Bergarako Udala-k Al, 2025-02-10 21:21-n bidalia
Bergarako Udalbatzak 2025erako aurrekontuak behin betiko onartu berri ditu astelehen honetan ospatutako ezohiko plenoan. Aurrekontu hauek, 38,5 milioi eurokoak, Legealdi Planaren helburu estrategikoak gauzatzeko eta udalerriaren ongizatea sustatzeko bide nagusia izango dira. Aurreko urtearekin alderatuta, %14ko igoera izan dute, eta honi esker, bergararrei zuzenduriko proiektu eta zerbitzu asko garatuko dira datozen hilabeteetan.
Aitor Aranzabal alkateordeak azaldu duenez, “Aurrekontu hauek gure udalerriaren eraldaketa bultzatzeko baliabide nagusiak izango dira. Helburua da Bergara bizi kalitatean erreferente bihurtzea, espazio publikoak eta zerbitzuak hobetuz, eta auzo guztiak kontuan hartuta”.
Inbertsio estrategiko nagusiak honakoak dira:
• Barrenkale eta San Martin plazaren berrurbanizazioa: Helburua alde zaharra eta eremu monumentalaren biziberritzea da. “Bergararen bihotzari itxura eta bizitasun berria ematea ezinbestekoa da gure ondare kulturala eta turistikoa sendotzeko”, azpimarratu du Aranzabalek. Obrak datozen asteetan hasiko dira.
• Udal eraikinetako hobekuntzak: Herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak irisgarriago eta erosoago egiteko, udaletxeko eremuak berrituko dira. Proiektu honetarako 1 milioi euro bideratuko dira.
• Agorrosingo kiroldegia eta Arrizuriaga jauregia: Agorrosingo kiroldegiko teilatua konponduko da, milioi bat euroko inbertsioarekin. Arrizuriaga jauregian, berriz, kultur proiektu erreferente bat egokituko da. “Herriari kultura eskaintza indartsu bat bermatzea gure lehentasunetako bat da,” adierazi du Kultura arduradunak.
• Emakumeen Txokoa: Berdintasun politiketan sakontzeko, herriko emakumeen parte-hartzearekin diseinatutako espazio hau martxan jarriko da Arrizuriagan.
• Segurtasuna eta irisgarritasuna: Boluko maldan segurtasuna bermatzeko 536.000 euro bideratuko dira. “Herri guztiko auzoak eta eremuak seguruago eta bizi-kalitate handiagoarekin hornitu nahi ditugu”, gehitu du alkateordeak.
Jasangarritasuna ere ardatz nagusietako bat izango da 2025ean. Eraikin publikoetan instalazio fotoboltaikoak egiteko 388.000 euro erabiliko dira, energia burujabetza bultzatzeko helburuarekin. Era berean, baserri bideak mantentzeko eta konpontzeko 272.000 euroko inbertsioa egingo da.
Herritarrei zuzenduriko zerbitzu nagusiak ere indartuko dira:
• Etxez etxeko laguntza zerbitzua: Hirugarren adinekoei arreta hobetua emateko 1,1 milioi euro bideratuko dira. “Adinekoen autonomia eta bizi-kalitatea bermatzea ezinbestekoa da guretzat,” adierazi du Aranzabalek.
• Laboratorium museoaren urteurrena: Museoak bere hamargarren urteurrena ospatuko du urte osoko programazio bereziarekin, 200.000 euroko aurrekontuarekin.
• Kultura eskaintza: Herriko kultur ekimenak aberasteko 343.000 euro bideratuko dira.
Ohiko gastu arrunten artean, hondakinen bilketa eta beste zerbitzu batzuk finantzatzeko 2,5 milioi euro erabiliko dira, eta udal langileen lansariak 11,2 milioi euro izango dira.
Alkateordeak nabarmendu duenez, “Legegintzaldia hasi genuenean aurkeztu genuen Gobernu Plana, eta aurrekontu hauek bertan zehaztutako erronka nagusiei erantzuten diete. Datozen hilabeteetan proiektu hauen inguruko informazioa herritarrei helaraziko diegu, parte-hartzea sustatzeko ekimenak barne”.