69. artikulua.- Aplikatzeko baldintzak:

Zerbitzuak hartzerakoan errespetatu behar diren baldintza hauek aplikatu egin beharko dira bizitegi-gune eraiki berrietan dauden eta bizitegi-erabilera nagusia duten eraikin guzti-guztietan, eta horretaz gain, lehendik dauden eraikinetan ere errespetatu beharko dira baldin eta baldintzek eragindako elementuetan egokitze- edo birgaitze-lanak egiten badira.

Halaber, bizitegi-erabilera nagusia ez duten beste gune batzuetan bizitegi-eraikinak kokatu ahal badira, horietan ere aplikatu beharko dira.

70. artikulua.- Edateko ura hartzea:

Eraikin guztiek izan beharko dute edateko ur-zerbitzua, etxebizitza-erabilerak dakartzan beharrei aurre egiteko behar besteko dotazioarekin.

Hori kalkulatzeko, honakoa hartzen da gutxieneko dotazioatzat: 460 litro, biztanleko eta eguneko.

Edateko uraren sareak hauek hornituko ditu: bainugela eta komunetako ontzi sanitarioak, eta sukalde eta garbiketa-geletan harraskak eta ura behar duten etxetresna elektrikoak.

Ur-kontagailuak kokatzeko, lokal edo armairu bat eduki beharko da, kasuan kasu, eta kanpoko espazio publikotik edota eraikinaren elementu komun batetik zuzenean sartzeko modukoa izan beharko da. Eraikin bateko kontagailuak bakar-bakarrik eraikin bereko etxebizitzetarako izango dira, edo etxebizitzetarako eta eraikinean beste erabilera batzuk dituzten gainontzeko lokaletarako. Lokal edo armairu horrek gutxieneko neurri batzuk izan beharko ditu, zerbitzuaren ardura duten Udal Zerbitzu Teknikoek finkatutako araudi berezian zehaztutakoa.

Gorako hodi-zutabeak, kasu guztietan, eraikinaren barrualdean edo haiek instalatzeko egokitu diren patioetan jarriko dira, inoiz ere ez fatxadetan.

71. artikulua.- Ur beroko dotazioa:

Eraikin guztiek izan beharko dute ur beroko instalazioa, bainugeletan eta komunetan pertsonen garbiketarako diren ontzi sanitarioentzat eta sukaldeetan harraskentzat. Eraikinak ura berotzeko beharrezko aparatuak izan beharko ditu, nahiz banakakoak nahiz eraikin osorako sistema zentralizatua.

72. artikulua.- Energia elektrikoko dotazioa:

Eraikin guztiek izan beharko dute energia elektrikorako barruko instalazioa, nahiz horniketa-sare orokorrari lotua, nahiz energia elektrikoa sortzeko norberaren sistema bati lotua.

Eraikinetan, behe tentsioko instalazioak egiteko, Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa onartzen duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege-Dekretuak ezarritakoa bete beharko da.

73. artikulua.- Gas energetikoko dotazioa:

Energia-iturri gisa gasa jasotzen duten eraikinek instalazio horretarako ezarritako araudi berezia errespetatu beharko dute, bai biltegiratzeko instalazioetan —gas propano edo antzekoak direnean— eta baita sare orokorretatik edo euren gas-biltegietatik eraikinetarako eta eraikin bakoitzeko etxebizitzetarako harguneetan ere.

Biltegiratzeko deposituak, kasu guztietan, hornitzen duten eraikinari lotutako eta jabetza pribatuko partzeletan kokatu beharko dira. Behar bezala babestuta egon beharko dira eta, lurgainean kokatzen badira, elementu berdeekin edo antzekoekin inguratu beharko dira, kanpoko espazio publikoetatik ez ikusteko moduan.

Udalerriko gas-instalazioetan, bi jarduketa-mota bereizten dira:

a)Eraikin berrietako instalazioak: Eraikin berrietan, kontagailuak zentralizatzeko gelak edo armairuak aurreikusiko dira. Horietarako sarbidea kanpoko espazio publikoetatik edo eraikinaren elementu komunetakoren batetik izan beharko da.

Horietan, gorako hodi-zutabeak inoiz ere ezingo dira agerian kokatu fatxadatik zehar, ez espazio libreetara begira, ezta etxadi-patioetara begira ere, ez bada kanpotik bertara ezin dela sartu edo ezin dela ikusi.

Fatxadatik zehar jarri ahal izango dira, alabaina, baldin eta ezkutatzen badira saretaz itxitako patio moduko txiki-txikietan, esekilekuetan —hemen ere saretaz itxita— edo —fatxadatik zehar derrigorrez joan behar badira— fatxadaren baitako elementu apaingarrietan sartuta edo gordeta.

