Zergatik erraustu, birzikla badaiteke?
Ingurumena zaindu ala ez, ez da nork bere hautaz erabaki lezakeen zerbait. Edo ez luke hala izan behar behintzat. Beste pertsonen osasuna eta ongizatea errespetatzeko hainbat gai mugatzen diren era berean (erretzea edota autoen abiadura, esaterako) sortzen ditugun hondakinen tratamenduak ingurumenarengan eta osasunarengan duen inpaktua gutxitu behar dugu.
Sortzen ditugun hondakinen arduradun gara eta, ondorioz, arduraz jokatzea dagokigu.
Bergarako Udalak ingurumena zaintzea derrigorrezko gaia dela deritzo, "kutsatzea aukeratzea" herritar guztien eskubideen aurka doala uste baitugu. Inguru garbi eta osasuntsuan bizi izateko eskubideaz ari gara, baita etorkizuneko belaunaldiek horretaz gozatzeko duten eskubideaz ere.
Beraz, zergatik erraustu birziklagarria dena? Zubietako errauskailua eraikitzean ere, Gipuzkoan sortutako hondakinen %65 bertara eramatea aurreikusten da, hondakinen %90 gaika bil daitekeen arren.
Erraustea ez da dohakoa
Errausteak ez du hondakinen arazoa konpontzen. Errausten den zaborra ez da inoiz guztiz desagertzen, zaborrak beste forma bat baino ez baitu hartzen. Errausketak osasunarengan duen eraginaz Radio Euskadin duela gutxi egindako elkarrizketa interesgarri hau entzutea gomendatzen dizuegu.
Errausteak naturarentzako zein gizakion osasunarentzako kostu altua suposatzen du, beraz. Baina, ez hori bakarrik: errausteak diruzko prezioak ere badauzka. Bideo honetan Julian Zapiain, EHUko irakasleak Zubietako Errauskailuaren kostu osoa, haren inguruko kontratuak eta finantzazio modua azaltzen ditu.
Natura ez alferrik ustiatu
Gure eguneroko bizitza estiloa mantentzeko hainbat lehengai lortzen ditugu natura ustiatuta (ura, gasa, petroleoa, mineralak...). Natur balibide hauek mugatuak dira eta gure esku dago horiek neurrian ustiatzea.
Gaikako hondakin bilketa tasa handituz, hain baliotsuak diren baliabideak berrerabiltzea lortzen da, natura gehiago errespetatuta.