Orain dela gutxi Udalak San Antonio auzoan bilera batera deitu zituen auzotarrak. Helburua zen San Antonio kaleko 2 eta 10 atarteen bitarteko orubea urbanizatzearekin bat bertakoen premiak ezagutzea. Bilera oso jendetsua izan zen eta ideia asko irten ziren. Hori guztia kontuan hartuta, Udalak Zetabi Arkitektura Bulegoa SLPri eskatu zion proiektua idaztea.

San Antonio kaleko 2 eta 10 atarteen artean gelditu den orubea urbanizatu nahi du Udalak eta bertan plazatxo bat eta berdeguna jarriko dituzte. Horrekin lotuta, oinezkoen ibilbidea orube horren erditik bideratuko da; autoentzat hamar aparkaleku gehiago sortuko dira; bizikletak uzteko gunea egokituko da; zebrabidea altxatu eta zabalera emango zaio; eta farmazia paretik abiatuta errepidea asfaltatuko da, argiteria led sistemarekin eguneratzeaz gain.

Lanek 106.804,5 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute eta laster aterako da lehiaketa publikora. Behin hasita, lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute.