Igande arratsaldean San Antonion, Urteagan, Eskusarten, Oxirondo azokaren inguruan eta Bolun urak errekatik irten ziren hainbat puntutan. Horren ondorioz, ur asko pilatu zen errepidean, dozenatik gora auto kaltetuak izan ziren eta hainbat garaje eta atartetan ur ugari sartu zen. Zorionez, ez zen kalte pertsonalik izan.

Oso denbora gutxian, Udal Brigadako langileak lanean hasi ziren enborrekin errekan egindako tapoiak askatzen eta egurrak errekatik ateratzen. Herritarrak eurak ere atarteak eta horien aurrealdeak garbitzen aritu ziren. Hasieratik, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako arduradunekin eta suhiltzaileekin lankidetzan egoera bideratu zuen. Eta Bergarako enpresa bat ere berehala etorri zen laguntzera. Udalak guztiei eskerrak eman nahi dizkie.

Aldiz, Udalak oraindik ez du Ur Agentziaren inongo erantzunik jaso eta atzoko arazoaren muina izan zen Ur Agentziaren eskumena den erreken zaintza eredua. Horrekin Udalak esan nahi duena da erreka gai zela eta dela atzoko zaparradako ur guztia kudeatzeko, baina erreka inguruetan hazten diren zuhaitzek tapoia egin zutela hainbat puntutan. Horregatik, Udalak Ur Agentziari eskatzen dio erreka inguruetako zuhaitzekin duen kudeaketa eredua aztertu dezala, eta errekan hazten diren landare eta zuhaitzekin beste kudeaketa mota bat aurreikustea herritarren segurtasuna bermatuta gelditu dadin.

Erreklamazioen kopia Udaltzaingora

Udalak oraindik ez ditu atzoko kalteen inguruko datu guztiak, baina Udalak herritarrei babesa eman nahi die, eta bide batez eskatu die beraien aseguruei egindako erreklamazioen kopiak Udaltzaingora ekartzeko. Modu horretan Udalak ere kalteen neurria osotasunean ezagutuko luke, eta beste erakundeen aurrean oinarri sendo bat izango luke berriro halakorik ez gertatzeko neurriak hartu daitezen.

Bestalde, atzo iluntzean auzotarrei ohartarazi zitzaien kaltetutako garajeetan autoak ez sartzeko. Dagoeneko sartzeko aukera dute, baldin eta garajeak –pribatuak izanik Udalaren eskumena ez dira- garbitzeko oztopo ez badira.

Horrez gain, asteleheneko 13:24ean zabaldu da zirkulazioaren pasoa Urteaga kalean.

Udalak azkenekoz nahi du herritarrei eskerrak ematea atzo izan zuten jarrera aktibo eta erantzuleagatik. Jarrera horrek izugarri erraztu zuen guztion lana. Eta agintzen du Ur Agentziarekin argituko dugula gertatutakoa, eta berriro halakorik gertatzea ekiditeko ahalegin guztia egingo duela.