Oinarrietan jasota dagoen moduan, taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua beteta, 'Arin' eguneko arreta-zentroa zabalduko da azaroaren 10ean.

65 urtetik gorako pertsonak eta mendekotasun arrisku edo mendekotasun arin egoeran dauden pertsonek egunean zehar erabiltzeko ekipamendua da. Ekipamendu horren bitartez premia espezifikoekin lotutako intentsitate txikiko laguntza eskainiko da.

Helburuak dira, batetik, erabiltzaileen autonomiari eustea, beren ohiko ingurunean mantentzen eta gizarteratzen laguntzea, eta, hala badagokio, isolamendu-egoerak konpentsatzea. Bestetik, harremanak lantzea, normalean bakarrik edo lan egiten duten senideekin bizi diren pertsonekin. Eta erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzea, prebentzio eta jolas-jarduerekin eta arreta pertsonalizatuarekin.

Erabiltzaileen jarraipena eta balorazioa egingo dira. Estimulazioa edo errehabilitazioa lantzeko esku-hartzea ere aurreikusten da, trebetasunen garapena eginez, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko gaitasunak estimulatzeko jarduera eta ariketa sinpleen bitartez. Hezitzailea ere izango da aisia, hezkuntza eta kultura-jarduerak eginez. Laguntza emozionala ere emango da, gizarte-harremanak edota harreman pertsonalak izateko edo ezartzeko trebetasunak eskuratzeko eta harremanak ezartzeko aukerak sortzeko laguntza eskainiz.

Ez da garraio zerbitzurik eskaintzen. Hala ere, Herribusa zerbitzuak geraleku bat dauka ARIN zentroaren ondoan, eta garraio bide hori erabiliz joan daiteke bertara.

Zerbitzuan sartzeko hiru baldintza bete behar dira: Bergaran erroldatuta egotea, 65 urte edo gehiago edukitzea eta menpekotasun-arriskuan edo egoeran egotea (1. maila, mendekotasun balorazioan 25 eta 39 puntu artean lortu dituztenak).

Erabiltzaileak duen egoera ekonomikoaren arabera ordainduko du zerbitzuagatik, eta hilean 5 € eta 60 € artekoa izango da.

Informazio gehiago jasotzeko BAZ Bergararren Arreta Zerbitzura jo behar da. Udaletxean, 943 77 91 00 telefonoan edo baz@bergara.eus helbidera idatziz.