Indarreko Arau Subsidiarioek bi erreserba mugarritu zituzten berariaz komunitate- edo dotazio-ekipamendu berriak kokatzeko: bat, A-20 arean, kultura-ekipamenduak, ikuskizunetarako aretoa eta autobus-geltokia izateko; eta bestea, S-4 sektorean, Candy Hoover Electrodomésticos S.A. industriatik iparraldera. S-4 sektorearen kasuan, ez zen zehaztu berariaz zertarako erabii zitekeen; izan ere, erreserba mugarritu zenean, etorkizunean behar izan zitezkeen ekipamendu berriak kokatzeko gorde zen, hau da, artean aurreikusi ezin baina hurrengo bi laurtekoetan udalerriak bere garapenerako beharko lituzkeen ekipamenduetarako.
Aurrez azaldu dugun bezala, A-20 areako kultura- eta ikuskizun-ekipamenduetarako erreserba bertan behera laga zen eta, horrenbestez, Arau Subsidiarioetako Aldaketa Puntual bat egin zen. S-4 sektorean aurreikusitako erreserbari buruz, berriz, horren zati batean eskola-erabilera finkatu da, S-4a izeneko sektorea mugarrituz. Bertan, Lanbide-Heziketarako Migel Altuna ikastetxea eraikitzea aurreikusten da, Ibargarai kalean dagoen ikastetxea ordezteko.
Gainontzeko area eta sektoreetan, honako ekipamenduak eta dotazioak ezartzen dira:
8.4.1.- Ekipamenduak eta dotazioak hiri-lurzoru finkatuan eta finkatugabean:
1) A-3 area: Bertan, erlijio-eraikin bat eta lehengo eskoletako eraikina daude.
2) A-8 area: Ostalaritza-alorreko eta izaera pribatuko komunitate-ekipamendurako izango da.
3) A-9 area: Honen baitan Martoko eskoletako eraikinetan garatzen den eskola-erabilera dago.
4) A-12 area: San Antonioko bidegurutzetik gertuen dagoen eraikinean, beheko solairuan, San Antoniori eskainitako ermita jarriko da, inguru horretan bota egin zen aurrekoaren ordez.
5) A-16b area: Honen baitan Nekazaritza-Ganbarako eraikina eta horri erantsitako lursailak daude.
6) A-17 area: Bizitegi-gunearen baitan, honako hauek daude: Mintegi parke publikoaren sistema orokorra, eta dagoeneko eraikita dagoen pilotalekuko kirol-ekipamendua —Mariaren Lagundiko eskola-gunearen itxitura-hormari atxikita—. Eskola-erabileretarako aurreikusita zegoen lurzoru-erreserbari buruz, ordea, udalerriko eskola-ekipamendua osorik berrantolatu ondoren, ez dago eskola-erabileretarako mantendu beharrik. Horrenbestez, lursail horiek parkeko espazio librea handitzeko erabiliko dira, baina aurretik zuten dotazio-kalifikazioa mantenduko dute.
7) A-18 area: Area honen baitan, Gabiria dorreko eraikina dago. Udalak eta Tavex Algodonera S.A. merkataritza-sozietateko arduradunek sinatu zuten hitzarmenaren arabera, behin eraikina birgaitua izan ondoren, enpresa horren egoitza sozial nagusia da, administrazio-emakidaren bidez.
8) A-19 area: Area honen baitan, pilotalekuko kirol-ekipamendua eta Arrizuriaga jauregia izandako eraikina daude. Azken hau, aurretik Ertzainetxea izan zena, Plan Orokor honen arabera kultura- edo eskola-ekipamendua izateko da.
9) A-20 eta A-20a areak: Hemen dago administrazio-ekipamendua den Ertzainetxea.
10) A-21 area: Behin Migel Altuna ikastetxeko eskola-jarduera lekuz aldatu ondoren, ikastetxeko eraikinetatik hegoalderago dagoena bota egingo da, eta orube hori komunitate-ekipamendua diren museoa ala entzunaretoa kokatzeko izango da —bere egunean zein erabakitzen den—.
11) A-22 area: Area-eremu honen baitan, kiroletako dotazio-erabilera duen Udal Pilotalekua dago.
12) A-23 area: Komunitate-ekipamendu pribatu hau irakaskuntzarako eta bizileku kolektiborako erabili daiteke. Mariaren Lagundiaren Komentuko eraikinak eta lursailak hartzen ditu.
13) A-24 area: Zabalotegi dorreko eraikinaren beheko solairuan, kultur jardueretarako lokala dago.
14) A-25 area: Mizpirualde zaharren egoitzako eta udal euskaltegiko lursailak eta eraikinak dira. Gaur egun duten erabilera mantentzen dute, baina harik eta erabaki arte zer egingo den zaharren egoitza lekuz aldatu eta Martinez Irala ikastetxeak betetzen duen lursailaren zati batean kokatzeko aukeraren aurrean.
