Joan den asteburuan izan zituzten hauteskundeak Angiozarren, eta auzotarrek Mila Elorza hautatu zuten Angiozarko Bailarako Batzarreko ordezkari. Errolda 240 herritarrek osatzen dute, eta %55ak eman zuen bozka. Elorza bostgarrenez izango da auzo alkate, eta legegintzaldi honetan ere harremanetan egongo da, besteak beste, Bergarako Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.

Hauteskundeetan alkatea zuzenean aukeratzeaz gain, batzarkideak ere izendatzen dituzte: hamazazpi, guztira. Herritar bakoitzak bere auzoari dagozkion ordezkarien izenak jartzen ditu paperean, eta kopuru ezberdina izaten dute: Asentzion bat; bina Azkunetan, Errekaldean, Goimendin, Mainddan, Parteittin eta Zabaletamendin; eta lau Kalian.

Lau urtetik behin egiten dira Angiozarko bailarako hauteskundeak ere, hain zuzen, San Juan egunaren hurrengo igandean. Alkate izendatze ekitaldia, berriz, San Migel jaietako igandean egiten da.