Boluko lur-jausiarengatik kaltetutako bizilagunekin bildu da Udala gaur arratsaldean, egoera agertzeko. Azken zehaztasunak eman ondoren, 49 zenbakitik hasi eta 57 eskuinera bitarteko familiek euren etxeetara itzuli ahal izan dira. Aldiz, 57 ezkerra eta 59, 61 eta 63 etxebizitzetara ezingo da oraindik sartu, baina euren ondasunen bila sartu ahal izan dira suhiltzaileen laguntzarekin. Hurrengo egunetan ere izango dute aukera berriro sartu eta beharrezko gauzak hartzeko, beti ere, segurtasun neurri guztiak errespetatuz.

Familia hauei dagoeneko bideratu zaie gaua pasatzeko lekua baina bihartik aurrera, bilerak egingo dira Gizarte Zerbitzuetatik familia bakoitzaren ezaugarriak aztertu eta irtenbide egokiena emateko asmoz. Era berean, Udalak bergararrei dei egiten die etxebizitza hutsak badituzte eta bizitzeko baldintzak betetzen badituzte, Gizarte Zerbitzuetara deitzera (943 77 91 65) eta euren etxeak uzteko beharra dutenentzat.

“Hasieratik garbi izan dugu kaltetutako bizilagunei arreta ematea dela lehentasuna. Atzo luizia izan zen momentutik, etxe bat izatea zen premiazkoa. Gaur egoera baloratu ondoren adituekin, egoeraren berri eman eta beharrezkoa zutenari irtenbidea ematen saiatu gara. Une honetan, inoiz baino gehiago, bergararrok solidaritatea erakutsi behar dugu eta horregatik, dei egiten zaie etxebizitza hutsak dituzten jabeei, etxe gabe gelditu direnei uzteko”, agertu du Elena Lete alkateak.

Bizilagunen beharrak asetuta, luizia izan den gunearen egonkortze lanak datoz. Honela, dagoeneko hasiak dira erori diren zuhaitz, harri eta lokatzaren garbiketa lanak trenbidean. “Bergarar guztien ongizatea da Udalaren helburua, eta horregatik, honelako hondamendirik berriro ez dadin gertatu, Boluko malda osoaren jarraipena eta azterketekin jarraituko dugu”, gaineratu du alkateak.