Udalerrien eginkizuna (50. artikulua):

LZP planak lortu nahi duen hiri bateratuaren kontzeptua abiapuntu izanik, plan horretan Bergarako udalerria “Burutza” deitzen duenaren baitan kokatzen da.

Birsortu beharreko eremuak (51. artikulua):

LZP planak hirigune finkatuetan hiri arloko birsorkuntza-mota bi ezarri ditu: birgaikuntza (horretan, Bergarako Hirigune Historikoa sartzen du), eta hiri-eraldaketa (Bergaran, Algodonera-San Antonio eremua zehaztu du).

Plan Orokorrak Hirigune Historikoa mugarritzerakoan, 96/2003 Dekretuan jasotako eremua hartu du; izan ere, apirilaren 29ko 96/2003 Dekretu horren bidez Bergarako Hirigune Historikoa Kultura-Ondasun izendatu zuten, Monumentu Multzoko kategoriaz. Eta Plan Orokorrak, eremua mugarritzeaz gain, bera garatu ahal izateko Plan Berezi bat onartu beharko dela ezarri du.

Hiri-eraldaketako eremuei dagokienez, Plan Orokorraren helburua ez da bakarrik Algodonera eremua, baizik eta bere onera ekartzeko beharrean dauden beste bi gune ere: batetik, dagoeneko itxita dagoen Movilla industriak Urteaga kalean betetzen zituen lursailak; eta bestetik, gaur egun udalerriko beste toki batera joanda dagoen Tornillería Deba S.A.L. industriak San Lorentzo inguruan betetzen zituenak. Hiri-berroneratzeko jarduketa horietan, hiruretan, bizitegi-erabilera proposatzen da; horrela, eremuok garatu ondoren, Bergaran bizitegi-lurzoruko beharrak berez asetuko dira.

Kutsatutako lurzoruen tratamendua (52. artikulua):

LZP planak xedatzen duenari jarraituz, Plan Orokorrak kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen informazio grafikoa jaso du, horretarako “EAEko Lurzoruan Kutsagarriak izan daitezkeen Jardueren Kokapenen Inbentarioa” oinarritzat hartuta. Hiri-lurzoruko area guztien Hirigintza-Fitxa bakoitzean ere jasotzen denez, inbentario horretan dauden lursailetan dagozkien azterketak nahitaez egin beharko dira.

Hiri-eremu garatuetan, garapen berriko lehentasunezko eremuetan eta hiri-garapenik gabeko korridoreetan aplikatu beharreko araubideak (53, 54 eta 55. artikuluak):

Lurraldearen Zatiko Planak, aipatutako artikuluetan, eremu ezberdin horietan aplikatu beharreko araubideak jasotzen ditu. Eta LZP planaren 4 zk.ko planoan kokatu egiten dira eremuok.

Plan Orokorrak LZP planaren irizpideak garatu egiten ditu, hainbat zehaztapen eta definizio gehituz:

  • Hiri-eremu garatuak: Dokumentu bien planoetan erabilitako eskalak ezberdinak izan direnez hainbat egokitzapen egin behar izan badira ere, LZP planeko hirigune finkatuak jaso dira Plan Orokorrean, eta baita landa-kokaleku barreiatuak ere.
  • Garapen berriko lehentasunezko eremuak: Plan Orokorrean jaso egin da Algodonerako goi dentsitateko bizitegi-garapena, baina, aldi berean, Agirre auzoan aurreikusitako dentsitate ertaineko garapena asko murriztu da. Lehen esan dugun bezala, aurreikusten diren hiri-eraldaketako jarduketak nahikoa izango dira hurrengo zortzi urteetan Bergarako etxebizitza-beharrak ia zeharo asetzeko. Horrenbestez, Plan Orokorrak Agirre auzoan sektore txiki bat baino ez du mugarritu, S-4b izenekoa; eta gainera, sektore hori aldameneko S-4a sektorean garatuko den eskola-erabilerarekin lotuta egongo da.

Plan Orokorrak proposatzen duenaren arabera, landa-kokaleku barreiatuetan —Osintxu, Angiozar eta Uberan, hain zuzen ere— dagozkion neurriak hartuko dira kokapen horiek finkatu ahal izateko. Horretarako, bizitegi-eremu txiki batzuk mugarritu dira, bertakoek bertan bizi izaten jarraitu nahi dutelako aurkeztu dituzten eskariei erantzunez.

Jarduera ekonomikoetarako garapen berrien artean, LZP planak honakoak proposatzen ditu: San Juan —gaur egun gauzatzen ari da— eta Kukubaso —garraiorako eremu logistikoaren dotazio-garapenari lotuta—. Lehen esan dugun bezala, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Garraio-Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planak ez du jasotzen Elorregin logistika-eremuren bat egokitzeari buruzko inongo aipamenik; are gehiago, Deba bailarari eta Arabako Lautadari zerbitzua emateko Araba Erdialdea-Deba izeneko eremua proposatzen du. Kukubason mugarritutako eremuaren edukiera Plan Orokorrak ia erdira murriztu du; hala ere, inguru hori arautzen duen Hirigintza-Fitxak Garraiorako Zerbitzu-zentroa instalatzea aurreikusten du.

  • Hiri-garapenik gabeko korridoreak: 55. artikuluak honela definitzen ditu hiri-garapenik gabeko korridoreak: "Lurzoru-kategoria honetan funtsezko helburua izango da lurzoruen kokapenaren,balio paisajistikoen eta lurralde-ereduan integratzeko baldintzen ondoriozko ezaugarri bereziak babestea.” LZP planaren 4 zk.ko planoan identifikatzen dira; eta bertan, hainbat korridore-mota proposatzen dira, jasaten duten presio handiagoaren edo txikiagoaren arabera.

A motako hiri-garapenik gabeko korridore hauek zehazten ditu Bergaran:

  • Deba ibaiaren korridorea, Epele eta Elorregi artean.
  • Deba ibaiaren korridorea, Elorregi eta Zaldumendi artean.
  • Angiozarko korridorea, Angiozar eta San Martzial artean.
  • Deskargako korridorea, Antzuola eta Bergara artean.
  • Uberako korridorea, Ubera eta San Juan artean.
  • Deba ibaiaren korridorea, Osintxu eta Soraluze artean.

B motako hiri-garapenik gabeko korridore hauek zehazten ditu Bergaran:

  • Epeleko korridorea, oso-osorik.
  • Angiozarko korridorea, oso-osorik.
  • Gorlako korridorea, Elosua eta Bergara artean.

Erreserba espazialak: etorkizuneko azpiegituretarako erreserbatzen diren lurraldeak dira. LZP planak, Bergaran, honakoa identifikatzen du: GI-2632 korridorea, Ubera eta Elgeta artean.

Identifikatutako eremu horiek guztiak Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu dira, zehazki errepideen eta ibilgu publikoen babesgune gisa. Plan Orokorrean, 2 eta 3 zk.ko multzoetako planoetan agertzen dira mugarrituta, babestu behar duten elementuaren araberako zabalerak hartuz.

Horietaz gain, LZP planaren 55. artikuluan eta 4 zk.ko planoan agertzen den bezala, Mekolalde inguruan, GI-627 Bergara (Narbaiza) korridorea Erreserbatutako Espazio gisa identifikatzen da. Erreserbatutako Espazioak etorkizuneko garapenetarako erreserbatutako lurrak dira, eta Plan horrek ez du horietarako kalifikazio berezirik definitzen. LZP planaren Memoriak honela deskribatzen du: “erabilera zehaztu gabeko beste espazio-erreserba gisa”; eta aurrerago sailkapena justifikatzeko honela dio: “Espazio lau bakarra denez gero, garrantzi handikoa da eta etorkizunera begira izan ditzakeen aukerak aztertu beharko dira.”

Deba ibaiarekiko paraleloan doan lur-zerrenda bat da; Lazpiur S.A. industriaren pabiloiak bukatzen diren tokian hasten da, eta Soraluce Koop. industriak 1996an (indarreko Planeamenduko Arau Subsidiarioak onartu aurretik) Osintxu auzoan zituen pabiloietara arte luzatzen da. Alabaina, LZP planari ahaztu egin zaio inguru honetako hainbat lurzatik hiri-lurzoruko sailkapena eta industria-kalifikazioa dituztela, hala nola, Arau Subsidiarioetako A-43 eta A-44 areek. Dena den, LZP planean bertan, INFORMAZIO-PLANOETAKO 4 zk.ko planoan, hor bai agertzen dira grafikoki bi eremu horiek, dagozkien sailkapen eta kalifikazioarekin. Plano berean, oinarrizko azpiegitura den Mekolaldeko Hondakin-Uren Araztegia ere azaltzen da, eta indarreko Planeamenduko Arau Subsidiarioetan jasotzen den mugapenarekin. Baina ez dira azaltzen ezta Soraluce S.Coop. industriak A-44 arean eraikitako pabiloi berriak ere.

