Urtarrilaren hasieran Bergarara etorri berri ziren pertsonei harrera egin zien Udalak. Ez zen ekitaldi isolatua izan, eta bertan azaldu zen moduan, elkarlanerako bideak zabaldu ziren, Gorka Artola alkateak azaldu duenez. Tartean, orain argitaratuko den gidarako lehen zirriborroa aurkeztu zitzaien ekitaldian parte hartu zuten pertsonei, ondoren, haien ekarpenekin osatu dena. Gida aurkezteko agerraldia egin dute alkateak eta Ongizate zinegotzi Zihortza Marzanek.

“Bergara harrera herria izatea nahi dugu, eta ikusten genuen norabide horretan urratsak egin behar genituela. Hortik abiatuta, egoera horretan dauden pertsonei bidean nola lagundu pentsatzen aritu ginen, baina ez hori bakarrik, alde biko bidea izatea nahi baitugu”, esan du Artolak.

Askotarikoak dira pertsona bat bere bizilekua uztera behartzen dituzten arrazoiak, eta maiz egoerak ez dira errazak izaten, “horregatik, beharrezkoa ikusten dugu hona etorri berritan bidea erraztu behar diegula. Ez hori bakarrik, herria ezagutu dezaten, eta eskaintzen dituen jarduera eta zerbitzuak ezagutarazteko bidea ere bada”, Alkatearen hitzetan. .

Gaur aurkezten duguna bitarteko zehatz bat dela esan du Artolak, baliabideen gida bat. “Baina bereziki interesgarria da hori osatzeko egindako bidea, eta baita urtarrilaren hasieran egindako ekitaldi horretatik abiatutakoa izatea. Izan ere, hona datorren pertsona bakoitzak, bere bizipenak, kultura, hizkuntza... eta badakartza berarekin, eta elkarren arteko zubiak zabalduz elkar elikatzeko aukera ezin hobea da hau. Eman nahi baitiegu lekua, eta ezagutu nahi baititugu pertsona horien guztien kulturak, ohiturak... Abiapuntu bat jarri dugu, bide horretan lanean jarraitzeko helburuarekin, Bergara harrera herria izan dadin nahi baitugu.

Zihortza Marzanek azaldu ditu lanerako prozedurak eta gidak berak jasotzen duena aurreratu du. Abiapuntua informazioa jasotzea eta hori bateratzea izan da. “Bergarara bizitzera datorren pertsona edo familia batek hasiera batean beharko lukeen informazioa batzea izan da lehen lana. Informazio hau ez da soilik udalaren inguruko informaziora mugatzen. Bertan etapa berriari aurre egiteko pertsona edo familia horrek beharko lukeen informazio nagusia jasotzen da. Atal bakoitzean aurkituko dira zerbitzuari dagokion sarrera txiki bat, helbidea, ordutegia eta kontaktua.

Bertan jasotzen dira, esaterako, herriaren aurkezpen labur batekin batera: herriko gune interesgarriak, itzulpen zerbitzuaren inguruko informazioa, erroldatzeari buruzkoa, erregularizazioari buruzkoa,  Gizarte zerbitzuei buruzkoa, etxebizitzaren gaiari lotutakoak, adineko pertsonentzat gizarte-etxeen ingurukoa, hezkuntzari lotutakoak, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen ingurukoak, enpleguari buruzko informazioa edota herriko eragileen ingurukoa eta parte-hartze irekia duten elkarte batzuen ingurukoa. Gida euskaraz egiteaz gain, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz egin da.

Gida hau Bergaran bizi diren migranteekin eta azken urtean etorri berri direnekin konpartitu da eta beraien ekarpenekin aberastu da.

Hemendik gutxira gida hau udaleko web orrian egongo da eskuragarri eta erroldatzen diren herritar berriei honen berri emango zaie. QR bidez web orrira bideratuko dira. Izan ere, ez da gida hau liburuxka moduan argitaratuko, zerbait dinamikoa izateko helburua baitu, eta eguneratzen joango da.

Erroldatzerako momentuan norbaitek arazoak izango balitu web orritik lortzeko, udalean inprimatuta emango zaio.