Obretan baina zabalik parte hartze ekintzaren barruan, Bergarako herritarrek obraren jarraipena egiteko aukera izan zuten udan antolatutako lehen bisitan eta orain beste aukera eskainiko da azken asteetan Seminarioan egindako lanak eta aurrerapenak ikusteko. Hala, bisita gidatu berriak prestatu dira. Bisitan zehar udal teknikariek proiektua azalduko dute, egun egiten ari diren obrak ikusi ahal izango dira eta aretoaren etorkizuneko erabilerak ere agertuko dira. Horregatik, bergarrarak aukera aprobetxatzera animatu nahi dira eta Seminarioko bisitan parte hartzera gonbidatzen dira.

“Aurreko legealditik jaso genuen partaidetza prozesutik abiatuta, Obretan baina zabalik egitasmoa jarri genuen abian, eta orain, egitasmo horrekin jarraitzen dugu, Herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izan dute eta hartutako konpromisoak betez, orain berriro herritarrei zabalduko zaie. Horregatik, bergararrei animatu eta bisitan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu”, agertu du Elena Lete alkateak.

Azken bisita gidatua ekainean egin ahal izan zen eta ordudanik, lanetan aurreratzea lortu da; “Obra zibila amaitu gabe egon arren, oso aurreratuta dago eta ekipamendua esleituta dago eta jartzen hasita. Gainera, ondarearen egonkortuta dagoenez, orain da unea erakusteko”, gaineratu du Letek.

Bergarako Udalak Aldundiko diru laguntza jaso du,1.107.000 eurotakoa eta honi esker Seminarioko ekipamenduko esleipenak egin ahal izan ditugu: harmailen egitura metalikoa, orrazia igotzeko sistema, ikus-entzunezko ekipamendua eta eszena-argiztapenerako proiektoreak.

Obraren zehaztasunak:

  • Orrazia jarrita dago eta igo eta jaitsi egiten da, modu honetan, elizako erretaula ikusteko aukera ematen du.
  • Ikus-entzunezko eta argiztapen ekipamendua esleituta dago jada
  • Eszenatokiak 72 metro karratu ditu, baina handitu daiteke.
  • Erretaula mantendu egiten da eta begi bistan egongo da. Kristal batekin babestuta eta argiztatuta jarriko da.
  • Aforoa gehienez 500 pertsonakoa izango da zutik eta eserlekuekin, aldiz, 260 lagun ingururentzat izango du lekua. Izan ere, eserlekuak behar ez direnean, gradak gordeta egongo dira.

Obra zibilaren aurrekontua 1.100.000 eurotakoa da eta ekipamenduarena, aldiz, 1.200.000 eurotakoa, guztira, 2.300.000, eta uda honetan lanak amaitzea aurreikusten da.

Obretan baina zabalik

Hitzordu berriak urtarrilaren 19an izango dira. Bi ordu egongo dira, bata arratsaldeko 18:00etan eta bestea 19:00etan. Eraikina obretan dagoenez, segurtasun arrazoiengatik taldeko pertsona kopurua gehienez 18 lagunekoa izango da eta horregatik, aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izena eman ahal izateko bi betebehar daude; 16 urtetik gora izatea eta oinetako erosoak eramatea bisitara. Udaletxeko Kultura zerbitzuan eman behar da izena, 943 779159 telefonora deituz edo kultura@bergara.eus helbidera idatziz. Eskaera handia egongo balitz, bisita gidatua egiteko hitzordu gehiago finkatuko dira.