LZP plana onartu zenean, A-44 arearako Barne Erreformarako Plan Berezia behin betiko onartuta zegoen (2003ko abenduaren 22a) eta gauzatzen ari ziren: pabiloi berri batzuk ordurako eraikita zeuden, eta Deba ibaiaren gainetik bertara sartzeko zubi berria eraikitzen ari ziren. Areako lursail asko —eta bertako eraikin berri-berriak— LZP planak erreserbatutako eremuaren barruan daude.

Halaber, Mekolalde inguru honetan, indarreko Arau Subsidiarioetan A-43 izenez mugarritutako arean, Hijos de Arturo Narvaiza S.A. ehungintza-lantegia zegoen aurreko mendearen hasieratik ia gaur arte; izan ere, LZP plana onartzeko zegoen garai berean, lantegi-ingurua berrantolatze-fasean zegoen eta, horren barruan, bertan zeuden pabiloiak eraitsi, bota egin ziren. Area osoa, gaur egun, berez ia zeharo beteta dago honako industria hauekin: batetik, Tornillería Deba S.A.L. industria dago, lehengo San Lorentzoko kokapena lekuz aldatu ondoren (orain San Lorentzoko inguru hori berroneratu nahi da, izen bereko bizitegi-lurzorua gertu-gertuan du-eta); eta bestetik, Danobat S.Coop. industria bertan instalatzeko lanak ere bukatzear daude. Izan ere, jarduketa horien oinarri-oinarrian dagoena da lursail horiek hiri-lurzoruko sailkapena eta industria-kalifikazioa dutela, indarreko Arau Subsidiarioek ezarritakoaren arabera.

Bai A-43 arearako bai A-44 arearako onartu diren berrantolaketek, biek, ingurumen arloko eskumenak dituzten erakundeen nahiz Uraren Agentziaren baimen guztiak dituzte; Uraren Agentziak, gainera, Deba ibaiaren ibilgua leheneratzeko tratamendu bereziak ezarrarazi zituen. A-43 arearen kasuan, Hijos de Arturo Narvaiza ehungintza-lantegiak ibilguan lehen zituen okupazio guztiak libre gelditu beharko dira, eta Narbaizako zubi zaharra ere ordeztu beharko da, uholdeak eragiten baitzituen inguru horretan.

2005eko urtarrilaren 25ean hasierako onarpena eman zitzaion EAEko Trensarea antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean Gipuzkoarako egin den Aldaketari. Aldaketa horren helburu nagusia hauxe da: Gipuzkoarako proposatu diren trenbide-garraioko azpiegiturak Lurralde Antolamenduaren baitan sartu ahal izatea, eta Deba ibaiaren Eremu Funtzionalari dagokionean tranbiaren azpiegitura zehazki. LAP planak lehen faserako Bergara-Aretxabaleta linea-tartea eraikitzea proposatzen du, eta etorkizunean bailarako beste tokiekin lotzea aurreikusten du, zehatz-mehatz Eskoriatzarekin eta Oñatirekin. Halaber, Eusko Trenaren linearekin Maltzagan bat egin ahal izateko, Bergara-Maltzaga luzapena ere jasotzen du. Azpiegitura hori LZP planean iradoki besterik ez da egin, baina LAP planean marraztu egin da, eta bertan hiri-garapenik gabeko eremu gisa kalifikatutako inguru honetatik zehar joan beharko da.

Ez da ahaztu behar, ezta ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2004ko ekainaren 29ko bileran behin betiko onartu zuela Bergarako Hondakin-Uren Araztegiaren Oinarrizko Proiektua. Proiektu hori 2003-2006 epealdian saneamendu-azpiegiturak eraikitzeko Esparru-Akordioaren barruan zegoen, araztegia eraikitzeko lanak Eusko Jaurlaritzak burutuko zituela aurreikusten zuen Akordioan, alegia. Akordio horretan, Foru Aldundiaz eta Eusko Jaurlaritzaz gain, Gipuzkoako Ur-Kontsortzioak eta Mankomunitateek ere hartu zuten parte.

