7. artikulua.- Lurraldearen Egitura Orokorra eta Organikoa

Egitura orokor eta organikoa hirigintza-garapena zehazten duten elementuek osatzen dute, eta horiek oinarrian Sistema Orokorrak dira.

Erabilera orokorren banaketak edo gunebanatzeak ere baldintzatzen du geroko ordenazioa.

Sistema Orokorrak dira, lurzoru urbanoan, urbanizagarrian zein urbanizaezinean, interes publikoaren zerbitzurako gordetzen diren lurralde-eremuak. Honakoak izan daitezke: komunikazioak, ibilgu publikoak, espazio libreak, komunitate-ekipamenduak eta azpiegiturak eta zerbitzuak.

Erabilera orokorrak dira lurraldearen gune edo zati batzuetarako bereizten eta ezartzen diren erabilera esklusiboak edo nagusiak.

Erabileren kalifikazioaren barruan, Sistema Orokorretarako direnak ere sartzen dira.

8. artikulua.- Lurzoruaren sailkapena

Plan Orokor honek Bergarako lurraldea sailkatu du, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko Legeak 10. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ondorengo lurzoru-motak ezarriz: Hiri-lurzorua, lurzoru urbanizagarria eta lurzoru urbanizaezina.

Hiri-lurzoruaren barruan, honako kategorietako azalerak bereizten ditu: hiri-lurzoru finkatua eta hiri-lurzoru finkatugabea.

Lurzoru urbanizagarriaren barruan, honako kategorietako azalerak bereizten ditu: lurzoru urbanizagarri sektorizatua eta lurzoru urbanizagarri sektorizatugabea.

Sistema Orokorretarako diren lurrak, batzuetan, sistema orokorren sailkapen berezian sartu dira; baina beste batzuetan, dagoeneko hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri moduan sailkatutako lurralde-eremuen barruan sartu dira. Hori guztia dokumentuaren Memorian eta Hirigintza-Fitxetan ezartzen da, area eta sektore bakoitzean sartutako sistemek bete behar dituzten baldintzekin batera.

Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak 11, 13 eta 14. artikuluetan zehazten ditu nolako baldintzak bete behar dituzten lurrek lurzoru-mota eta kategoria batean edo bestean sailkatzeko.

Lurraldearen sailkapen orokorra dokumentu honen dokumentazio grafikoaren 2. multzoko planoetan jaso da: 2.0 zenbakiko planoak udalerriko lurralde osoa hartzen du, 1/15.000 eskala grafikoan; eta 2.1, 2.2, 2.3, 2.4, 2.5, 2.6, 2.7, 2.8 eta 2.9 zenbakikoetan xehetasun handiagoz agertzen da, 1/2.000 eskala grafikoan.

9. artikulua.- Hirigintza-antolamenduaren eremuak.- Areak eta Sektoreak.

Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak, 51. artikuluan, hirigintzako antolamenduaren eremuak bereizi eta arautzen ditu.

1.- Areatzat hartzen da hiri-lurzoruaren antolamendu xehatuko eremua; antolamendu xehatu hori Plan Orokorrak berak zuzenean egin dezake ala Plan Berezi batez egiteko utzi.

2.- Sektoretzat hartzen da lurzoru urbanizagarriaren antolamendu xehatuko eremua; antolamendu xehatu hori Plan Orokorrak edo Sektorizazio-Planak zuzenean egin dezakete ala Plan Partzial batez egiteko utzi.

Hiri-lurzoru gisa sailkatu den lurzorua 58 areatan zatitu da. Urbanizagarri gisa sailkatu den lurzorua, berriz, 7 sektoretan. Eremuen arteko mugapena dokumentazio grafikoan jaso da.

Hiri-lurzorutzat sailkatutakoaren barruan, eremu finkatuak eta eremu finkatugabeak bereizten dira bai dokumentazio grafikoan, bai Hirigintza-Fitxetan.

Areek eta sektoreek exekuzio-unitate bat edo gehiago izan ditzakete euren baitan, baina exekuzio-unitate horiek mugarritzerakoan, eremuko azalera guztiari dagozkion eginbeharrak (lagapenez eman, era ekitatiboan banatu eta urbanizatzeko eginbeharrak) era bateratuan bete ahal izateko moduan egin beharko da mugaketa.

Eraikigarritasuna goia jotzeko zorian dagoen hainbat areatan, ordezkatze-jarduketa isolatuak baino ez dira proposatu, eta horregatik —areako eskubide-titular guztien hirigintza-eginbeharrak batera betetzea ezinezkoa denez—, area horiek ez dira exekuzio-unitate gisa mugarritu.

Plan Orokorrak ez du banaketa-arearik mugarritu; hortaz, hiri-lurzoruko area bakoitzak eta lurzoru urbanizagarriko sektore bakoitzak osatzen dute bere horretan banaketa-area bana.

10. artikulua.- Lurzoruaren egitura orokorra eta gune-banaketa orokorra

Plan Orokorrak Bergarako lurraldearen egitura orokorra eta gunebanaketa orokorra definitzen ditu.

Dokumentazio grafikoko 3, 4 eta 5 zenbakidun plano-multzoek bertako mugapenak jasotzen dituzte, honakoak zehaztuz: Sistema Orokorrak eta horien eragin- zein babes-esparruak; dotazio-garapenak; hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko erabilera orokorrak; eta lurzoru urbanizaezineko kategoriak.