webmaster-k Og, 2025-10-09 15:37-n bidalia
Laboratorium Museoak urrats garrantzitsua emango du urriaren 22an, San Sebastián Moda Festivalen inaugurazio-desfilea hartuta. Gipuzkoako museo nagusien artean kokatuta —Balenciaga eta San Telmo museoekin batera—, Laboratoriumek bere lekua izango du aurten modaren eta kulturaren eszenan, bere 10. urteurrenaren testuinguruan. Urriaren 20tik 26ra bitartean ospatuko den festibalaren edizio honetan, moda, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra izango dira ardatz. Desfileekin batera, beauty days, mahai-inguruak eta tailer irekiak ere antolatu dira.
Laura Chamorro kazetari eta Gipuzkoa de Moda plataformaren zuzendariak gidatzen duen egitarauaren barruan, desfile hau ez da moda ekitaldi soil bat izango. Museoaren espazioak eszenatoki bihurtuta, Laboratoriumek bere izaera berritzailea erakutsiko du, zientzia, artea, tradizioa eta joera garaikideak uztartzen dituen gizarte-museo gisa.
Urtemuga berezi honetan beraz, Bergarako museoak berriro janzten du bere historia, oraingoan modaren bitartez. Festibalaren aurkezpen ofiziala Kursaalen egin da, eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiako, Bergarako Udaleko eta Laboratorium Museoko ordezkariak izan dira bertan, desfilearen garrantzia azpimarratuz. Gorka Artola Bergarako alkateak "ekitaldi honen bidez, Bergara Gipuzkoa mailan kultura eta sormen erreferente gisa" kokatu nahi dutela nabarmendu du aurkezpenean.
Desfilearen hari nagusia Bergarako ehungintza-ondareari eta Bergarako urdina kolore bereizgarriari egingo zaion omenaldia izango da. XIX. mendearen erdialdean sortutako industria hark herria mapan jarri zuen, eta Bergara urte luzez izan zen laneko arropen ekoizpenaren bihotza. Herriko oihal fabrikek laneko kolore urdin bereizgarri hau izan zuten sinbolo, eta herri oso batek bere nortasuna tindatu zuen harekin.
Desfileak beraz, tradizio hori gaur egunera ekarriko du, ikuspegi garaikide batetik. Museoko bi solairuetan egingo den pasabideak Laboratoriumeko espazio eta elementuak integratuko ditu, ehungintzaren historia, zientzia eta moda uztartzen dituen esperientzia sentsorial batean.
Omenaldi honen barruan, Amarenak markak protagonismo berezia izango du BER-GARA bildumarekin. Tavex, Bergarako azken oihal fabrika historikoaren stockaren hondarretatik abiatuta sortutako lan-jantzietan inspiratutako proposamena da, jasangarritasuna eta nortasun lokala uztartuz. “Ber-gara” hitzak (“berriro izango gara”) adierazten duen bezala, bildumak iraganaren balioak berpiztu eta etorkizun arduratsu eta esperimental batera eramaten ditu.
Desfilean Bedelkar elkarteko 18 merkatarik ere hartuko dute parte, herriko bizitzaren eta modaren arteko lotura agerian utziz. Parte hartzaileen artean izango dira bitxitegiak, kirol jantzi eta arropa-dendak, optikak eta oinetakoen saltokiak. Ekitaldiak 180 lagunentzako edukiera izango du, eta gonbidatuen artean izango dira merkataritza elkarteko kideak.
Horrez gain, 30 plaza libre eskainiko dira herritarrentzat. Lekuak izen-ematearen ordenaren arabera esleituko dira, eta izen-ematea online zabalduko den formulario baten bidez egin ahal izango da urriaren 14tik aurrera eta plazak bete artean. Izen emateko aukera Museoaren Lagunen komunitatean eta Laboratorium Museoko eta Bergarako Udaleko sare sozialen bidez zabalduko da, herritarrei aukera emanez esperientzia hau bertatik bertara bizitzeko.
San Sebastian Moda Festival Euskal Herriko eta Estatuko iparraldeko moda-jaialdirik garrantzitsuenetako bat da, eta aurten ere udazkeneko edizioa hainbat espazio kulturaletan ospatuko da: Balenciaga Museoa, San Telmo Museoa eta Laboratorium Museoa, besteak beste.
2013an sortu zenetik, festibalak bere nortasun propioa sendotu du, eta gaur egun Estatuko hirugarren moda-plataforma nagusitzat jotzen da —Madridgo Mercedes-Benz Fashion Week eta Bartzelonako 080-ren atzetik—. Bere helburua argia da: sormen lokala sustatzea, moda iraunkorra bultzatzea eta Gipuzkoa erreferente bihurtzea sormenaren, kulturaren eta diseinuaren esparruan.
Laboratorium Museoko desfilea izango da, zalantzarik gabe, edizio honetako une berezietako bat, modaren, historiaren eta kulturaren arteko elkargune bihurtuta