15) Hirigune Historikoko area: Eremu honen baitan, honakoak daude: komunitate-ekipamendu zibiko-administratibo publikoak diren Udaletxea eta Epaitegia; eskolarako komunitate-ekipamendua den Errege Mintegia —gaur egun UNED unibertsitateak eta Aranzadi ikastolak erabiltzen dutena—; eta kultura- eta administrazio-ekipamenduak diren Errekalde jauregia eta Irizar jauregia. Errege Mintegiko eraikina eta eliza, berriz, UNED unibertsitatea Arrizuriagako jauregira baldin badoa, kultura-ekipamendu publikoak diren liburutegia eta museoa kokatzeko izango dira. Kartzel zaharra eta ondoko patioa, bestetik, gazteentzako kultura- zein aisialdi-gunea izateko dira.
Area honetan honakoak ere badaude: erlijio-ekipamendu pribatua den San Pedro eliza; erlijio-ekipamendu pribatua eta bizileku kolektiboa Lekaime Frantziskotarren komentuan; eta parke publikoen Sistema Orokorren dotazioa Errekalden eta Irizar jauregiko lorategietan.
Area honetan daude, baita ere, Errotalde jauregiko eraikinak, Santa Ana ermita eta jauregiari erantsitako eraikinak —guztiak kultura-ekipamendurako dira—, eta horietaz gain, jauregiari lotutako parkearen lursailetan, berdegune-dotazioa, Sistema Orokor gisa.
Bertan sartzen dira, halaber, erlijio-ekipamendu pribatua den Santa Marina eliza eta sistema orokorra den Usondoko parke publikoa.
16) A-28 area: Area honetan Udal Zerbitzuetako biltegiak daude.
17) A-30a area: Pilotalekuko kirol-ekipamendua.
18) A-34 area: Eskola-eraikin txikitxo bat du.
19) A-36 area: Eremu honetan erlijio-erabilerarako kapera bat dago.
20) A-37a area: Ekipamendu zibikoa den Udal Azoka dago hemen.
21) A-38 area: Eremu honetan hauek ditugu: Udal Hilerriko ekipamendua, eta Ibaiondon hezkuntza eta zaintza berezietarako dagoen eskola-eraikin txikitxoa.
22) A-39 area: Komunitate-ekipamenduetarako area honen baitan, honakoak dauzkagu: asistentzia-ekipamenduak diren Jubilatuen Etxea eta Osasun-Zentroa; eskola bereziko ekipamendua den Aransgi zentroa; eskola-ekipamenduak diren Martinez Irala eta San Martin Agirre eskolak, Migel Altuna II institutua eta Ipintzako batxilergoko institutua; kirol-ekipamendu publikoak diren Agorrosineko igerilekuak eta Ipintzako futbol-zelaia; eta kirol-ekipamendu pribatua den Agorrosineko futbol-zelaia. Aurrez azaldu den bezala, Mizpirualde zaharren egoitza lekuz aldatu eta Martinez Irala ikastetxeak betetzen duen lursailaren zati batean kokatu ahal izango litzateke, baldin eta San Martin Agirre ikastetxea handitzeko dagoen asmoa ikastetxeko bertako partzelaren barruan egitea lortzen bada —partzela horren azalera handiagotu ondoren—.
23) A-40b area: Area honetan, igarobideko autobusen geltoki moduan erabiltzeko nasa bat eraikitzea proposatzen da; etorkizunean izango den tranbiaren geldiuneari lotuta egongo da nasa hori.
24) A-44 area: Osintxu auzoan dago. Area honetako erabilera nagusia bizitegikoa da, baina badaude komunitate-ekipamenduko beste erabilera batzuk ere, hala nola, erlijio-erabilera elizan eta erantsitako eraikinean, kirol-erabilera udal pilotalekuan, eta kultura- eta asistentzia-erabilera 14 zenbakidun eraikineko beheko solairuan.
25) A-47 area: Angiozar auzoko erdigunea da. Bertan honako komunitate-ekipamenduak daude: eskola-erabilera udal eskoletan; kirol-erabilera pilotalekuan; eta erlijio-erabilera San Migel elizan. Era berean, indarreko Arau Subsidiarioetan dagoen proposamen hau ere jasotzen da: Garaikoetxea baserriaren zati batek erabilera zibiko-administratiboa eta kulturala izatea nahi da; baina horretarako, aurretik, Udalak baserriaren jabetza lortu beharko du.
26) A-49a area: Ubera auzoko erdigunea da. Bertan, kirol-erabilerako komunitate-ekipamenduak daude, pilotalekuan.
27) A-52 area: Hemen Labegaraietako kirol-ekipamendua dago.
8.4.2.- Ekipamenduak eta dotazioak lurzoru urbanizagarrian:
Lehen azaldu den bezalaxe, S-4a sektorea mugarritu da eskola-erabilerako komunitate-ekipamendua izateko. Bertan, Lanbide Heziketarako Migel Altuna ikastetxe berria eraikiko da, Ibargarai kalean dagoena ordezkatzeko; izan ere, Ibargaraiko eraikina urri gelditu zaie ikastetxean garatu nahi dituzten jarduerak eta moduluak aurrera eraman ahal izateko.