Bergarako Udalak Etxebizitza Mahaia eratu du astelehen honetan, herrian etxebizitzaren inguruan dauden erronkei modu koordinatuan heltzeko eta egoeraren eragina ahalik eta gehien arintzeko helburuarekin. Mahaia osatzeko, gobernu taldeak udaleko gainerako alderdi politikoetako ordezkariak gonbidatu ditu, auziarentzako konponbide partekatuen beharra azpimarratuz.

Azken asteetan, Udalak pauso esanguratsuak eman ditu etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Horien artean nabarmenena da Bergara Etxebizitza Gune Tentsionatu izendatzeko eskaera ofiziala Eusko Jaurlaritzari helarazi izana. Izendapen horrek tresna eta neurri espezifikoak martxan jartzea ahalbidetuko luke, hala nola alokairuen kontrol handiagoa eta espekulazioaren aurkako babes neurriak.

Udalaren esanetan, Etxebizitza Mahaia izango da aurrerantzean diagnosi partekatua egiteko, datuak aztertzeko eta neurri eraginkorrak proposatzeko espazioa; horretarako, Mahaiak bilera periodikoak egingo ditu.

Markel Azkargorta zinegotziaren iritziz, etxebizitzaren auzia herriko ongizatearen, jasangarritasunaren eta belaunaldi berriei bizitzeko aukera duinak eskaintzearen gakoetako bat denez, beharrezkoa da eragile politiko guztien arteko lankidetza estua: “Erronka hau modu kolektiboan ulertzen dugu. Bergararen etorkizunerako erronka nagusietakoa da etxebizitza, eta helburua da neurri sendo, eraginkor eta adostuak hartzea”.