Araztegia non kokatu erabakitzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Bergarako Udalak elkarrekin hainbat elkarrizketa eta akordio izan zituzten. Horrenbestez, araztegia erakitzeko lanak lotuta doaz zubi berria eraikitzeko lanekin. Deba ibaiaren gaineko zubi hori Mekolaldeko inguru osorako sarbidea izango da, Hijos de Arturo Narvaiza S.A. lantegiaren ondoan dagoen zubi zaharraren ordez; izan ere, lehen esan dugun bezala, zubi zahar horrek uholdeak eragiten ditu, bere sekzioa ez baita iristen ezarritako gutxienekora.

Araztegia zein zubi berria biak eraikita daude, eta baita bi puntuak lotzeko errepidea ere. Zubi berria Mekolaldeko industrialde osorako sarbidea ere izatea aurreikusi denez, GI-627 errepidetik zubi berrira sartzeko lotunea hobetzeko Lankidetza-Hitzarmena sinatuko dute laster Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak, lan hori bien artean sustatu ahal izateko. Jarduketa horiek guztiak ere LZP planean hiri-garapenik gabeko eremu gisa mugarritu den esparruaren barruan daude.

Onartutako LZP planaren arabera, Mekolalde ingurua hiri-garapenik gabeko korridorea da, bere baitan dauden lurrak “etorkizuneko garapenetarako erreserbatutako lurrak dira, eta Plan honek ez du horietarako kalifikazio berezirik definitzen”. Aurrez azaldu dugun moduan, benetako errealitatea beste bat da oso; horrexegatik, LZP planaren hasierako onarpenaren aurrean Udalak oso alegazio-idatzi zehatza aurkeztu zuen.

Mekolaldeko inguru hau zeharo finkatuta dago bertan kokatutako industria-lantegien eraginez. Industria horiek, gainera, LZP planak Jarduera Ekonomikoak kokatzeko ezartzen dituen irizpideak betetzen dituzte, hau da, balio erantsi handiagoko industria-jarduerak dira, eta jarduerak kokatu nahi diren eremuan garapenak aurrera eramateko beharrezko oinarrizko azpiegiturak daude. Horrenbestez, Plan Orokorrak horrexegatik hain zuzen ezarri duenez, eremu horretako bi muturretan dagoeneko finkatuta dauden kokalekuen artean gelditzen den lursail-zerrenda jarduera ekonomiko berriak kokatzeko izango da. Gaur egun kalifikazioa dagoeneko zehaztuta dagoela ulertzen da; beraz, gune hau ezingo da hartu erreserbatutako espaziotzat.

Gogoratu behar da lursail horiei aspalditik datorkiela industriarako joera; izan ere, bertan honelako industriak ezarri baitira: aurreko mendearen hasieran, Hijos de Arturo Narvaiza S.A. ehungintza-lantegia; edo makina-erremintaren arloan, zeharo gaurreguneratuta dauden Soraluce S.Coop., Lazpiur S.A. eta Impreci S.Coop. —azken hori Lazpiurrek bereganatu zuen geroenean—. Eta are gehiago; indarreko Arau Subsidiarioetan lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako gunean, lursail gehienak ere beste sozietate industrial batenak ziren jabetzan, Fagor Ederlan S.Coop. industriarenak, hain zuzen; eta gero, gaur egungo jabeek —Oerlikon-Balzers S.A. eta Irialde S.L. enpresek— eskuratu zituzten.

Lursail horiek duten joera berean sakonduz, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Hirigintzako Zuzendaritzak, 1988. urteko abenduan, Gipuzkoako Industria-Lurzorurako Artezpidearen Aurrerakin bat idatzi zuen. Aurrerakin horretako 8 zk.ko planoan, Mekolaldeko sektorea honela identifikatzen da: Bergaran Administrazioak kudeatzeko moduko Industria-Lurzoruko Eremua. Dokumentu berean ere, Antolamenduaren Krokisa izeneko 59 zk.ko planoan azaltzen den antolamendua bat dator, hein handi batean, gaur egungo Plan Orokorrak jasotzen duenarekin; izan ere, Deba gaineko zubi berria, baita, Gorostola baserriaren parean ere kokatzen du, gaur egun eginda dagoen bezala.

