Herriko eragile zein herritarrentzako zuzendutako saio hau azaroaren 9an izango da, astelehenean, 18:30ean, Bergarako Irizar jauregian.

Euskararen egoerak kezka sortzen du udalerri euskaldunetan, eta etorkizunari begira zer egin daitekeen aztertzeko aukera izango dute bergararrek azaroaren 9an. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) sustatutako Esnatu dinamikaren barruan, hitzaldia egingo dute Irizar jauregian, 18:30ean, Ibon Aginaga Imatz UEMAko teknikariaren eskutik.

Bergarako Udalak, Jardun euskara elkarteak, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) eta Udal Euskaltegiak elkarlanean antolatu dute hitzordua, euskararen egoeraren inguruko kezka partekatu eta udalerrian hizkuntza indartzeko egin daitekeenaz hausnartzeko.

Ekimenaren bidez, euskarak gaur egun bizi duen egoeraz ohartarazi eta udalerri euskaldunak indartzeko beharra jarri nahi dute mahai gainean. UEMAren arabera, egungo joerak bere horretan jarraituz gero, euskarak atzera egin dezake baita hizkuntza oraindik ere indartsu dagoen eremuetan ere. Horri aurre egiteko, herritarren eta tokiko eragileen inplikazioa ezinbestekotzat jo dute.

Kezka horren oinarrian dago, besteak beste, Siadeco ikerketa-kooperatibak UEMAk eskatuta egindako Nora doa euskara? Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa lana. Ikerketak datozen urteetarako euskararen bilakaerari buruzko hainbat ondorio kezkagarri utzi zituen agerian. Biztanlerian gertatzen ari diren aldaketek, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeek eta udalerri euskaldunetako hizkuntza-ohituren bilakaerak arreta berezia eskatzen dutela nabarmendu zuen UEMAk.

Esnatu dinamikaren helburua da errealitate hori herritarrei hurbiltzea eta egoerari buelta emateko bideak elkarrekin aztertzea. Horretarako, diagnostikoa partekatzeaz gain, udalerrietan eragin dezaketen neurri eta ekimenak lantzeko gonbita egiten diete tokiko eragileei.

Bergarako eragileen egitekoa aztergai

Hitzaldian, lehenik, Euskal Herriko eta Bergarako egoera soziolinguistikoaren argazkia egingo dute, azken urteetako bilakaera kontuan hartuta. Ondoren, UEMAk prestatutako Lurralde Estrategiaren berri emango dute, udalerri euskaldunak indartzeko proposamenak azaltzeko.

Azken zatian, tokian tokiko errealitateari helduko diote: Bergarako eragileek zer egin dezaketen udalerri euskaldunari eusteko eta euskararen erabilera sustatzeko. Hala, hitzaldia ez da egoeraren azterketara mugatuko; aurrera begirako erronkak partekatzeko eta elkarlanerako aukerak identifikatzeko gunea ere izango da.

Arloa: