webmaster-k Al, 2025-11-24 09:16-n bidalia
Bergarako Udalak amaitutzat eman ditu Arrizuriaga jauregian kokatuko diren Txoko Feministarako eta kulturgunerako prozesu parte hartzaileak, eta, norabide horretan, hurrengo urratsak zehaztu ditu. Bi ekimenen bitartez, herriko kultur eskaintza indartzea eta emakumeen ahalduntzerako espazio propioa sortzea izango da helburua.
Txoko Feminista Arrizuriagako bigarren solairuan egongo da, eta gogoeta prozesu luze baten ondoren definitu da bere izaera. Espazioak emakumeen ahalduntzea, komunitatea indartzea eta praktika feministak sustatzea izango ditu ardatz, ikuspegi intersekzionaletik eta euskara oinarri hartuta. Udalak langile bat kontratatuko du datozen urratsak herritar eta eragileekin batera garatu eta koordinatzeko, eta, aldi berean, emakumeen asanblada sortuko da, prozesuan parte hartu duten 50 emakumeak gonbidatuz, espazioaren funtzionamendua eta jarduerak adosteko.
Bestalde, Kulturgunea ere Arrizuriagan kokatuko da, herriko kultur eragileen topagune eta sormen gune gisa. Proiektuaren helburua da kultur eskaintza indartzea eta elkarlana sustatzea. Une honetan, pertsona bat kontratatuko da Kulturgunearen aurkezpena eta lehen jarduerak koordinatzeko, eta propio sortutako batzordea lanean ari da edukia eta antolaketa zehazten.
Bi proiektuen inaugurazioa eta herritarrei aurkezpena 2026eko udaberrian egitea da asmoa. Udalak azpimarratu du espazio hauek irekiak eta partehartzaileak izango direla, eta herritar eta eragileekin elkarlanean garatuko direla.

