Bergararekin 21 dira jada Euskadin tentsionatuta dauden udalerriak, astearte honetan bertan Sopela eta Urduliz zerrendara batu ostean. Euskal biztanleriaren % 55 baino gehiago da: 1.198.000 pertsona.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) 1.123 etxebizitza berri mugiarazi daitezkeela aurreikusten da; horietatik 291 BOE izango dira eta 448 tasatuak, alokairua lehenesteko. Planak aurreikusten du 790 etxebizitza huts mobilizatzea eta lonjak, baserriak eta tamaina handiko etxebizitzak eskaintza berria sortzeko baliatzea.

Bergara etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu izendatu dute, horren helburua etxebizitzarako sarbidea hobetzea eta udalerriko herritarrek — batez ere alokairuko etxebizitza baten bila dabiltzanek— dituzten zailtasunei erantzuna ematea da. Izendapenari lotutako ekintza-planak neurriak ezartzen ditu 2026 -2028 aldian alokairuaren prezioak mugatzeko, eskaintza eskuragarria handitzeko, etxebizitza hutsak mobilizatzeko, birgaitzea bultzatzeko eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko.

Testuinguru horretan, Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordea Gorka Artola alkatearekin eta Markel Azkargorta Hirigintzako zinegotziarekin bildu zen pasa den astean udalerriko etxebizitza -egoera eta planean jasotako neurriak aztertzeko. Horrez gain, babestutako etxebizitzak eraikitzeko asmoa duten hainbat lursail ere bisitatu zituzten . Izan ere, A17.1 (Artzamendi) udal -partzela — 20 BOE hartzeko ahalmena du— lagatzeko eta laster egikaritzeko aukera zehaztu d ute . Miguel Altuna institutuaren eraikin berriaren inguruko eremuen aukerak ere baloratu dira, baita Urteaga eta Algodonera zaharraren eremukoak ere, hurrenez hurren.

Gaur egun, Bergaran alokairuaren batez besteko prezioa % 21,5 handitu da azken bost urteetan, eta 470 espediente daude aktibo Etxebiden; horietatik % 86,6 alokairuko etxebizitza bat eskatzen dutenenak dira. Izena eman duten pertsonen % 77,5ek diru -sarrera baxuak edo ertain -baxuak dituzte, eta % 26,8k 36 urte baino gutxiago. Eskaera kopuru handi horri gehitu behar zaio etxebizitza babestu eta publikoen parke txikia, guztizkoaren % 6,4 baita. Horren ondorioz, bizitegi-aukera eskuragarriak zabaltzeko beharra handiagoa da.

Artolak, bere aldetik, azpimarratu du etxebizitza duin bat eskuratzea dela herritarren kezka nagusietako bat, eta Udalarentzat lehentasuna. "Lan egin behar dugu Bergaran bizi-proiektua garatu nahi dutenek etxebizitza prezio eskuragarrian eskuratzeko benetako aukerak izan ditzaten. Horretarako, ezinbestekoa da administrazio ezberdinen arteko lankidetza eta egungo beharrei, batez ere gazteei eta alokairua eskuratzeko zailtasun handienak dituzten familiei, erantzun zehatzak emateko plangintza bat” adierazi du alkateak.

Etorkizuneko garapenetan etxebizitza babestua eta alokairua lehenestea

Dokumentuak ez du epe laburrerako bizitegi -hedapen berri bat egitea proposatzen; aitzitik, eskaintza publikoa eta babestua handitzeko dauden aukerak hobeto aprobetxatzea eta administrazioen arteko lankidetza indartzea proposatzen da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin eta Visesarekin akordioak egitea aurreikusten du, batez ere, titulartasun publikoko lursailetan; horrez gain, lurzoru -beharrak eta jarduketak egikaritzeko aukera emango duten lankidetza -formulak aztertzen ditu. “Tentsionatutako eremu izendatzeak tresnak ematen dizkigu, baina garrantzitsuena da tresna horiek estrategia errealista, koordinatu eta egikarigarri baten barruan erabiltzea”, adierazi du De los Toyosek. Sailburuordeak defendatu duenez, jarduketek plangintza, lurzoruaren erabilgarritasuna eta erakundeen arteko lankidetza uztartu behar dituzte, proiektu bakoitzaren epe eta aukeretara egokitutako helburuekin.

