako obra-lizentzietan, eraispen edo botatze-lizentzietan eta obra txikietan, duten garrantziagatik beharrezkoa irizten bazaio, egin behar diren obrak hasi aurretik udal-teknikoak/-ek behin ikuskatzearekin nahikoa izango da, horrela egiazta dezan ba ote dagoen oztoporik obrak zuzen burutzea eragotzi edo ezinezko bihur dezakeenik.
c) Behin-behineko obra eta erabileretarako lizentziak:
Aurreko puntuan adierazi diren obren kategorien araberako baldintzez gain, behin behineko obra eta erabileretarako lizentziek ez dute eraginik izango eta, beraz, obra edo erabilera horiek ezingo dira hasi, Jabetza-Erregistroan inskribatu direla justifikatu arte eta, inskripzio horrekin batera, interesatuak obra edo erabileraren behin-behinekotasuna onartu arte, konpromisoa hartu beharko duelarik, halaber, eraikuntza bota edo erabilera bertan behera uzteko, Udalak errekeritzen dionean, kalteordain-eskubiderik gabe. Era berean, garaia heltzen denean botatze-lanak egingo direla ziurtatzeko moduko bermea ezarri beharko du.
d) Lizentziak lurzoru urbanizaezinean:
Lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko obren lizentziek eragina izan dezaten, artikulu honetako b) puntuan ezarritakoa bete beharko da. Urbanizazio-obrak burutzeko eta pistak eta bideak eraikitzeko, b) puntuan bertan jasotako betebeharrak ere bete beharko dira.
Asentamendu ez-iraunkorrak instalatzeko eta mozketak eta entresakak egiteko —Ordenantza hauen 16. artikuluak ezarritakoaren arabera baimena eskatu behar den kasuetan—, ez da proiekturik aurkeztu beharko baina, horren ordez, kasu bakoitzerako honako hauek bai: memoria bat, nahi diren obrak edo jarduketak azaltzeko; asentamenduen instalazioen kostuaren aurrekontua; mozketa eta entresaka jarduketetan, moztuko diren zuhaitz kopuruen zerrenda, espezieak eta dituzten urteak zehaztuz; eta, kasu guztietan, 1:5.000 eskalako planoa, jarduketa zein lursailetan egingo den azaltzeko eta mozketa- eta entresaka-lanek eragingo dituzten pista eta bide publikoak islatzeko.
Asentamendu ez-iraunkorrak desagertutakoan lursailak hasierako egoerara itzuliko direla bermatzeko, eta mozketa- eta entresaka-lanetan eragindako errepideak, pistak, bideak eta instalazioak ere berreskuratzeko, abal edo fidantza bat ezarri beharko da esku-dirutan. Abal edo fidantzaren zenbatekoa kasuan kasu finkatuko da jarduketaren kategoriaren arabera.
29. artikulua.- Lehen Erabilpeneko lizentziak:
Edozein motatako eraikuntza-obretarako lizentzien titularrek, obra txikikoenek barne, derrigorrez eskatu beharko dute lehen erabilpeneko baimena, eraikinak eta lokalak aurreikusitako helburuetarako erabili ahal izan baino lehen.
Lehen erabilpeneko lizentzia lortzea nahitaezko baldintza izango da eraikina hiri-zerbitzuko sareetara lotzeko, hala nola, ur-, argindar-, telefono- eta gas-horniketarako; horregatik, Udalak edo enpresa hornitzaileek alta ukatu egin beharko diote baldintza hori betetzen ez duenari.
Lehen Erabilpeneko lizentziak eragina izateko, honako izapideak bete beharko dira:
- Egiaztatu egin beharko da beharrezko dokumentazioa osatuta dagoela eta bat datorrela lizentzia-xede den proiektuarekin eta lizentzian ezarritako baldintzekin.
- Udal Zerbitzu Teknikoek ikuskapen-bisita egingo dute eraikinera, edozein motatako obratara edo instalaziotara, egiaztatu ahal izateko obra guztiak bukatu direla eta aurkeztu den dokumentazioarekin zein lizentziaren baldintzekin bat datozela.
- Euren baitan urbanizazio-lanak dituzten jarduketetan, udal teknikariek egiaztatu egingo dute: edozein motatako trinkotze- eta zolatze-lanak egoki bukatu direla, azpiegitura- eta zerbitzu-instalazio guztiak zuzen dabiltzala —kasuan kasu egiaztapenak egiteko bitarteko egokiak erabiliz, lizentzia-titularraren kontura—, berdeguneak ondo bukatu direla eta landaketak zein hiri-altzariak egokiak direla.
