Udalak bilera irekia egingo du herri-lur ez urbanizagarrien diagnostikoa egiteko

Udalak herritarrekin bilera irekia egingo du datorren asteartean, uztailaren 11ean, herri-lur ez urbanizagarrien diagnostikoa osatzeko. Asmoa da gaian interesa duten herritarrekin elkartzea hausnarketa bateratua egiteko udalaren jabetzako basoen eta larreen kudeaketaren inguruan. 

Etorkizunera begirako plangintza diseinatzea da helburu behinena, eta hori osatzeko udalak kontuan hartu nahi du herritarren ikuspuntua. Landuko dituzten gaiak izango dira, besteak beste, zein egoeratan dauden udalaren jabetzako basoak eta larreak eta nola kudeatuko dituzten etorkizunean. 

Mila Elorza izendatu dute Angiozarko alkate

Joan den asteburuan izan zituzten hauteskundeak Angiozarren, eta auzotarrek Mila Elorza hautatu zuten Angiozarko Bailarako Batzarreko ordezkari. Errolda 240 herritarrek osatzen dute, eta %55ak eman zuen bozka. Elorza bostgarrenez izango da auzo alkate, eta legegintzaldi honetan ere harremanetan egongo da, besteak beste, Bergarako Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.

Udalaren oharra San Martzialgo kanparen erreserben inguruan

Udalak oharra argitaratu du San Martzialgo kanparen erreserben inguruan. 

Besteak beste, gogorarazi du San Martzialeko jaia dela-eta, bertako ermitan eta inguruko eremuetan udalak mantentze-lanak egin behar izaten dituela azken ordura arte (belarra moztu, guneak txukundu...). Horregatik, kuadrillen guneak zintekin “gordetzeko” dagoen ohitura ezingo da gauzatu datorren ekainaren 30eko 15:00ak baino lehen.

Ekinez jaialdia dela-eta, herriko zenbait tokitan aldaketak izango dira ostiralean eta zapatuan

Ostiralean eta zapatuan ‘Ekinez’ jaialdia egingo dute herrian. Jaialdia Ekinez elkarteak antolatu du Bergarako udalaren laguntzarekin. Joan den urtean Agorrosin futbol zelaian izan zen; aurten, berriz, Labegaraietako kiroldegian egingo dute. 

Aurreikusitakoak beteta jaien lehen balorazio oso ona egin du Udal Gobernuak

2023ko Pentekoste jaiak amaitu berri, “balorazio oso ona egiten du Udal Gobernuak”, Gorka Artola alkatearen hitzetan. Balorazio sakonagoa datozen egunetan egingo bada ere, esan daiteke aurreikusitako ekintza guztiak egin direla, eta “giro ona egon dela herrian. Jendea gogotsu zegoen eta gozatzeko aukera izan duela esango nuke”. Eguraldia ere lagun izan dute bergararrek eta bertara etorri direnek.

Pentekoste jaietan auzoetarako garraio zerbitzua egongo da

Bergarako Udalak 2023 urtean  auzoetako bizilagunei jaietan garraio zerbitzua eman nahi die, auzora edo/eta baserrira joateko. Gaur, maiatzak 26, hasi eta asteartera arte emango da zerbitzua

taxi bidez, Elinardo Felix Peralta taxistarekin. Honako baldintzatan:

1.- Bidaiako erabiltzaileak bidaiako 4,50 euro ordainduko du eta Udalak 8,70 ordainduko du.

2.- Jaietan auzo-taxi zerbitzua izango da eta eskatu egin beharko da behar denean telefono honetara deituta: 699348688

Orriak