Santa Marina elizaren inguruetatik berehala heltzen gara San Joxepe baserri/dorretxera. Ez du ia inolako interesik arkitekturaren aldetik, bai ostera, historiaren ikuspegitik, izen bereko ermita egon baitzen bertan: horma batean izena dago idatzita.

Argazkia

Askatsutik gertu dago San Martzial: paraje ikusgarriak ditu, eta mahaiak larreetan. Ermita da bertan jaun eta jabe. Azken urteotan, antzinako itxura berreskuratu du. Jende asko joaten da hara, gustura egoteko moduan baitago prestatuta.

San Martzial eguneko (ekainak 29) jai-giroa ere bete-betean berreskuratu du. Igandea bada, egunean bertan ospatzen dute eta, astean zehar tokatzen denean, uztaileko lehen igandean. Hala ere, aurreko eta ondorengo egunetan jai-giroa izaten da nagusi inguruetan. Santuaren egunean erromeria egiten dute.

Bergarako beste ermita batzuetan bezala, fededunak "axipula", zaragar edo legen moduko bat, sendatzeko eskatzera joan ohi ziren antzinatik.

Ermita XVI. mendekoa da: oin angeluzuzena eta areto-nabe bakarra ditu. Sabaia egurrezkoa da eta egur guztia agerian dago. Arkupeak ditu. Eraikinera erdi-puntuko arku dobeladunak dituen atetik sartzen da. Barruko hormak kareztatuta eta lauzaz estalita daude. 3 aldare ditu: erdikoan San Martzialen irudia duen erretaula txiki modernoa dago, ezkerrekoan San Frantzisko Asiskoaren eskultura neoklasikoa eta eskuinaldekoan Santa Klararen mihisea. Presbiterioko hormetan Agirreolea margolari bergararraren koadroak daude han-hemenka.

Heldu garenaren kontrako aldetik San Martzialetik gora egiten badugu, Lamariñotorrerako eta Zupide baserrirako bidea aurkituko dugu zuhaizti eder batean. Nahikoa leku laua da, laburra eta oso bitxia, landarez gainezka dagoelako. Bidearen erdian iturria dago.

Lamariñotorrea: armarria dauka. Eraikin lauangeluarra da, eta teilatua lau isurialdekoa. Harlangaitzezko hormak ditu alde guztietan, ertzetan izan ezik, horiek harlanduzkoak baitira.

Fatxadako erdi-puntuko bi arkuetatik ezkaratzean sartzen da, eta etxean, puntu-erdiko dobeladun ate batetik. Armarria portadaren erdian dago.

Zupide baserria: oinplano lauangeluarra, bi isurialdeko teilatua eta harlangaitzezko eta harlanduzko hormak ditu. Antzinako egitura galdu egin du: lehen baserrian sartzeko erabiltzen zuten arku zorrotzeko ate dobeladuna ia itsu dago. Fatxada batean leiho bikoitz interesgarria dago, eta arku zorrotzeko beste bat ere bai.

Surraga Gurutzerantz: Iturbe eta inguruko baserrietarako bidean behera goazela, Lamariñoetxeberritik Surraga Gurutzera helduko gara. Eskualde osoan ikusten da gurutzea. San Martin Agirreren omenez ezarri zuten bere kanonizazioaren lehen mendeurrenean (1862-1962).

Argazkia