Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak ematen duten Monzon-Ganuza Euskal utopikoei aurtengo saria Xabier Amurizak jasoko du martxoaren 16an, 18:30ean, Bergarako Seminarixoa aretoan egingo den ekitaldian. 

Euskal Herriari, bere kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak. 2021. urtean Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak egin zuten hitzarmenaren emaitzetako bat da Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria, Olaso Dorrera bisita gidatuak egiteko aukerarekin batera. 2021.urteko martxoaren 9an bete ziren 40 urte Telesforo Monzon hil zela, eta urteurren horren testuinguruan sortu zen ekimena.

Saria sinbolikoa da, artelan bat izan ohi da, eta generazio arteko lotura egitea ere badu helburu, artista gazteen lana sustatzearekin batera. Beraz, alde horiek barnebiltzen ditu sari honek. Lanak aurkezteko deialdi irekia egin zen, eta 2022. urte amaierarako jaso zituzten antolatzaileek lanak. Epai-mahaikideen esanetan, kalitate handikoak denak. 

Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak artelana hautatzeko hiru aditu artistiko izendatu zituzten: Xabier Agirre (EHUko irakasle jubilatua eta Bergarako Beart arte elkarteko lehendakaria), Jesus Mari Lazkano (margolaria) eta Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa). Eta hautatu dute Iker Serrano Robles (Iruñea, Nafarroa, 1982) artista, Arte Ederretan Doktorea EHUn eta bertan irakasle laguntzailea da. 

'Haitz_erroa'

Iker Serranok 'Haitz_erroa' izena duen lana aurkeztu du III. Monzon-Ganuza sari gisa. Euskarak mendeetan zehar irautea harriaren gogortasunarekin lotu nahi izan duela dio. Haitz hitzaren erroa zein doinua aipatzen ditu euskararen jatorriari erreferentzia egiteko. Bere pinturarekin haitza, aizkora, horien zorroztasuna eta antzinatasuna lotzen ditu (euskararekin ere lotura bilatuz bide horietatik). Iragana, oraina eta etorkizuna iradokitzen ditu espazioan kokatu dituen hamar harri zorrotzekin. 

Epai-mahaikideen balorazioa

Serranori buruz hau diote epai-mahaikideek: Badirudi arte garaikidearen praktika berrian pintura bigarren mailan geratu dela. Azken hamarkadetan, baliabide prozesual berriak, praktika heterogeneoak eta tresna berriak sartu dira teknologiatik, baina, batez ere, jarrera berriak, ikusteko eta begiratzeko modu desberdinak, eta, ondorioz, itzulpen formal berriak, hala nola instalazioa, ikus-entzunezkoa edo eskulturaren nagusitasuna. Baina arteak ideia unibertsalekin lan egiten du eta pinturak nazioarteko eszenan jarraitu du, proiektu oso pertsonalei aurre egin die eta bide orokorretatik edo mainstreametik kanpo. 

Iker Serrano kasu horietako bat da; figurazio kolorista baten bidez, pintura-ingurunean bertan oinarritutako lana egin du, autoreferentziatik artista gisa duen esanahia zalantzan jarriz, bidaiaren ideiarekin, pinturarekin, arketipoarekin eta subkontzientearekin lotura estua duten elementu narratiboak erabiliz. Ikuspegi denboraz kanpokoa, telurikoa planteatzen du, unibertsoari eta haren memoriari irekia. Denboraren, kultura-denboraren, denbora geologikoaren gainean margotzen du, baina baita guri buruz hitz egiten duen denbora bat ere, gure espazio minerala, gure arrastoahomo faber gisa eta hori guztia, pintura garaikidetasunetik antzina-antzinako praktika aldarrikatuz.

Aurreko urteetako sariak

Hirugarren edizioa da aurtengo saria. 2021. urtean Libe Goñik Zaloa Ipiñaren artelana jaso zuen. 

2022. urtean, berriz, Jose luis Elkorok eta Mari Karmen Aiastuik Laida Lertxundik egindako lana jaso zuten.