Euskara batua eta euskalkia elkarren osagarri dira: batua behar dugu jardun formalerako (irakaskuntzarako, administraziorako...); herrikoa, batez ere, eremu informalean (lagunartean...) erabiltzeko. Bide horretatik, azkeneko urteetan Bergaran lan handia egin da bertako euskara jaso eta herritarren eskuetan jartzeko, bai paperezko argitalpenen bidez eta baita sarearen bitartez ere.

Paperean argitaratutakoen sailean aipagarriak dira, besteak beste, honako lanak: Bergarako Euskera, Bergara aldeko hiztegia, Bergarako langintza zaharrak bilduma, Bergarako mapa toponimikoa... Horien gaineko informazio zehatzagoa ikus liteke webgune honetako Argitalpenak atalean.

Sarekoei dagokienez, berriz, aipagarriak dira, lehenengo eta behin, www.bergarakoeuskara.eus webgunean jasotako material ugariak:  Bergara aldeko hiztegia , Bergarako toponimia, Gehixago eta Hobeto programaren barruan sortutako material mordoa... Horretaz gain, berriz, nabarmentzekoa da www.ahotsak.eus egitasmoan jaso eta landutako grabazio mordoa. Bilduman pisu berezia dute Bergarako grabaketek, bertan jasota baitaude hemen aipatutako argitalpenetarako egin ziren grabazioak eta baita hortik aparte egindako beste hainbat ere.