2022. urteko udal aurrekontuen lanketan Bergarako Udal Gobernuak EAJ-PNVrekin hainbat konpromiso hartu zituen. EAJ-PNVren udal taldeak 2022ko azaroaren 23an konpromiso horien betetzearen inguruan hedabideei emandako informazioaren inguruan hainbat gauza argitu nahi ditu Udal Gobernuak, ez-ezagutzak edo beste zerbaitek eraginda, emandako informazioan zuzenak ez diren hainbat gauza aipatzen baitira.

Udal Gobernuaren ustez bergararrek merezi dute udal ordezkarien aldetik informazio zuzena jasotzea, eta, halaber, ordezkari instituzionalei dagokie herritarrak seriotasunez tratatzea, eta zuhurtziarekin jokatzea, eta ez okerrak diren informazioak zabaltzea.

Hartutako konpromisoetatik (12 puntutan jaso ziren) ia denak beteta, edo betetze bidean daude. Esaterako, hileta zibilak egiteko espazioa non kokatuko den zehaztuta dago (Laboratorium Museoaren ondoko antzinako zalditegian), aurreikusitako diru-poltsa handitu egin da, Eraikina egokitzeko diru partida maiatzeko osoko bilkuratik pasa zen, eta 100.000 euro gehitu ziren. 185.000 euro gorde dira hori egiteko. Eta ordenantza berria lantzen ari da.

Herrigunean jolasleku estalia egiteko proiektua azaroaren 15eko Lurralde batzordean esleitu da, eta diru-kopuruan hartutako konpromisoa (100.000€) bikoiztu egingo da, gainera.

Martoko aldeko berrurbanizaioarekin jarraitzeko, bizilagunekin bilera epe laburrean egingo da. Bertan jasoko dira urbanizazioari buruz dituzten iritzi eta ekarpenak. Maiatzeko plenotik pasatutako 4. kreditu aldaketan 40.000€ hartu ziren gerakinetik, hitzarmenean jasotako 250.000 euroei gehitzeko.

Boluko maldaren egonkortzeari dagokionez, berriz, bigarren fasea bukatzear dago. 2023ko aurrekontuetan hurrengo faserako diru partida gordeko da.

2021eko azaroko ohiko udalbatzan haur eta gazteek jasandako sexu-abusuen inguruan aho batez onartutako mozioan jasotako konpromisoei erantzuteko, sailen artean, elkarlanean, heldu zaio gaiari. Proposamen ezberdinak aztertu ostean, hezkuntza mahaiari azaroaren 28an gaia lantzeko proposamena egingo zaio; proposamen honek ikastetxeetan trebakuntza emateko aukera barne biltzen du, eta aldi berean gai honetan hezkuntza komunitatea sentsibilizatzen hastea ekarriko du.

Eta hartutako konpromisoetatik bakarra da oraindik betetze bidean ez dagoena: Simon Arrieta plazaren berrurbanizazioari dagokiona da. Bizilagunen ordezkariekin bilera jartzekoa da Gobernua, bizilagunek ere parte hartu beharko lukete berrurbanizazioan. Konponbidea ez da erraza, baina laster hasiko da lanketa.

 

AKORDIOAN JASOTAKO PUNTU GUZTIETAN GAUR EGUNGO EGOERAREN AZALPENA.