Kasu guztietan, exekuzio-proiektuetan jaso beharko da horiek instalatzeko aurreikusten den irtenbide arkitektonikoa.

b)Lehendik dauden eraikinetako instalazioak: Lehendiko eraikinetan instalazio berriak egiterakoan, beste irtenbiderik ez badago eta fatxadatik derrigorrez jarri behar badira, instalazio-eskaerarekin batera aurkeztu egin beharko dira instalazioak eragingo dituen eraikineko fatxaden edo elementuen xehetasun-planoak edo behar beste argazki. Plano edo argazki horietan argi azaldu beharko da bai instalazioen bideak nondik nora doazen, baipresio-murriztaileak eta kontagailuak gordetzeko armairuak non kokatuko diren.

Eraikin bakoitzeko kontagailu-armairu bat egongo da, ez bada kasu berezietan, hala nola, ilaran atxikitako familia bakarreko etxebizitzen kasuan edo beste antzeko batzuetan. Etxebizitzak hornitzeko, gorako hodi-zutabeek fatxadan ahalik eta ibilbide txikiena egingo dute, eta fatxada osoan ongi antolatu beharko dira.

Balio historiko-artistikoa izateagatik Ondasun Higiezinen Katalogoan sartutako eraikinen kasuan, edozein dela ere horien kategoria, mantendu beharreko elementuak dituzten fatxada noble edo nagusietan eraikina gasez hornitzeko enbor nagusia besterik ezingo da jarri, eta hori fatxada osoan behar bezala antolatuta joan beharko da. Ez da onartuko gorako hodi-zutabeak etxebizitza bakoitzeraino jartzea, ez bada salbuespen gisa, beste modutan jartzerik ez dagoela justifikatu ondoren.

74. artikulua.- Erregai solidoak eta likidoak:

Erregai solidoak eta likidoak biltegiratzeko instalazioek kasu bakoitzerako indarrean dagoen araudi bereziari jarraitu beharko diote. Erregai solidoak eraikinen barrualdean biltegiratuko dira kasu guztietan. Erregai likidoak, berriz, kanpoaldean biltegiratzea pentsatzen bada, lurpean kokatuko dira hornitzen duten eraikinari lotutako partzeletan.

75. artikulua.- Telekomunikaziorako harguneak:

Eraikinetarako hargune guztiek nahiz barrualdeko instalazio guztiek otsailaren 27ko 1/1997 Errege Lege-Dekretua bete beharko dute, Telekomunikazio-Zerbitzuak eskuratzeko Eraikinen Azpiegitura Bateratuei buruzkoa, hain zuzen ere. Eraikin berri bat egiteko edo lehendik dagoenen bat birgaitzeko exekuzio-proiektuarekin batera, horri dagokion telekomunikazio-proiektu bereiztua aurkeztu beharko da.

Etxebizitza-multzoko eraikin guztietan, atezain automatikoko barruko sarea instalatuko da, ataritik etxebizitza bakoitzerainoko konexioa eginez.

76. artikulua.- Posta-zerbitzuetako dotazioa:

Eraikin guztiek posta jasotzeko buzoiak izango dituzte postariak erraz sartzeko moduko tokian.

77. artikulua.- Urak hustea:

Eraikin berri guztietan urak husteko sarea bereizlea izango da, baita kolektore bateratura baldin badoaz ere.

Horrelako kasuetan, barruko sareak kolektorearekin lotzeko bi hodi erabiliko dira, bat euri-uretarako eta bestea ur zikinetarako; eta hodi biak kolektoreari arketa bakar baten bidez lotu ahal izango zaizkio. Arketa hori betiere eraikinetik kanpo egon behar da.

Garajeko lokaletan jar daitezkeen hustubideak, kasu guztietan, ur zikinetako sarera lotuko dira eta, beharrezkoa balitz, lokatza eta koipea bereizteko sistemak izango dituzte.

Eraikin berriren baten kokapenagatik, barruko saneamendu-sarea udal-kolektoreari lotzea ezinezkoa balitz, eraikin berri horrek behar duen besteko arazketa-sistema eraiki beharko da. Kasu guztietan, sistema hori justifikatu egin beharko da dagozkion exekuzio-proiektuetan.

Ahal izanez gero, zerbitzua ematen zaion eraikinarekin lotutako lurzoru pribatuan kokatuko da; eta horren mantenimendua eraikinaren jabeei egokituko zaie.

78. artikulua.- Keak eta gasak hustea:

Galdarek sortutako keen eta gasen irtenbideak inoiz ere ezingo dira jarri zuzenean eraikinen fatxadetara edo patio komunetara begira, ezta irtenbide horiek behin-behinekoak izanda ere.

Hodiak ez dira agerian joango kanpoaldeko fatxadetatik zehar, edo kanpoaldetik sarbidea duten etxadiko patioetatik zehar; eta gutxienez 6 metroko inguruan dituzten estalkietatik, altuenetik 1,00 metro gora altxatu beharko dira gutxienez.

Hirigintza