Kokapena
Bergaratik Eibarrera doan errepidearen alde banatara dago herri-gunea, mendiak eta Deba ibaiak mugatzen dutelarik. Herriaren gainontzekoa Muskiritxu (Muzkitxu), Iraban, Kalparra eta Mekolaldeko zenbait baserrik osatzen dute.
Osintxuko kalea lehenengo garapen industrialaren ondoren osatu zen, konkretuago esateko, 1910ean "Arteche Hermanos" enpresa sortu zutenean. 1905ean, 73 biztanle zeuden 16 familiatan banatuta.
Historia
Elizako artxibo zaharrean "Osiranzu" izenaz agertzen zen, baina herrikideek, etimologia arazoak baino gehiago ohitura kontuagatik, Osintxu deitzen zuten eta horrela gelditu da gaur egunera arte.
1795ean, maiatz eta ekaineko komentzioa zela eta, Muskiritxu gainean, frantsez eta euskal ejertzitoen arteko borroka ugari izan ziren. Bergarako milizia batek menperatu zituen karlisten matxinaden berriak ere badira.
1834eko uholdearen aurretik, San Emeteri eta Zeledonioren omenez eraikitako ermita bat ere bazen gaurkoaren aurrean. Errepideaz bestaldetik, ibai ertzean, zubi ondoan zegoen. Uraren indarrak desagertarazi zuen ermita hau, Deba ibaian agertu ziren santu martiriak besterik ez dira gelditzen. Gaur egungo eliza urte batzuk geroago eraiki zen, eta 1881ean parrokia bihurtu zen.
Osintxun garrantzi handia izan dute betidanik aztikeri eta sorginkeriek. Mugarriko txabolan akelarreak ere ospatzen omen ziren.
Monumentuak
San Emeteri eta Zeledonio Santu Martirien eliza
XIX. mendearen erdialdean eraiki zen, 1834ean, urak ermita zapuztu ondoren. Nabe bakarreko eraikuntza dugu, kainoi tankerako sabaiz osatutako hiru zati dituelarik. Absidea erdi-puntuko arku batean kokatua, zirkulu erdiaren itxurakoa da. Korua bi zutabetan oinarrituta dago eta egurrezko eskulekua du. Aldarera doan harrizko eskailera kenduta, zoruaren beste zati guztiak egurrezkoak dira. Dorreak eliza barrena du oinarria.
Baserriak
Oraindik ere balio handiko egitura arkitektonikoak dituzten aintzinako baserriak daude, Muskiritxu, Iraban eta Kalparra aldean.
- Muskiritxuko aipagarrienak: Arando baserria. Etxaurrean, atarirako sarreran erdi-puntuko arkua. Laukizuzen erako eraikuntza, atzealdean doberaz osatutako arku bat eta aldameneko horman beste arku estuago bat. Barnealdean aipatzekoak dira sabairaino heltzen ez diren zuntoiak. Laspiurgañekoa baserria. Aurrealdean horma-zura, eta bertan sotora garamatzan arku zorrotz bat, erdi itxita. Beste batzuk: Gento, Gantxegigoiti, erdi-puntuko bi arkuz osatutako etxaurre ederra daukana, e.a.
- Kalparran: Izarre, Untzueta, etab.
- Irabanen: Olalde, Azkorta, Oregi, Galartza, Mekoleta...
Ibilbide interesgarriak
Errekaz eta mendiz inguratutako paraje honetan, ibilaldi ederrak egin daitezke. Hauen artean bat berezia dugu: Muskiritxu errekan zehar. Bertan, funtzionatzen ez badute ere, iraganaren usaina gordetzen duten hainbat errota ikusi ahal izango ditugu.
Erroten ibilbidea
Osintxuko kaletik irten, ezkerreko zubia zeharkatu, eta Deba ibaiarekin bat egiten duen Muskiritxu errekan gora abiatu gaitezke.
Osintxuko Bolua
Osintxuko zubitik 50 metrora, San Emeteri eta Zeledonio elizaren aurrean. Muskiritxu errekatik hartzen du ura. Badago errota honi buruzko XIX. mendearen bukaerako daturik. Herriaren hornidurarako hartu ziren bere urak 1927an. 1974ra arte ehotzen zuen alea, eta bere makinak gordeta daude oraindik ere. Azkeneko urtetan alternadorea ere ezarri zitzaion, argindarra lortu nahian.
Atxuriondo Bolua
Osintxuko Bolutik gertu eta Billotegibolutik 500 metrora kokatutako errota. Muskiritxu errekatik hartzen du ura. Ezaguna zen 1890erako. Bere urak ere herriaren erabilpenerako hartu ziren 1927an. Egitura oraindik han dago, baina makinak kenduta daude.
Billotegi Bolua
Osintxuko bidegurutzetik abiatu eta Muskiritxu errekari jarraitu. Kilometro inguruko paseo lasaia eta atsegina egiteko moduko tokia. 1956an, herriaren erabilpenerako hartu ziren bere urak ere, eta errota ez da gehiago erabili. Duela gutxi berreraiki da, bere egitura mantenduaz.
Laspiur Bolua
Antzinatik ezagutzen den etxe bikaina. Antzuolakoa zen 1625ean. Billotegibolutik gora jarraitu eta 500 metrora dago. Orain dela 60 urte utzi zion lanari. Ondoren, turbina bat ezarri zioten inguruko baserriei argindarra eman ahal izateko. Azkeneko aldiz berritu zutenean eman zioten gaur eguneko itxura. Etxe bikaina bera, inguruak eta bertarako bideak ere guztiz berrituta daude.
Pilotalekua
Pilotaren jokua gustuko baduzue, Osintxun zain dituzue estalitako pilotalekua eta aldagelak.