Kokapena
Agirre edo San Martin auzora joateko Bergara-Arrasate bidea hartu eta eskuinerantz desbideratu behar dugu, Otsein-Candy lantegirantz. Apur bat maldatsua den mendi-bide batek eramango gaitu gure helmugara. Auzoa Bergarako erdi-gunetik 2 km-ra dago. Ermitaren inguruan kokatutako baserri-gune txikia da. Ermitan bi etxebizitza daude orain, baina lehengo egiturari bere horretan eutsi dio. Oin angeluzuzena, bi isurialde, harlangaitzezko hormak eta harlanduzko eskantzuak ditu. Ezaugarri horiek guztiak zituen antzina ere. Inguruko parrokia zen, eta martxoaren 25ean hantxe elkartzen ziren denak anaitasun-giroan: ganaduak eraman eta afaldu egiten zuten. Ospakizun horiek 80ko hamarkadaren erdi aldean galdu ziren.
Monumentuak
Agirreko (edo Agarreko) Garaia
Ermitatik hurbil dagoen bidea hartuz gero, berehala helduko gara Agirreko Garaira (Bergarako eran esanda "Garaixe"ra edo "trokia"ra). Garaia Agirre baserriaren ondoan dago.
XV. mendearen lehen erdiko benetako garai bakarra dugu Gipuzkoan. 1983-1985ean Udalak konpondu egin zuen, bere jabetzakoa da eta. Telesforo Aranzadi jaunaren ikerkuntza-dokumentuen arabera, badirudi baserria gure Done Martin Agirreren etxea izan zela. MDCCXLI urteko beatifikazioari buruzko grabatuan dagoen baserria ere Agirre omen da.
Euskal garaien artean, ausarta eta bitxia da Agirrekoa. Bi isurialdeko teilatua dauka eta ezaugarririk aipagarrienak hegalkin sendoak dira (lurrekoak eta teilatukoak besoekin daude lotuta). Estiloa euskaldun peto-petoa da, gure arte herrikoiaren adierazlerik jatorrena, teilatuaren formari (bi isurialde eta isurki zabalak), hegalkinak eraikitzeko moduari eta besoen ugaritasunari dagokienez. Bere ezaugarriak ez datoz bat, inondik inora, Asturiaseko garaiekin eta gure eskualdeko beste batzuekin. Horrek argi erakusten du, berriro ere, antzinako eraikitzaile euskaldunek teilatu-hegal handiak, Bergaran hain ugariak direnak, oso gogoko zituztela.
Itxiturak eta banandurak haritz-egurrez daude eginda, eta ezin hobeto mihiztatuta. Ez dute inolako iltzerik eta kokapena bitxia da oso. Baserriko fatxada nagusiarekiko elkarzut dagoen eskaileratik igotzen da garaira. Eskailera-buruak karela dauka eta gainontzeko eremuetara eramaten gaitu. Barruan egurrezko kutxa handi bat dago: karela eta hainbat esparru ditu zereala gordetzeko. Ganbararen bi aldeetan fruituak gorde eta lehortzeko erabiltzen zituzten eremuak daude
Beheko solairuko habeen ondoan, lehen solairuko teilatu-hegal handiaren eta hegalkinaren azpian, gune bat dago. Lehen itxita egon zen gune hori eta traste-lekutzat edo nekazaritza-tresnak gordetzeko erabiltzen zuten. Orain, hormak eta erantsitako eraikinak kendu ondoren, garaiari eusten zioten habeak eta hare-harrizko piramide-enborrak agerian geratu dira.
Agirre baserria
Fatxada nagusiko ataria, garaiaren ondoan dagoena, ez zegoen hor hasieran. Ziur aski XVIII. mendean eraikiko zuten.
Jatorrizko eraikinak ojiba-ateak eta egurrezko bilbadura ditu. Oso egokia da berritu eta museo etnografiko bihurtzeko, nahiz eta berez balio handiegirik ez izan. Garaiak, baserriak eta inguruak osatzen duten multzoak duen balioa kontuan hartuta, probintziako "Monumentu Historiko-Artistiko" izendatzeko modukoa da.
Aumategi jauregia
Agirre garaiaren eta baserriaren parean, muinotxo batean, Aumategi jauregia dago. Oso arkitektura ederreko eraikina da.