2021eko irailaren 1ean indarrean sartuko da Bergarako Udalaren eta Eulen Servicios Sociosanitarios, S.L enpresaren arteko kontratu berriaren indarraldia. Kontratu honen bidez Bergarako Udaleko etxeko laguntza zerbitzua eta erabilera anitzeko etxebizitzako zerbitzua eskainiko dira.

Kontratua Bergarako Udalak lehiaketa publikora ateratako deialdiaren ondorioa da. Deialdian zerbitzua Eulen Servicios Sociosanitarios, S.L enpresari esleitu zitzaion urtebeterako, beste 3 urtez luzatzeko aukerarekin.

Etxeko laguntza zerbitzua laguntza- eta prebentzio-izaerako zerbitzu bat da, eta mendetasun-egoeran edo mendetasun-arriskuan dagoen erabiltzaileari bere bizilekuan jarraitzen laguntzea, bizilekuan bertan moldatzeko eta ingurune komunitarioan integratzeko aukera eman dio etxeko langile baten laguntza etxean jasoaz.

Laguntza ezberdinak eskaintzen dira, beharren arabera:

  • Etxeko lanetarako laguntza.

  • Laguntza pertsonala.

  • Beste jarduera osagarri edo berezi batzuk.

Etxeko laguntza zerbitzua astelehenetik igandera eskaintzen da, egunean gehienez 4 orduz.

Hainbat helburu betetzen dira zerbitzuaren bitartez:

  • Autonomia pertsonalari eustea edo hura hobetzea, erabiltzaileen narriadura prebenitzea eta erabiltzaileen autonomia-galera konpentsatzea, laguntza partziala edo erabateko laguntza emanez eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak –zaintza pertsonalerako eta/edo eguneroko bizitzako jarduera instrumentalak gauzatzeko beharrezkoak direnak– egiteko. 

  • Bidezkoa bada, pertsonari bizilekuan bizi-kalitate onargarri batekin ahalik eta denbora gehien jarraitzeko aukera ematea, eta ostatu-zerbitzu edo egoitza-zentro batean sartzeko aukera atzeratzea edo saihestea. 

  • Erabiltzailearen segurtasun-sentimendua indartzea. 

  • Erabiltzailearen gizarte- eta familia-arloko laguntza-sarea osatzen duten zaintzaileei babesa eskaintzea eta arreta-zereginaz partzialki liberatzen laguntzea, garapen pertsonal, profesional eta sozialerako baldintza egokiak izan ditzaten.

  • Erabiltzailea zaindu ohi duen zaintzaile nagusia aldizka ordeztea, hura aldi batean falta denean (atseden hartzeko modalitatean). 

  • Beste zerbitzu batzuen esku-hartzea behar dezaketen premia-egoerak detektatzea.

2020. urtean 27.859 ordu eskaini dira. Horietatik %97 astegunetako orduak izan dira, eta %3 igande edo/eta jai egunetakoak. Eskainitako orduen % 37,81 laguntza pertsonalerako, % 57,71 etxeko lanetarako eta % 5,06 beste ekintza batzuetan laguntzeko izan dira. Orduen %89a, mendekotasun/ezintasun maila bat duten pertsonei eskaini zaie.

2020. urtean 95 etxebizitzatan eskaini da zerbitzua, 121 pertsonari. Erabiltzaileen % 69 emakumezkoa da eta % 31 gizonezkoa. Mendekotasunari dagokionez, zerbitzu jasotzaileen % 82ak mendekotasun edo ezintasun maila bat onartua dute. Onuradunen bataz besteko adina, 82,67 urtekoa da.

Kostuari dagokionez, 2020. urtean 673.077,20 €-tako kostua eduki du zerbitzuak. Gastuari aurre egiteko ekarpenak egiten dituzte Udalak, Aldundiak eta zerbitzu jasotzaileak. Honela, Udalak kostuaren % 47 ordaindu du, Aldundiak %27 eta zerbitzu jasotzaileek %26.

Aurrera begira, adjudikazio berriarekin kostuak igo egingo dira, izan ere, zerbitzua eskaintzen duten langileen lan hitzarmena berritu egin da eta honek zerbitzuan aritzen diren langileen soldata hobekuntza bat ekarriko du. 2021ean 30.200 ordutako zerbitzua eskaintzea aurreikusten da, 802.834 €-tako kostuarekin.