webmaster-k Ar, 2026-03-03 08:56-n bidalia
Bergarako Udalak jakinarazi du Barrenkale berritzeko lanak amaitu berri direla, 2025eko martxoaren 3an hasi eta urtebetera. Obrak Zubieder enpresak gauzatu ditu, 1.447.382,65 euroko inbertsioarekin (BEZa barne). Proiektu hau legegintzaldi honetako jarduketa estrategikoetako bat izan da, eta Udal Gobernuak agintaldi hasieran iragarritako alde zaharra eta tokiko komertzioa biziberritzeko lan ildoarekin bat dator.
Urbanizazio lanek kale osoko zorua eta azpiegitura teknikoak eraberritu dituzte, segurtasun eta irisgarritasun irizpideak lehenetsita. Helburua izan da Barrenkale espazio publiko eroso eta erakargarria bihurtzea, bizilagun, merkataritza eta bisitariak kontuan hartuta.
Proiektuak, besteak beste, honako hobekuntzak ekarri ditu:
• Zoru eta espazioaren berrantolaketa, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko.
• Azpiegitura hidrauliko eta elektrikoen eguneraketa.
• Kale ingurune duinago eta erosoago bat sortzea, merkataritza txikia sendotzen laguntzeko.
Modu horretara, alde zaharra biziberritzeko proiektu estrategikoaren baitan, hurrengo urratsa San Martin plazaren eraldaketa izango da. Obrek 1.950.569,54 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute, eta bost hilabeteko epean gauzatuko dira. Gaurkoz, apirilean hasteko aurreikuspenarekin ari dira lanean enpresako zein udaleko teknikariak.
Markel Azkargorta zinegotziak adierazi duenez, “kalea erabat berritu dugu: azpiegitura tekniko guztiak eguneratu dira, irisgarritasuna hobetu dugu eta espazio atseginago eta seguruago bat sortu dugu auzokoentzat, merkatarientzat zein egunero kalea erabiltzen duten guztientzat. Hasieratik argi izan genuen proiektu integral honen helburua alde zaharra biziberritzea eta gure herriko komertzioari bultzada ematea izan dela. Barrenkale-rekin urrats garrantzitsua eman dugu, eta datozen hilabeteetan San Martin plazarekin hasiko gara”. Bukatzeko, Azkargortak eskerrak eman nahi izan dizkie Barrenkaleko bizilagunei eta merkatariei izan dituzuen iradokizunengatik eta lanek iraun duten bitartean erakutsitako pazientziagatik.

