webmaster-k Or, 2025-10-10 15:40-n bidalia
Urriaren 18an 'Argitzen' prozesuaren baitan martxan jarriko den 50 herritarren taldea osatu da dagoeneko. Gutun bidez gonbidapena jaso dutenen artean, parte hartzeko baiezkoa adierazi dutenen artetik aukeratu dira 50 horiek eta taldea askotariko pertsonaz osatu da, eskualdeko argazki soziodemografikoa ateratzeko hainbat aldagai gurutzatu baitira: herria, generoa, adina eta jatorria, besteak beste.
Prozesuan parte hartzeko interesa erakutsi duten eta azkenean kanpoan gelditu diren herritarrei eskerrak adierazi nahi dizkie Argitzenek, baita gonbidapena jaso eta ezezkoa erantzuteko denbora hartu dutenei ere.
Herritarren Batzarra osatuta, prozesua bere fase deliberatiboan murgilduko da. 50 kideek energia trantsizioaren inguruko ezagutzak jasoko dituzte hainbat adituren eskutik eta gomendio-sorta bat landuko dute galdera honi erantzuteko: “Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?”.
Udazkeneko bost larunbatetan bilduko da Herritarren Batzarra Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikastetxe publikoan. 9:30ean hasi eta 18:30ean bukatuko dira saioak eta, bost saiotan zehar, herritar talde horrek egiteko nagusi hauek izango ditu:
• 1. fasea: Adituen informazioa jaso. Gaiaren inguruko informazio zehatza, garrantzitsua eta askotarikoa eskura izango du Herritarren Batzarrak.
• 2. fasea: Jasotako informazioaz hausnartu. Gogoeta partekatu (deliberatu), adostasuna bilatzeko.
• 3. fasea: Gomendioak helarazi. Prozesuaren sustatzaileari, Mandatu Organoari, emaitzak, gomendioak helarazi.
Azaroaren 29an izango da azken saioa, orduan helaraziko dio Herritarren Batzarrak bere gomendio sorta Mandatu Organoari. Gomendio sorta hori publiko egingo da eta sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragilek osatutako Mandatu Organoak konpromisoa hartu du gomendio horiei erantzuna emateko.
Mandatu Organoan parte hartzen ari diren eragileez gain, argitzen.eus-eko Egin bat! atalaren bitartez, beste hainbat eragilek ere euren atxikimendua eman diote prozesuari, babesa emanez mahai gainean jarritako dilemari eta prozesuaren dinamika eta lan egiteko moduari, besteak beste, Arizmendi Ikastola, Bailara industrial network, Biolur Gipuzkoa, ELA, Emun, Ereindajan Arrasate, Goiena, LAB, Mondragon Unibertsitatea, Naturtzaindia, eta TMeLab.