Bergarako Udala-k Az, 2023-05-31 14:21-n bidalia
2023ko Pentekoste jaiak amaitu berri, “balorazio oso ona egiten du Udal Gobernuak”, Gorka Artola alkatearen hitzetan. Balorazio sakonagoa datozen egunetan egingo bada ere, esan daiteke aurreikusitako ekintza guztiak egin direla, eta “giro ona egon dela herrian. Jendea gogotsu zegoen eta gozatzeko aukera izan duela esango nuke”. Eguraldia ere lagun izan dute bergararrek eta bertara etorri direnek.
Gorka Artola alkateak egitarauaren aurkezpenean esan zuenez, “aurtengo jaiekin ere, aisiarako eta gozamenerako tartea eskaintzearekin batera, kulturaren aldeko apustua egin dugu. Aurretik esan izan dut Bergara herri bizia izan dadin nahi dugula, parte-hartzailea eta aberatsa. Eta kulturak herri bat aberats egiten du. Pentekosteak ere horretarako bide izan dira, eta jendea gogotsu ikusi dugu gozatzen. Eta hori oso polita izan da”.
Zaintza lanetan aritzen diren emakumeak omendu ditu Jai Batzordeak aurten. “Oso ekimen polita izan zen jaien hasierakoa. Zaintzaren gaia jaien erdigunera ekarri nahi izan genuen, eta
zaintza planean jasota dagoen helburuetako bat betetzen hasi: ikusgaitasuna eta aitortza”.
Giro ona nabaritu da herrian alkatearen iritziz. “Gogotsu zeuden bergararrak. Gozatu dute, baina jarrera ona izan dute oro har, baita kanpotik etorritakoek ere”.
Pertsona askoren lanari esker egin ahal izan dira jaiak, gazteek lan handia egin dute, eta lanean jardun duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie Udal Gobernuak.