Ibilgu Publikoen Sistema Orokortzat hartu eta horrela kalifikatzen dira Deba ibaia, Epele, Angiozar, Uhola (Antzuola), Elosua eta Ubera errekak, eta orokorrean EAEko Isurialde Kantauriarreko Ibaien eta Erreken Ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean jasotzen diren gainontzeko errekak.
Aipatutako dokumentuak arautuko ditu ibilguetan eta horien ondoan egin daitezkeen jarduketak. Horrenbestez, Plan Orokorraren planoetan, grafikoki, eragin-eremuak islatu dira, ibai edo erreka bakoitzak hartzen dituen ur-bideen azalerari dagokion mailaren arabera.
Aplikatu beharreko Araudi Berezia behin betiko onartutako LAP planean jasotakoa izango da, eta Ingurumen-, Hidraulika- zein Hirigintza-alderdien arabera aplikatu beharko da.
Oraindik orain hasierako onarpena eman berri zaio EAEko —Isurialde Kantauriarreko— Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketari. Eta dokumentu horren Memoriak, 5. atalean —ALDAKETAREN JUSTIFIKAZIOAn—, honakoa dio hitzez hitz: “...(Dokumentua)... guztiz justifikatuta dago. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzak, Uren Zuzendaritzak eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak erabaki dute honako alderdi hauek txertatzea Lurraldearen Arloko Planaren dokumentuari: lurzorua uholde-arriskuaren mailaren arabera erabiltzeko irizpideak eta uholdeari buruzko mapa berriak —Uren Zuzendaritzak landuak—,...” Bergarako Udalak dokumentuari dagokion alegazio-idatzia aurkeztu du, baina oraindik ez da erabaki. Beraz, erreferentzia gisa, gaur egun indarrean dagoen LAP-eko dokumentua hartu da.
Hiriguneetako ibilguetan, honako jarduketak aurreikusi eta proposatzen dira:
6.3.7.1.- Deba ibaian aurreikusitako jarduketak:
- Zubiaurre aldean, ibaiertzeko pasealeku bat sortuko da. Aurreikusitako zubi berritik hasi eta San Antonioko biribilguneraino joango da. Horrela, San Antonio aldean espazio handi bat eratuko da, espazio librea eta aparkalekua izateko, eta San Antonioko 2, 4, 6, 8 eta 10 zenbakidun eraikinak eraisterakoan emango zaio alde honi amaiera.
- Gaur egun, Fraiskozuri plazako 3, 4 et 5 zenbakidun eraikinak administrazio-emakida baten menpe daude. Plan Orokor honetan, gaur egungo egoeran mantentzen dira, hau da, eraiki zireneko Administrazio-Emakidaren baldintzen pean.
- Zubieta kaleko 1 eta 3 zenbakidun eraikinak bota zirenez, orain Bibeberri luzatzeko eta —ibilgailuentzako zein oinezkoentzako lotune baten bidez— Zubieta eta Masterreka kaleekin elkartzeko lanak hasita daude. Inguru honetan, oraindik orain udal kolektore nagusi berria eraikitzerakoan, Deba ibaiari eragin zaio.
- Mugertza-Leizariako San Lorentzo aldean, ibaiertzeko pasealekua luzatuko da, A-36 area-eremua berrantolatzeko jarduketaren barruan.
6.3.7.2.- Uhola (Deskarga) errekan aurreikusitako jarduketak:
- A-12 arearen mugen barruan, Uhola errekaren ibilgua eta erreka-ahoa antolatzeko jarduketa amaituta dago. Inguru honetan egiteko gelditzen dena da San Migel kaleko 7 eta 9 zenbakidun eraikinak botatzea —A-11 arearako aurreikusitako jarduerekin batera egitekoa—.
- A-16b arean, Movillaren industria-lantegia izandakoan aurreikusten den jarduketa egindakoan, industria-eraikinek estaltzen zuten erreka estalperik gabe laga ahal izango da, eta ibilgua A-12 arean egindako antzeko jarduketa baten bidez ere antolatu ahal izango da.