Labegaraietan hasi eta Angiozarren amaitzen den bidearen erdi inguruan Aldaiegia auzoarekin egiten dugu topo. San Kristobal bezala ere ezaguna, izen bereko ermita dago bertan, eta ondoan, errepidearen bi alboetan banatzen diren baserriak. Eliztar gisa, Aldaiegikoak San Pedroko parrokiaren parte dira.

San Kristobaleko ermita XVI. mendeko eraikuntza da, nabe bakarrekoa. Koroak elizaren erdia hartzen du. Kanpoaldea angeluzuzena da, eta bi isurkiko teilatua du. Aldare nagusian San Kristobalen irudia dago, proportzio handikoa. Ehunen bat urte ditu, bertako bizilagun edadetuen arabera, badakitelako euren gurasoek esanda enborra ekarri zela Bergarara Santuaren irudia zizelkatzeko.

Orain dela gutxira arte, Euskal Herriko ohitura berezienen artean sartzen zeuden batzuk gorde dira auzoan:

  • Hileta-eroateetan Aldaiegiko baserri guztietako ordezkari batek parte hartzea, eta segizioa bidegurutzetan gelditzea hildakoaren alde "Aita gurea" errezatzeko.
  • San Kristobal egunean antolatzen zen segizioa, hain zuzen ere: Berezibar-erdikoa baserriaren ingurutik irteten zen, aurrean gizonezkoez osatutako bi ilara zeramana eta atzetik txistulariak, emakumeen taldea eta Letania errezatzen zuen apaiza zituena, suzirien zaratez inguratuta elizaraino joaten zen.

Ermita oso ezaguna da bere ohiturazko jaiengatik eta mendeetan zehar belarriak eta abar sendatzeko joaten zen jendearengatik. Taxistak eta kotxe berria erosten dutenak ere igotzen dira bertaraino, santuak bedeinkapena eman diezaieten.

Ermitatik gertu, interes arkitektonikoa duten baserri batzuk daude, hala nola: Eduegi baserria, non "Armas de esta Cassa Solar de Eduegui y es de Binculo y Maiorazgo" dioen inskripzioa agertzen den; Gaztelugoikoa; Askarruntz; XVIII. mendeko Amuskibar; eta abar.


Bestalde, Aldaiegiko mapak ikusi nahi badituzu, sakatu hemen