Urtarrilaren 30ean egin du Bergarako udalbatzak 2023. urteko lehen osoko bilkura. Bertan eman dio lehen onarpena adineko pertsonen kontseiluaren erregelamenduari, kontseilua sortzeko prozesuan beste urrats bat eginez. EH Bilduren (9) aldeko botoekin onartu da proposamena. EAJ-PNV (6 boto) eta PSE-EE (boto 1) abstenitu egin dira. 

Kontseilu hau sortzearekin azken urteetako eskaera bati erantzuten zaio. Hainbat eragilerekin (Nagusilan, San Joxepe, Goienagusi eta Duintasuna) batera ondutako proposamena da, Nagore Iñurrategi udal gobernuaren bozeramalearen esanetan, eta adineko pertsonen partaidetza, ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea da, besteak beste, kontseilu honen helburuetako bat. 

EAJ-PNVko bozeramale Maite Agirrek azaldu du ez duela kontseiluaren beharrik ikusten, eta zalantza agertu du taldeen autonomia zenbateraino mugatu dezakeen. Iñurrategik erantzun du kezka jasotzen duela Gobernuak, baina ez duela partekatzen. Izan ere, azaldu du beste kontseilu batzuk sortuta daudela dagoeneko, eta ez dagoela halako mugarik. Are gehiago, eragileekin elkarlanean ari direla gogoratu du. Eta azaldu du kartera mapa deritzonak parte-hartzerako espazioak sortzea eskatzen duela. 

Ezarritako helburuak lortzeko eragile desberdin eta Udalaren arteko elkarlana eta komunean dauden gaien lanketa egitea da asmoa. Azken hilabeteetako elkarlan horren adibideetako bat da, esate baterako, urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna elkarrekin antolatu eta ospatu izana. 

Gobernuaren 'Bergara izan, bizi, ekin' agintaldiko planean jasota dago egitasmoa. Dagoeneko martxan dauden beste kontseiluetako araudiak aztertu eta honetara egokitu ondoren egin zuen Udalak lehen proposamena. Eragileek horri egindako ekarpenekin osatu ondoren eraman da proposamena plenora. Lehen onarpena eginda jendaurrean jarriko da 30 egunez, ohi bezala. Behin betiko onarpenarekin aurkezpen publikoa egitea aurreikusten da, eta adineko pertsonen inguruan lanean ari diren eragile eta norbanakoak kontseilura batzeko ekimenak jarriko dira martxan.

Beste gai batzuk ere landu dira batzarrean. Esaterako, Mugiment Kirol Txartelari buruzko hitzarmena, Elkarkidetzarako kuotak eta langile publiko izateko prozesuetan bitarteko elektroniko bidezko harremanetarako araudia aho batez onartu dira.

Arloa: