LZP planak 1. planoan eta 3. planoko erreferentzia batzuetan honako natura-intereseko eremu hauek jasotzen ditu Bergararako:

Natura-intereseko eremuak (15-19 artikuluak):

  • Zuhaitz bereziak edo apartekoak: Olaso dorreko lorategian dagoen magnolioa. Plan Orokorreko Katalogoan jasota dago.
  • Interes naturalistikoko eremuak: Irukurutzeta-Sorus-Itxumendi-Gorla-Trekutz eremua. Plan Orokorreko 3. multzoko planoetan agertzen da grafikoki, eta Ordenantzetako 111. artikuluan dago araututa. Plan Orokorreko plano horietan eta artikulu berean, beste eremu batzuk ere azaldu eta arautzen dira, LZP planak xedatutakotik haratago doazen beste eremu batzuk, alegia; izan ere, Plan Orokor hau idatzi ahal izateko EKOS-ek egindako azterketa askoz ere xehatuagoari dagozkio.

Nekazaritza-intereseko eremuak (20. artikulua):

LZP planaren 20. artikuluak dioenez, Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana tresna egokia da estrategiak ezartzeko eta, horrela, nekazaritza-lurzoruen mantentze- eta ustiatze-lanak bermatu ahal izateko. Oraindik izapidetan dagoen LAP plan horren informazio grafikoa jaso da Plan Orokorrean, 3. multzoko planoetan. Ordenantzetako V.2.3 ATALEAN, berriz, lurzoru-mota guztiak arautzeko irizpideak zehaztu dira, eta horretarako Lurralde-Antolamenduaren Artezpideek (LAA/DOT) nahiz aipatutako LAP planak xedatutakoari jarraitu zaio.

Interes hidrologikoko eremuak (21. artikulua):

LZP planak 21. artikuluan dionari jarraituz, Plan Orokorrak behin eta berriz aipatzen du EAEko Isurialde Kantauriarreko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana aplikatu behar dela, bai udalerriaren antolamendu orokorreko planoetan, bai antolamendu-eremuak diren area eta sektore bakoitzaren Hirigintza-Fitxetan.

Interes geologiko-geomorfologikoko eremuak (22. artikulua):

LZP planaren 22. artikuluan zerrendatutakoen artean, bakar bat baino ez da Bergaran nolabait eragina izan dezakeena: Antzuolako udalerri-lurretan dagoen Ugarriaga-Azpikoko Faila eta Bretxa Tektonikoa. Edozein modutan ere, dagoeneko Plan Orokorraren xedapenek babestuta duten gunea da.

Hobetu eta/edo leheneratu beharreko eremuak:

Lurraldearen Zatiko Planean, lehen Zerrajerako zabortegiak hartzen zuen gunea mugarritu da. Gaur egun, Eibar-Gasteiz autobideak zeharkatzen ditu lursailok. Hein handi batean, autobiderako egin behar izan zituzten betelanetarako erabili ziren. Foru Aldundia, proiektuaren sustatzaile eta gaur egun lursailen jabea den aldetik, zabortegia leheneratzeko lanak eta ondorengo betelanak egiten ari da. Bergarako Udalak gaur egungo jabearekin hitzartuta duenaren arabera, leheneratze-lanak bukatutakoan lursailak lagapenez eskuratu ahal izango ditu etorkizunean berdegunea-edo izateko.

Balio arkeologikoak:

Plan Orokorreko Katalogoan zehatz-mehatz zerrendatu dira udalerriko Balio Arkeologiko interesgarriak. Eta horretaz gain, zerrenda irekia denez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailak izenda ditzakeen gune berri guztiak ere sartu ahal izango dira bertan.

Hirigintza