- Lehen Erabilpeneko lizentzia emandakoan eta, horrela badagokio, urbanizazioa jasotakoan, lizentzia-titularrak ezarritako abal eta fidantzak itzultzea eskatuko du. Jabari publikorako lursailetako urbanizazio-obrak direnean eta, abal edo fidantza bat exijitu bada, kasu guztietan, obrak zuzen burutu direla eta eragindako kalteak konpondu direla egiaztatu ondoren, obrak behin-behinerako jasoko dira, eta ezarritako abal eta fidantzak itzuliko dira kopuru bat izan ezik; obren zenbatekoaren ehuneko seia obrak behin betiko jasotzen direnean itzuliko da, hau da, behin-behinerako jaso direnetik urtebetera.
- Lizentzia-titularrak ez baditu burutu eraikuntza-lizentziaren barnekoak ala osagarriak diren urbanizazio-lanak, edo ez baditu konpondu bide eta gune publikoetan zein instalazioetan eragin diren kalteak, eta ohartarazpen-epeak amaitu badira, Udalak abalak eta fidantzak erabiliko ditu obrak zuzen bukatzeko.
- Inoiz ere ezingo da eman Lehen Erabilpeneko lizentzia baldintzatu bat. Horregatik, Zerbitzu Teknikoen derrigorrezko txostenetan ohartaraziko balitz lehen ezarritako betebeharren bat ez dela betetzen —dela aurkeztutako dokumentazioari buruzkoa, dela eraikuntza- edo urbanizaio-lanen exekuzioari buruzkoa—, berariaz ukatu egin beharko da lizentzia, edo bestela, prozedura eten, ohartarazitako hutsuneak eskatzaileari jakinarazi eta zuzentzeko epe bat eman beharko zaio.
30. artikulua.- Jarduera martxan jartzeko lizenziak:
Tipifikatutako jardueretako lizentzien titularrek derrigorrez eskatu behar dute jarduera martxan jartzeko lizentzia, eraikinak eta lokalak aurreikusitako helburuetarako erabili ahal izan baino lehen.
Lizentzia hau lortzea nahitaezko baldintza izango da eraikina hiri-zerbitzuko sareetara lotzeko, hala nola, ur-, argindar-, telefono- eta gas-horniketarako; horregatik, Udalak edo enpresa hornitzaileek alta ukatu egin beharko diote baldintza hori betetzen ez duenari.
Jarduera bat martxan jartzeko lizentzia eskatutakoan, Udal Zerbitzu Teknikoek egiaztatu egingo dute lizentzia eskatzeko aurkeztu den dokumentazioa egokia ote den, obrak eta instalazioak zuzen burutu ote diren, eta neurri zuzentzaileak ere (bai jarduera-proiektuaren barruko neurriak, baitramitazio-prozesuan ezarritakoak) behar bezala bete ote diren.
Instalazio edo prozesu batzuen zailtasunaren aurrean, instalazio eta prozesuetan adituak diren beste enpresen laguntza eskatu ahal izango du Udalak.
Zerbitzu Teknikoek emandako txostenak aldekoak izanez gero, jarduera martxan jartzeko lizentzia emango da.
Lehen Erabilpeneko lizentziak bezala, lizentzia hauek ere ezingo dira izan baldintzatuak.
31. artikulua.- Tasak eta zergak ordaintzea:
Lizentzien tasen eta zergen zenbatekoa Udal Ordenantza Fiskaletan finkatuko da.
Lizentziak ematearekin bat egingo da tasen eta zergen kitapena.
Edozein motatako obra egiteko lizentzietan, tasen eta zergen kitapena behin-behinekoa izango da; eta Lehen Erabilpeneko lizentzia edo Jarduera Martxan Jartzeko lizentzia ematerakoan, obretako kostu osoaren gaineko behin betiko kitapena egingo da.
32. artikulua.- Obrak egiterakoan bete beharrekoak:
Obrak egiten diren bitartean honakoak bete beharko dira:
- Obraren eraginez, kamioiak espaloitik sartu behar badira, dagokion ibia eskatu eta eraiki beharko da.
- Dauden ibiak, hesiak eta segurtasunerako gainontzeko elementuak egoera onean gorde beharko dira. Hesiak aldizka margotzea agindu ahal izango da, duintasunezko egoeran izan daitezen.
- Obrak egiterakoan edo hesiak jartzerakoan bide publikoak edo espaloiak okupatzen diren kasu guztietan, ibilgailuak eta oinezkoak pasatzeko beste aukera batzuk gertatu beharko dira, Udal Zerbitzu Teknikoekin adostuta.
- Bete egin beharko dira gai hauei buruz ezarrita dauden arauak: zama-lanetarako ordutegia, garbiketa, zangak ireki eta betetzea, bide publikotik hondakin eta materialak erretiratzea, eta aplikagarri diren hiri-gizabiderako gainontzeko xedapenak.
