Kokapena
Bergaratik Elgetarako bidearen alde banatara dago, industri inguruan. San Juanek ez du kalerik. Biztanleak inguruko baserrietan sakabanatuta bizi dira, San Juan eta Irazabalgo Santi Kurutz ermiten babesean. Lantegi eta tailerren inguruko etxeak berriagoak dira.
Historia
Auzo honen historia, baselizen inguruan bizi izan den tradizioari loturik dago. Estivariz Munaberen testamentuaren arabera, XVI. mendearen erdialdean, 1548an ere ba omen zen Irazabalgo Santi Kurutz baseliza. Kontu-liburua Irazabalbeitia baserrian gorde omen zen, baina 36ko gerratean desagertu zen.
Monumentuak
San Juan auzoko Izaldegi auzuneari izena ematen dioten ermitak aipatu behar dira lehenengo eta behin:
San Juan ermita
Elorza etxeko jabea zen Gracia de Egino y Elorzak utzitako 1563ko testamentuan aipatzen da. Lehenengoaren alboan itsatsitako eraikuntza berria dauka. Nabe bakarreko planta. Dobel-harriz egindako arku zorrotz baten babesean dago sarrerako atea. Gainean, egurrezko kainoi itxurako ganga. Hiru aldare, korua egurrezkoa da eta egurrezko oinarria dauka. Aldare nagusian San Juan Bautistaren XVIII. mendeko irudia. Zutabe askeak berpizkunde garaikoak dira.
Irazabalgo Santi Kurutz ermita
San Juango Elizalde auzunean kokatua. Bergaratik goazela, Tartufo taberna pasa eta eskuinaldeko bidea hartu behar da. Mendixka baten gainean dago, Elizalde baserritik metro batzuetara. Harrizko kanpandorrea ezik, beste guztia zurituta dago .
Laukizuzen oinarria, lau isuritako teilatua eta nabe bakarra. Porlanezko zorua eta egurrezko sabaia. Epistola tokiaren ondoan Amabirjinaren koadro bat dago, eta Ebanjelioaren aldean Jesusen Bihotzaren beste bat.
Beste eraikuntza aipagarri batzuk ere badira bidearen alde banatan sakabanatuta. Besteak beste honako hauek:
- Aristizabal baserria, guztiz berriztua, barnean gelditu delarik jatorrizko erdi-puntuko hiru arkudun ataria.
- Olariaga armarridun etxea. Armarria, atarira eta etxe barrura garamatzan erdi-puntuko arkuaren gainean dago.
- Elortza baserria, atarirako sarreran erdi-puntuko arku guztiz apala duena.
- Lizarralde baserria, armarri ederra dauka etxaurrean, zuhaitz bat zeharkatzen dagoen basurde bat ikusten da bertan.
- Berriz Bergararako bidea hartu, eta Bolintxo ondoan, eskuinaldean, mendixka batetan dago Aritzabaleta baserria. Gainaldean burdina landuz egindako haizeorratz interesgarria dauka.
Ibilbide interesgarriak
Santi Kurutz ermitarainoko ibilbidea
Industrialdetik abiatu, Tartufo taberna pasa, eta eskuinaldeko bide aldapatsua hartu. Bertatik, kontraste handiko hiru ikuspegi daude: zelai berdeak, Bergarako herria eta San Juaneko industrialdea. Bideari jarraituz eta eskuinaldera joaz, Irazabaletxeberri baserria, oso ondo zainduriko eraikuntza: laukizuzen oinarria, lau isuritako teilatua, eta zutabetan oinarritutako erdi-puntuko bi arku ditu. Erdiko zutabean armarria dago.
Zerbait goraxeago, ermitarantz doan bidea jarraituz, Irazabalbeitia baserria, laukizuzen erakoa eta majo berritua. Etxaurrean armarria eta atarian arku zorrotz bat. Elizaldera heldu aurretik, bidearen eskuinaldean dago Irazabal baserria, laukizuzen oinarriduna eta hiru isuritako teilatuduna. Atarian harrizko lau zutabe, eta bertatik etxebizitza eta kortarako sarrera. Etxaurrearen erdialdean armarria eta alde banatan argia sartzeko zulo batzuk. Etxaurrea, zati bat adreiluzkoa, bestea harrizkoa.
Bide aldapatsuari jarraitu eta Elizalde baserrira helduko zara. Han Santi Kurutz ermitarako bidea ikusiko duzu. Segi aurrera, bertatik ikusmira ederra dago eta.
Erroten ibilbidea
Elgeta errekan gorantz eginda ere ibilbide polita egin daiteke, aintzinako zenbait errota ikusiz. Landaretza eta zuhaitzak ere oso aberatsak dira bertan.