Gaur egungo gizarte testuinguruak aldaketa sakonak eragin ditu gizarte harremanetan eta horregatik, azken urteetan gizarteak diskurtso publikoan bakardadearen gaia barnebiltzearen beharra sentitzen du. Horrek, besteak beste, agerian uzten du bakardadea esperientzia subjektibo gisa era murritzagoan sentitzen duen gizarte kohesinatua sortzeko beharra.

Bakardade-esperientziek osasunean eta ongizatean duten eragina kontuan hartuta hainbat administrazio publikoek beren estrategien erdigunean kokatu dute, hala nola Hariak estrategia, Gipuzkoako Foru Aldundiak bakardadeen aurrean duen estrategia (2022–2026).

Estrategia honek lurraldeko tokiko zaintza-ekosistemetan integratuko diren bakardadeak prebenitzeko eta jorratzeko tokiko ekosistemak eraiki nahi ditu, pertsonek trebetasun eta baliabide pertsonal gehiago izateko baldintzak sortuz. Debagoiena Ehuntzen proiektua estrategia honen aterkipean sortu den eskualdeko proiektua da.

Debagoiena Ehuntzen proiektuaren helburu nagusia landa eremu ezberdinak dituen eskualde batean ezarritako ekosistema bat abian jartzea da, bakardadeak begirada komunitario, normalizatzaile, parte-hartzaile, inklusibo eta estigmarik gabeko batetik lantzeko asmoa dituena. Eskualde ekosistema planteamendu honek bakardadeei ikuspegi integral eta ulergarritik heltzeko beharra nabarmentzen du; bakardadeak fenomeno indibidualizatu gisa ulertzetik aldendu eta bakardadearen erantzunkidetasun komunitarioa sustatzean oinarritzen da.

Orain arte, proiektuaren abiapuntua definitzeko, Debagoienan adinekoen bakardadeen eta behar sozialen egoera ezagutzeko hainbat ekintza egin dira. Eskualdeko udalerri bakoitzeko -Arrasate, Bergara, Elgeta, Aretxabaleta, Antzuola, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñatiko- perfil tekniko eta politikoak biltzen dituen mahaia sortu da, koordinaziorako eta gobernantzarako espazio bat eratuz. Momentu honetan, talde horrek bakardadeei heltzeko ibilbide orria definitzen dago. Ibilbide horretan, bakardadeei aurre egiteko komunitatearekin lan egiteko beharra eta bide orria zehaztu da; baina lehenik eta behin, komunitatearen inguruko informazioa jaso ahal izateko, bakardadeen inguruko sakoneko elkarrizketa kualitatiboak (momentuz hauen emaitzen txostena garatu gabe dago) eta online eta paperean egindako galdetegiak martxan jarri dira.

Horietan jasotako informazioa kontutan hartuta, esan daiteke galdetegian parte hartzen duten pertsonen artean dagoen bakardadea nazioarteko beste azterlan batzuen prebalentzia-maila antzekoan dagoela. Parte hartu duten 444 pertsonetatik % 26,0k dio askotan edo beti sentitzen dela bakarrik. 65 urtetik gorakoen kasuan, datu hori Debagoienan erantzun dutenen % 22,0ri dagokio. Bestalde, nabarmentzekoa da inkestaren datuek zalantzan jartzen dutela bakarrik edo bakarrik bizitzearen eta bakardadea sentitzearen arteko lotura. Izan ere, bakarrik sentitzen diren pertsonen % 49,5 lagunduta bizi dira. Hala ere, parte-hartzaileek emandako datuen arabera, % 15,6k gizarte-isolamendua izateko arriskua izango luke, laguntza ematen dien sarea txikia delako.

Bakardade-sentimenduak hainbat premiatatik sor daitezke. Eskualde-mailan, % 75,1ek dio bakardade emozionalaren adierazleren bat sentitzen duela; hutsune- edo abandonu-sentimenduari edo inguruan jendea izatearen faltari lotutakoa. % 36,5ek intimitate-figurarik ez izateari erlazionatutako esperientzia guztiak identifikatzen ditu. Era berean, % 76,3k gizarte-bakardadearen seinale den adierazleren bat du; hau da, laguntzarik behar izanez gero norengana jo ez izatea, erabat fidatu beharreko jendea ez izatea eta adiskidetasun oso estua duten pertsonak ez izatea. Kasu horretan, % 38,4k aitortzen du gizarte-bakardadearen ezaugarri diren esperientzia guztiak aurkezten dituela.

Datu horiek, neurri batean, beste pertsona batzuekin konektatzeko beharra kuantifikatzen dute, gizarte-premiak asetzeko eta pertsona bakoitzak bere alea jartzeko. Beste era batera esanda, pertsonentzat beste pertsonekin konektatzeko eta komunitatearekin lan egiteko moduek duten garrantzia.

Ehuntzen proiekturen barnean bakardadeak lantzeko aurreikusten diren ekintzen artean, urtarrilean udalerri guztietan zehar bakardadeei buruz hitz egiteko antolatuko diren hitzaldiak dira, Elisa Salas ikerlari eta gizarte aholkulariak gidatua. Otsailean berriz, nahi ez diren bakardadeak lantzen dituzten esperientzia ezberdinak ezagutzeko saioak antolatuko dira.