Memoria honetako 6.2 puntuan aipatu dira eremu honetan kokatuta dauden eta kokatu nahi diren merkataritza-sozietateen izenak; eta gainera, balio erantsi handiagoko jarduerak izateari buruz LZP planak ezarritako irizpidea betetzen dute. Halaber, S-5 sektoreko Hirigintza-Fitxan, hau da, Mekolalden finkatu gabe zegoen guneari dagokion sektorean, bertan jarduteko baldintza bereziak ezarri dira, horrela gunerako nahi den antolamendu-helburua aldatua izan ez dadin; eta horretaz gain, Deba ibaiaren ibilgunean egin beharko denari ere tratamendu berezitua eman zaio, inguru horretako ingurumen-ezaugarriak suspertu asmoz. Era berean, eraikinen diseinurako ere hainbat baldintza ezarri dira; horretarako, eraikinetako barrualdean garatzen eta garatuko diren teknologiekin bat etorri beharko diren diseinu-tratamenduak proposatzen dira. Gainera, kanpoko itxura ere eraikin industrialak besterik ez direnek zaintzen dutena baino gehiago zainduko da.

Bizitegi-kuantifikazioa (58. artikulua):

Memoria honetako 4.2 atalean jasotzen den bezala, Plan Orokor honek zehaztu beharko duen etxebizitza-kopurua honako kopuru hauen artean egon beharko da: gehienez 1.820, eta gutxienez 1.179 etxebizitza berri. LZP planak ezartzen duenaren arabera, aurreikusitako etxebizitzetatik guztietatik % 26 babeseko etxebizitzak izan beharko dira.

Plan Orokorrean 1.389 etxebizitza berri eraikitzea proposatzen da. Horietatik, 290 Erregimen Tasatuko Babes Ofizialekoak izango dira, eta 399 Erregimen Orokorreko Babes Ofizialekoak. Guztien artean, Babes Ofizialeko Erregimen Orokorrekoak % 28,72 dira, eta Erregimen Tasatukoak % 20,88; eta edozein erregimenetako Babes Ofizialeko etxebizitza guztiak batuz gero, berriz, % 49,60 dira. Horrenbestez, ehuneko horiek luze gainditzen dituzte LZP planak ezarritako gutxienekoak.

Jarduera ekonomikoetarako lurzoru-premiaren kuantifikazioa.- Lurralde-Esparruetarako Zehaztapenak (60 eta 62. artikuluak):

Lehen esan dugun bezala, Debagoieneko Eremu Funtzionaleko LZP planak Bergaran honako azalerak zehazten ditu: hiri-lurzoruan, betetako lurzorua eta libre dagoena biak kontuan hartuta, 134,43 Ha-ko azalera guztira; eta lurzoru urbanizagarrian, 75 Ha; beraz, guztira 209,43 Ha dira. Plan Orokor berriaren dokumentu honetan proposatzen dena nabarmen gutxiago da: hiri-lurzoruan 127,72 Ha; eta lurzoru urbanizagarrian 58,91 Ha; beraz, guztira 186,63 Ha dira.

Aurreko puntutan azaldu da non dauden jarduera ekonomikoetarako eremu berriak.

Saltoki Handien Erregulazioa (64. artikulua):

LZP planak Saltoki Handien antolamendua zehazteko, EAEko Ekonomi Jardueretarako eta Merkataritza-Ekipamenduetarako Lurzoru Publikoa sortzeko Lurraldearen Arloko Planean ezarritakoari jarraitu dio. Plan Orokorrak LZP planean ezarritakoa betetzen du. Horrenbestez, merkataritza-ekipamendu jakin batzuk instalatzeko aukera arautzen du S-1 sektorean —saltoki handiak kokatu ahal izango diren eremu bakarrean— eta, era berean, uztailaren 25eko Eusko Legebiltzarreko 7/2008 Legearen lehenengo artikuluak xedatutako mugak ere jasotzen ditu; izan ere, lege horretako definizioaren arabera, saltoki handiak 700 metrotik gorako azalera eraikia dutenak dira.

Kultur ondarea (65 eta 66. artikuluak):

Plan Orokorrak, halaber, babestu beharreko ondare eraikiari buruz LZP planak xedatutakoa ere bete du, hau da, ondare eraikiaren elementuak katalogo batean zehaztu ditu eta, horretaz gain, elementu horietan jarduteko araubidea ezarri du Ordenantzetan. Indarreko Arau Subsidiarioek aurretik ere badute katalogo xehatu bat udalerrian babestu beharreko elementuen zerrendarekin, eta gainera beti irekita dago, etengabe elementu berriak sartzeko moduan. Plan Orokor honen Katalogoak gaurkotu egin du aurrekoa, Arau Subsidiarioetakoa.

Hirigintza