Aroztegi aretoaren 2027. urterako erabilera eta programazioa arautuko duen baldintza-agiria aurkeztu du Bergarako Udalak. Ekimen honen bidez, artistei beren lana erakusteko aukera eman nahi zaie, arte erakusketari eskainitako espazio batean, horrela, komunitatean sormena eta adierazpen artistikoa sustatuko baitira.

Aroztegi aretoan beren lanak erakutsi nahi dituzten artistek Bergarako Udal Erregistro Elektronikoan aurkeztu beharko dituzte eskaerak, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak jasotzen dituen gainerako bideetatik. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 25eko 13:00ean bukatuko da.

Eskaera aintzat hartua izan dadin, artistak udalak prestatutako eredua (F0124 inprimakia) erabili beharko du, behar bezala beteta eta sinatuta. Horrekin batera, bere ibilbide artistikoa azaltzen duen dosier bat, erakutsi nahi dituen lanen argazkiak eta lan horien behin-behineko zerrenda bat, neurri eta pisuekin, aurkeztu beharko ditu.

Nabarmentzekoa da eskaera egiteak ez duela ziurtatzen erakusketa-proposamena urteko programazioan onartuko denik. Jasotako proposamenak aztertuko dituen batzorde misto batek egingo du azken hautaketa, eta alkateak hartuko du behin betiko erabakia. Eskaera aurkeztu dutenek abenduaren 12tik aurrera ikusi ahal izango dute onartuen zerrenda.

Agiriak dio, gainera, aurreikusitakoez bestelako ekintzak egin behar izanez gero, batzorde mistoak duela horiek ebazteko eskumena, baina alkateak berretsi egin behar dituela. Halaber, 2027an aretoa ezinbesteko arrazoiengatik itxi beharko balitz, programatuta egon arren egin ezin diren erakusketek lehentasuna izango dute hurrengo urteko programazioan.

Informazioa: https://bergara.eus/eu/Kultura/Aroztegi

Arloa: