Irailaren 15etik 18ra egingo dira 2022ko Bergarako San Martin jaiak. Ohi bezala, aurreko larunbatean, hilaren 10ean, feria egingo da.

Egitaraua herriko eragileekin elkarlanean osatu du Udalak, eta Kristina Markina Kultura zinegotziak haien lana eskertu du egitaraua aurkezteko egindako agerraldian: “Bergarako eragileak eskertzea, jaietako programazioa osatzerakoan eskaini duten laguntza guztiarengatik eta egin dituzten ekarpenengatik”.

San Martin jaietan tradizio bihurtu diren ohiko ekitaldiak egingo dira. Feria irailaren 10ean, goizean. Eta San Martin jaietako arima diren danborradak. Helduena 15ean eta haurrena 16an. Helduen danborradan 700 bat pertsonak parte hartuko du -2019an baino zertxobait gehiago- eta 22 talde arituko dira.

Danborradako talde guztiek Udalarekin batera aho batez erabaki dute Pello Garitanori omenaldia egitea. Orain dela gutxi hil zen Garitano, eta azken momenturaino danborradan antolatzaile moduan parte hartu du. Umeen danborradako arima bera izan da. “Umeen danborrada baldin badaukagu, neurri handi batean, Pellori esker da. Eskertu egin nahi diogu orain arte egindako lana eta dedikazioa”, esan du Markinak. Musika Bandak ‘Danbor txikiak’ martxa sortu du bere omenez, irailaren 15eko helduen danborradan jo eta abestuko da lehen aldiz. Horixe izango da Danborradak Garitanori egiten dion omenaldia. Eta asmoa hurrengo urteetako danborradetako martxen zerrendan sartzea da.

Berrikuntzak ere badaude aurtengo egitarauan. Suzko zezena aterako da irailaren 16an 22:00etan. Aurten su artifizialen emanaldirik ezingo da egin, Agorrosingo futbol zelaia obretan dagoelako eta handik bota izan direlako. Azterketa egin ondoren, teknikariek ondorioztatu dute Bergaran ez dagoela arautegiak eskatzen duen segurtasun distantziak bete ditzakeen bestelako eremurik su artifizialak botatzeko. Horregatik, horren ordez erabaki da suzko zezena ateratzea. Gainera, Marinak esan duenez, “urte asko dira Bergaran suzko zezenik ateratzen ez dela, eta gaur egun ume direnek Bergaran ez dute suzko zezenik ezagutu. Aurten izango dute horretarako aukera lehen aldiz.

Beste berrikuntza bat da Afrikako musika eta dantza egongo dela ikusgai Bergarako kaleetan irailaren 18an 18:30etik 20:30era bitartean. Urriko lehenengo asteburuan eskainiko da Seminarixoa aretoan musikala, eta emanaldi horren aurrerapen gisa kalerako ikuskizun bat moldatu dute.

San Martin feria irailaren 10ean

Feriak 2 kokaleku izango ditu aurten:

  • San Martin plazan: barazki, fruta eta gazta lehiaketari lotutako postuak.
    • San Martin plazan odoloste postua ere joango da, herriko harategi hauei esker: Urzelai, Leturia eta Imaz.
    • 12:00etan Erlantz Olabarriak eztiaren eraldaketaren inguruko erakusketa egingo du.
  • Seminarioko patioan: Bestelako produktuen saltzaileak.
    • Talo postua ere jarriko da.
    • Jardun-en tailerrak ere bai, eztiaren ingurukoak.

Ekoizleen feria da, eta indarra eman nahi izan zaie San Martin plazako ekoizleei. Horregatik bereizi dira 2 guneak (eta baita San Martin plazan postu denak ez direlako sartzen ere).

  • San Martin plazan:
    • 6 ekoizle fruta eta barazki
    • 6 ekoizle gazta
    • Bestelako postu batzuk:
      • Ekoudalatx (nekazaritza eta abeltzantza ekologikoa)
      • Mariaren Lagundia (herriko ekoizleak, eskolako gurasoen elkarteko baratza)
      • Eztiaren ekoizlea + erakusketa Seminarixoan
      • Bergarako dendaria (Black bordados)
  • Seminarioko patioan: Gozogintza, arrain-kontserba, hestebeteak…

Zirkulazioari/aparkalekuari dagokionez aldaketak

Ipintza eta San Martin eskoletako aparkalekuak egokituko dira.

 

 

 

Arloa: