Bergarak Hiri-Gutuna jaso zuenetik 750. Urteurrena gogora ekarriko den honetan Udalak eta herriko elkarte ugarik, Valen Moñux eta Alfredo Gonzalez Chirlaqueren gidaritzapean, ikuskizun errepikaezina prestatu dute ekainaren 29rako San Martin Agirre plazan.

Ikus programa: programa_fitxa_teknikoa-.pdf

Ikuskizunaren helburua da Bergara izan dena erakustea eta bergarar sena indartzea bergarar izaeran hain txertatuta dagoen artea eta bereziki musika bidaide izango duen ikuskizun eder baten bitartez.

Lehenengo aldia da halako formatuko diziplina anitzeko ikuskizun bat San Martin Agirre plazan egiten dena eta erronka itzela da batzen dituen musikari eta artista guztiengatik, Bergarako historia izango duelako oinarri eta, jakina, aire librean egingo delako, kokagune arkitektoniko ederrenean.

Gau errepikaezin horretarako bergararrondako hain berezia den San Pedro – San Martzial gaua aukeratu da, gure tradizioan duen sinbologia eta garrantziagatik.

Ikuskizunak musika izango du osagai nagusia, baina ikus-entzunezkoek lagunduta egongo da. Hala, ikus-entzunezko pieza horietan udalerriak musikan, pinturan eta arkitekturan izan dituen mugarriak errepasatuko ditu. Artea eta Bergara banaezinak dira; eta horrela egituratu nahi izan da. Bergarako historia errepasatuko du ikus-entzunezkoak Bergarari buruzko idatzizko lehen erreferentzia jasota dagoen garaitik (1050) Ikurrinaren legeztatzearen unera arte.

Horrez gain, plaza guztia eta San Pedro elizako dorrea argiztatuko dira. Euskal Telebistak ikuskizuna grabatuko du; eta uda ostean emitituko du. Horrek guztiak eskatu du inoiz Bergarako plazan behar izan den tamainako azpiegitura bermatzea.

Emanaldiak ordu eta erdi pasatxoko iraupena izango du.

Ikuskizuna lau bloke nagusitan banatuko da.

Hasieran agurra egingo da Ikurrin Dantzarekin; eta horren ostean: 

1. Gure antzinako euskal musika. -‘Euskal festara’. Euskal Martxa. Jose Mari Usandizaga. -‘Mendi Mendiyan’. Operako fantasia. Jose Mari Usandizaga.

2. XX. Mende bukaerako gure euskal musika. -‘Udazken Koloretan’. Benito Lertxundi. -‘Xalbadorren heriotzean’. Xabier Lete. -‘Baga, Biga, Higa’. Mikel Laboa. 3. San Martzial.

4. Finale.

Jose Mari Usandizagaren piezak Bergarako Bandaren kantutegiaren parte izan dira historikoki; dagoeneko ia bergarartuta daude horietako asko.

Euskal kantagintzako artista handiek lotura handia izan dute Bergararekin, eta beraiei keinu bat egin nahi zaie.

San Martzial edozein bergararrontzat sinbologia handiko egun kuttuna da; belaunaldiz belaunaldi bergararrok dugun 24 orduko bizipen gogoangarria.

‘Finale’-n James Hornerrek filmetarako egindako piezak interpretatuko dira.

Parte-hartzaileak

330 lagun inguruk parte hartuko dute ikuskizunean diziplina askotariko musikariak, abeslariak, dantzariak, erregidoreak eta beste batuta.

Publikoa 

Ekainaren 12an eta 13an Seminarixoan eskuragarri egon ziren ikuskizunaz jarrita gozatzeko 900 gonbidapen eta berehala agortu ziren.

Ikuskizunaren arduradunak ziur daude bergararrok eta, baita ere, musika eta ikuskizun zalea den edonor hunkitu egingo dela. Eta azpimarratu nahi izan dute Bergarako musikagintzan eta tradizioan oso presente dauden pieza eta testuinguruak bizi izango ditugula, baina ikuspegi gaurkotuagoarekin: garaietara egokitutako irakurketa egin dute, non, esaterako, emakumeek askoz presentzia handiagoa duten.

Udalak eskertu nahi du hainbeste elkarte eta herritarren jarrera eta borondatea ikuskizun hau posible izan dadin. Nabarmendu nahi du herritarrak ilusio handiz lanean dabiltzala.