Bergarako Udala-k Az, 2023-06-07 11:16-n bidalia
Ostiralean eta zapatuan ‘Ekinez’ jaialdia egingo dute herrian. Jaialdia Ekinez elkarteak antolatu du Bergarako udalaren laguntzarekin. Joan den urtean Agorrosin futbol zelaian izan zen; aurten, berriz, Labegaraietako kiroldegian egingo dute.
Jaialdiaren antolakuntza eta formatua dela-eta, datozen egunetan auzoaren egunerokotasunean hainbat aldaketa gertatuko dira. Hainbat aparkaleku ezingo dira erabili, hain zuzen, Labegaraieta kiroldegi atzeko aparkalekua (gaurtik aurrera), Ibarrako aparkalekua (bihartik aurrera) eta Ibarra kalean daudenak (ostiraletik aurrera). Era berean, ostiraletik jaialdia amaitu arte trafikoari moztuta egongo da Ibarra kalea (barruko kalea, jaialditik gertuen dagoena).
Bestalde, Ozaeta kalearen ondoko aparkalekua (lehengo Maick enpresakoa) argiztatu egingo da behin behineko fokuekin ostiral eta zapatu gauean.
Sortuko diren aldaketen artean dago kiroldegiaren erabilera ere. Ostegunera bitarte zabalik egongo da, baina, hortik aurrera itxi egingo dute. Datorren astelehenetik (ekainaren 12tik) aurrera erabili ahal izango da berriro.
Udala, eskura dituen baliabideekin, saiatuko da ahalik eta eramangarriena egiten jaialdiaren eta auzoaren arteko elkarbizitza.