Kokapena
Bergara eta Arrasate artean dago, Bergarak, Arrasatek eta Oñatik muga egiten duten tokian, hain zuzen ere. Biztanle gehienak Bergaratik Arrasaterako bidearen eskuinaldeko ilara batean bizi dira. Ezkerraldean, Deba ibaia. Inguru bitxia eta atsegina. Beste biztanleak mendi eta bailarako baserrietan sakabanatuta, misterioz betetako inguruetan.
Historia
Antzina ere Elorregi izenaz ezagutzen zen. Garai hartan eskola zaharrak egin ziren tokian zegoen San Prudentzioren ermita, gero Ojea taberna izan zen lekuan. Gaur eguneko ermita 1881ean Parrokia izendatu zuten. Ordutik aurrera auzo honi San Prudentzio deitzen hasi omen ziren.
Elorregitik Arrasaterantz abiatu, eta 700 bat metrora dago Isuskitza baserria, lehen harrobia egon zen tokian, Lapurzulo kobazuloaren ondoan. Kobazulo honetan babesten omen ziren Gipuzkoa eta Bizkaia artean ibiltzen ziren zamariak. Hauek lapurretan ere ibiltzen omen ziren eta inguru hori igaro ezina eta beldurgarria bihurtu zuten, bai auzokoentzat eta baita Ventas edo Ibarbaltz ostatuetan gelditzen ziren bidaiarientzat ere. Mikeleteak etengabe aritzen omen ziren gaizkile hauen kontra.
Monumentuak
Elorregira heldu bezain pronto ikusten da San Prudentzio eliza, Deba ibaia gurutzatzeko zubiaren parean. Beste ermita, baserri eta errota guztiak sakabanatuta daude.
San Prudentzio eliza
Berari buruzko 1432ko kontuak ere badira, Pedro Ibañez de Arostegik bere azken nahia idatzi eta diru kopuru bat utzi zion eta. XV. mendean eraikia da. 1810ean, Udaletxeak saldu egin zuen hasierako ermita, auzoko kanposantuan kapera bat egiteko asmoz. Honen ondorioz baserri bihurtu zen ermita izandakoa. 1830ean bukatu zen eliza berria, eta 1881ean parroki izendatu zuten. Laukizuzen oinarriduna da, bost arku zorrotzek osatutako arkupe ederra dauka, erdian atea eta alde banatan leihoak, eta beste bi sarrera aldamenetatik. Arkupearen erdialdean barrurako atea.
Arkupearen gainean erpinez amaitutako dorre bat. Arkupe eta dorre inguru hori oso nabarmen ageri da, beste guztian bi isuritako teilatua daukalako. Eskuinaldeko horman beste arkupe bat eta arku zorrozdun leiho luzeak.
Zubia
San Prudentzio elizarekiko perpendikular. Deba ibaia zeharkatzen du, juxtu bi ibaiadarretako urak batzen diren gunean. Zubiak erdi-puntuko bost arku ditu.
Baserriak
Ibilbide turistikoetan aipatzen diren baserriez gain, arkitektura aldetik oso interesgarriak diren beste asko ere badira:
- Artzubi baserria. Gaur egun bi etxebizitza dituena. Laukizuzen erako planta eta bi isuritako teilatua dauka. Sarreran dauden erdi-puntuko bi arkuen gainean "Ixoye Arzubi 1919" dioen plaka dago.
- Elorregidomiñena etxea. Laukizuzen erako oinarria. Sarrerako bi arkuak igarota ataria eta hura pasatuta etxebizitzarako atea. Arkuen gainaldean armarria. Ezkerraldean egurrezko estalpea eta eskuinaldean ogi-labea.
- Arizti baserria. Laukizuzen erakoa, eta lau isuritako teilatua. Etxaurrean, erdi-puntuko bi arku, eta arkupean atarirako sarrera. Arkuen gainean gurutzea.
Ibilbide interesgarriak
Egin daitezkeen irteera batzuk: Elkoro-Barrutiatik, San Esteban ermitatik, eta errotatik pasatu eta Etxagueraino esate baterako. Ingurua oso ederra da; baso, erreka, haran, eta abar, eta bide batez Irutontorreta, Azaldita edo beste leku bitxiren bat ere ikus daiteke.
Errotak Deba ibaiaren ertzetan: Bergaratik Elorregira bidean, Elorregitik kilometro batera, erreka ertzean dago Urieta errota. 1890eko erregistroan agertzen da. Etxe honek bi zati ditu, bata baserria eta bestea errota izandakoa. Telesforo Monzoni (aitari) saldu omen zitzaion etxe osoa 1920an, eta 1926an utzi zien lanei.
Elorregitik 3 bat kilometrora, Arrasate aldean Barrena errota dago. 1890eko erregistroan azaltzen da; eta 1927an irina egiten hasi zela ere agertzen da. 1935ean, Martin Altuna, azken errotaria hil ondoren, gelditu egin zen. Bi erroten arteko lau kilometro hauek ikusgarriak dira: landaretza eta uraren arteko nahaste ederra.
Pilotalekua
Herriko kirol ohiturei jarraituz, Elorregi auzoak ere pilotalekua dauka, estalitakoa hain zuzen ere.