- Obra-hondakinak botatzeko, fatxadan jarritako hodi edo toberak erabiliko dira; eta hondakinok bide publikoan pilatzeko, Udalak berariaz baimendutako obra-kontainerrak erabiliko dira.
Obra-hondakinen garraioa udal-agintariek arautu ahal izango dute eta, edozein kasutan ere, hondakinak baimendutako zabortegietara bota beharko dira.
33. artikulua.- Teknikari zuzendariek uko egitea eta berriak izendatzea, edozein motatako obra edo instalazioa eraikitzerakoan.
Plan Orokor honetan aurreikusten denaren arabera obra edo instalazio batean derrigorrez parte hartu beharreko teknikari batek —edozein dela ere arrazoia— uko egiten badio ardurari, Udal Administrazioari jakinarazi beharko zaio hirurogeita hamabi orduko epe barruan, idatzi baten bitartez. Idatzia dagokion Elkargo Profesionalak behar bezala bisatuta egongo da eta, bertan, uko egitearen arrazoia azalduko da.
Sustatzaileak obrak eten egin beharko ditu zuzendari berriaren izendapena Udalari jakinarazten ez dion bitartean.
Salbuetsita daude bakar-bakarrik, eta, beraz, ez dira etengo, segurtasuna bermatzeko beharrezko eta ezinbesteko obrak.
34. artikulua.- Obra- eta instalazio-proiektuen aldaketak
Obrak dirauen bitartean, beharrezkoa edo komenigarria balitz proiektuan aldaketaren bat egitea, bereizi beharko da ea aldaketak funtsezkoak diren edo, bestela, xehetasunezko, egiturazko, instalazioetako edo abarreko aldaketa xumeak diren eta, ondorioz, lizentzia-xede zen hasierako proiektuan jasotako ezaugarri nagusiak edo erabilerak bere hartan matentzen diren.
Lehen kasuan, dagokion lizentzia-aldaketa eskatu beharko da eta, lehenengo lizentzia izango balitz aurkeztu beharko litzatekeen dokumentazio bera aurkeztu eta izapide berak jarraituko dira.
Aurkeztu behar den dokumentazioan, kasu guztietan, aldaketaren xedea garbi aipatuko da, eta aldatu nahi den hasierako proiektuaren dokumentazioa aurkeztu beharko da.
Bigarren kasuan, hau da, hasierako proiektua nabarmen aldatzen ez duten aldaketak direnean, lanek aurrera egin ahal izango dute, eta sartu diren aldaketak ondoren justifikatuko dira, bai Lehen Erabilpeneko lizentzia eskatzerakoan, bai lokala, eraikina edo instalazioa Martxan Jartzeko lizentzia eskatzerakoan.
Jabari publikora doazen bide, pasealeku, espazio libre edo azpiegituretako urbanizazioko obretan, hasierako proiektua aldatu nahi bada, Udalari berariazko baimena eskatu beharko zaio edozein aldaketaren aurretik.
35. artikulua.- Obrak ikuskatzea
Lizentziaren menpe dagoen edozein motatako obra edo instalazio egiten ari den bitartean, Udal ikuskatzaileek eta Udal Zerbitzu Teknikoek obrak nola doazen egiaztatu ahal izango dute, eurek egoki irizten dioten guztietan edo eskumena duen agintariak horrela erabakitzen duenean.
Ikuskapenak hainbat ekintza hartuko ditu bere baitan, udal tekinariaren iritziz egiaztapena egiteko beharrezkoak diren beste.
Lizentziaren titularra, edo horren ordezkaria, eta obren zuzendari fakultatiboa derrigorrez joan beharko dira ikuskapenetara gonbidatzen dituztenean, eta, era berean, derrigorrez utzi beharko diete udal tenikari ikuskatzaileei finkara sartzen.
Eraikuntza-obra guztietan, oin berrikoa izan nahiz handitze-lana izan, lizentziaren baldintzetan ezar daitezkeen obra-fase bakoitza noiz bukatzen den jakinarazi beharko zaio Udalari.
Jakinarazpen horien ondoren, udal teknikariek egoki iritzitako behar beste egiaztapen egin ahal izango dituzte, eta egindako bisitaren akta jasoko dute.
Obrak dirauen bitartean egiten diren ikuskapen- edo egiaztapen-bisitetan, edozeinetan funtsezko aldaketak antzemango balira lizentzia-xedea den proiektuarekin alderatuta, obrak berehala gelditzeko aginduko da eta, kasu bakoitzean, indarreko Lurzoru eta Hirigintzako Legearen VI. tituluko III., IV. eta V. kapituluetan ezarritakoaren arabera jokatuko da.