Etxebizitza hutsak mobilizatzea eta dagoen parkea hobeto aprobetxatzea

Bergaran 62 etxebizitza daude gaur egun Bizigune programan. Etxebizitza gehiago erakartzeko, planaren proposamena da programari lotutako pizgarriak mantentzea eta hutsik dauden etxebizitzekin lotutako neurri fiskalak aztertzea. Horien artean, ohiko bizileku ez diren etxebizitzei aplikatutako OHZren errekargua (gaur egun % 50ean dago) araudiak baimentzen duen gehieneko kopurura igotzeko aukera aztertzea dago.

Birgaitzea da beste jarduteko ildo bat. Dokumentuak proposatzen du bizitegi-parkearen beharrak identifikatzea, eraikinen irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzea, eta lehentasuna ematea esku-hartzeak behar dituzten egoerei, hala nola bizigarritasun-baldintzei, adinekoei edo hutsik dauden etxebizitzei.

Artolak nabarmendu du etxebizitzaren problematikari tokian tokiko errealitatea eta herritarren beharrak ezagutuz heltzeko garrantzia. jarraitu behar du, gaur egun erabiltzen ez diren etxebizitzen egoera zein den jakiteko eta alokairuaren merkatuan sartzea zein neurrik erraztu dezaketen identifikatzeko”. gaineratu duenez, “gure helburua da gero eta pertsona gehiagok Bergaran etxebizitza egoki eta eskuragarria aurkitzea, eta horretarako funtsezkoa da ahaleginak batzea eta eskura dauden tresna guztiak aprobetxatzea”.

Aukera berriak sortzea, lurzoru gehiago okupatu gabe

Planak proposatzen du, gainera, bizitegi -eskaintza zabaltzeko eraikita dauden espazioak hobeto aprobetxatzea, hirigintza -garapen berrien mende egon beharrik gabe. Proposatzen dituen aukeren artean daude, baldintza arautuetan, lokalak etxebizitza bihurtzeko erraztasunak ematea, baserri jakin batzuen banaketa aztertzea — nekazaritza-jarduerarekin bateragarria denean— , eta tamaina handiko etxebizitzen segregazioa ahalbidetzea.

Neurri horien ondorioz, beharrezkoa da udal-ordenantza eta prozedurak berraztertzea, etxebizitza bakoitzaren ezaugarriak aztertzea eta etxebizitza berriek bizigarritasun-baldintzak betetzen dituztela eta hiri ingurunean egoki integratzen direla bermatzea. Dokumentuak lokalei buruzko araudia eguneratzea, izapideak sinplifikatzea eta bizitegi - erabilerara gehitu litezkeen espazioak aurkitzea proposatzen du.

Eskaerari erantzutea eta erakundeen arte an koordinatzea

Etxebizitza bat behar duten pertsonen arreta hobetzeko neurriak ere jasotzen ditu planak. 2024an, gizarte -larrialdietarako laguntzetan udalak egindako gastuaren % 51,32 alokairurako izan zen; 149.300 euro. Laguntza horien kudeaketa etxebizitza.prestazio sistema berrira egokitzea, Etxebiderekin koordinazioa indartzea eta eskuragarri dauden laguntzen tramitazioan herritarrei informazioa eta laguntza ematea proposatzen du dokumentuak.

Era berean, larrialdiko bizileku-baliabideek, egoitza-alternatiba eskuragarririk ez dagoelako, beren okupazioa luzatzen dutenean sortzen diren zailtasunei aurre egitea proposatzen du. Helburua da gizarte-zerbitzuen eta etxebizitza-politiken arteko koordinazioa hobetzea, egoera bakoitzari erantzun egokiak emateko. Ekintza-planak lau ardatz ditu: bizitegi-eskaintza handitzea eta mobilizatzea; dagoen parkea birgaitzea eta aprobetxatzea; eskariari eta kalteberatasun-egoerei arreta ematea; eta erakundeen arteko koordinazioa eta jarraipena. Bere egutegiak 2026 -2028 epealdia hartzen du eta etxebizitza hutsekin, Bizigunearekin, birgaitzearekin, eskariari erantzutearekin eta planaren gobernantzarekin lotuta dauden lehentasunezko jarduketak barne hartzen ditu. Etxebizitza Mahaiak zeregin nagusia izango du udalerriko bizitegi-beharrei buruzko informazioa koordinatu, neurrien jarraipena egin eta eguneratzeko orduan.

Miguel de los Toyos, Gorka Artola eta Markel Azkargorta hurrenez hurren