webmaster-k Az, 2025-07-16 12:43-n bidalia
Bergarako Udaleko Kirol Sailak Nagi sistema berritzailea ezarri du Agorrosingo udal igerilekuan, igerilarien segurtasuna eta esperientzia hobetzeko helburuarekin. Sistema honek teknologia aurreratua baliatzen du erabiltzaileak soroslearekin denbora errealean konektatzeko, eta aldi berean igeriketa jardueraren inguruko datu zehatzak eskaintzen ditu.
Sistema hau ezartzeak igerilekuaren segurtasuna nabarmen handitzen du, eta premia bereziak dituzten pertsonentzat ere egokituta dago, igeriketa inklusiboago baten aldeko urrats gisa.
Nagi sistemaren ezarpena 2023an Europako diru laguntzen baitan egindako deialdi bati esker gauzatu da. Bergarako Udalak igeritokien digitalizazio proiektua aurkeztu zuen, eta 48.771 euroko diru laguntza eskuratu zuen. Euskal Autonomia Erkidegoan Bergara izan da teknologia hau ezartzeko diru laguntza lortu duen udal bakarra. Proiektua Valentziako ZONYX enpresak garatu du, eta enpresa bera arduratu da Nagi teknologiaren instalazioaz eta hurrengo bi urteetan mantentze-lanez.
Gorka Artola, Bergarako alkatearen hitzetan,
“Bergarako Udalean argi daukagu gure kirol instalazioak seguruak, irisgarriak eta berritzaileak izan behar direla. Nagi sistemaren ezarpenarekin, segurtasuna hobetzeaz gain, igerilekua pertsona guztientzat atseginago eta eskuragarriago bihurtzen dugu. Teknologia bergararron zerbitzura jartzea da gure helburua, eta hau horren adibide argia da”.
Sistema honek igerilarien jarduera monitorizatzeko aukera ematen du, eta arazoak berehala detektatzeko gaitasuna du. Horrek sorosleen lana errazten du eta erantzun denborak murrizten ditu, bizitza salbatzeko aukerak handituz.