Udal Gobernuak 2017ko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du dagoeneko. Abenduaren amaiera izanik, Gabonak, egun hauek ere erabilgarriak izaten direlako eta 2017an zirriborroa izateko asmoa zegoelako aurkeztu da. Orain oposizioko taldeek hiru aste dituzte euren ekarpenak edota emendakinak aurkezteko. Horrela, urtarrilaren 18ra bitartean egin ahalko dira ekarpenak eta egun horretan gonbidatuko dira berriro bildu eta ekarpenak aztertzeko.

SARRERAK

2017ko aurrekontua 22.506.000 eurokoa izango da, iazkoren baino % 2,2 gehiago. "Igoera neurtua da baina igoera hau nondik datorren azaldu nahiko nuke; bere momentuan 2017ko ordenantza fiskala onartu genuenean azaldu genuen orokorrean udal zergen igoera KPIa izango zela kasu gehienetan, hau da, gehienez % 0’7ko igoera izango dute; baina aurrekontuen sarrerek hori baino igoera handiagoa izan dute. Eta hori ez da herritarrengan indar fiskala handitu dugulako, hiru sarrera berezi izango ditugulako baizik:

1.- Batetik, Foru Fondotik 139.000 euro gehiago izatea aurreikusten da.

2.- Beste alde batetik, eraikuntza-zergan ere sarrerak gehitzea espero da Larramendi industria-guneari esker.

3.- Azkenik, plusbalioen zergaren kudeaketa hobetu egin dugu; indar bereziak ipini ditugu zerbitzu hori eguneratzen eta emaitza onak aurreikusten dira, 95.000 euro gehiago", agertu du Elena Lete alkateak.

GASTUAK

Udal Gobernuak herritar eta eragileen partaidetza kontuan hartu nahi du eta horregatik  iazko partaidetza-partida mantentzeaz gain, arlo hau indartu nahi izan dugu. Herritarren zein udal talde politikoen partaidetza bermatu eta aberastu nahi izan dugu, eta, horretarako, aurrekontuaren zirriborroan bi berrikuntza sartu ditugu.

Honela, hurrengo urteko aurrekontuan bi partida berezi eta berri izango ditugu:

  • Batetik, 80.000 euro gorde dira oposizioak aurkeztutako proposamenak gauzatu ahal izateko.
  • Bestetik, abian jarri berri dugun ideia lehiaketako proiektuak aurrera eramateko, 100.000 euroko partida gorde da.

Bi partida berezi hauek 2017ko inbertsioetara bideratutako partida osoaren ia % 6a da.

KOHERENTZIA

"Behin baino gehiagotan esan dugu koherentziaz lan egiten dugula eta horregatik ezin dugu ahaztu hauteskundeetako garaian aurkeztu genuen programa. Hori da gure abiapuntua orain arte eta hemendik aurrera; horregatik, 2017ko aurrekontuaren zirriborroan helburu desberdin batzuk betetzera joan gara", gaineratu du Letek. Honako hauek:

 1.- Espoloitik plazara doan lerro kulturala eraikitzeko konpromisoa azaldu genuen, 2016an Espoloiko kioskoa eraitsi beharra izan genuen eta aurten berri bat eraikitzeko konpromisoa hartu dugu. Ez dago ahazterik lerro kultural horren beste muturrean Seminarioa dagoela eta horretan ere proiektua aurrera eramaten ari gara; horretarako, aurten jaso dugu Foru Aldundiko diru-laguntza handi bat eta hurrengo urtera begira partida hori hornitu egiten dugu ekipamendua bukatzeko eta martxan ipintzeko ziurtagiri eta tramite guztiak burutzeko.

2.-Boluko pilotalekuaren estaltze-lanak: aurten proiektuaren idazketa esleitu dugu eta 2017ko aurrekontura begira obraren partida sartu dugu. Hau ere gure programan zegoen.

3.- Bidegorri sarea osatzen jarraitzea: horretan beste proiektu bat bukatuko dugu eta obra osatzeko partida ezarri dugu proiektuan. Honetan aurten mugikortasun atalean keinu txiki bat egin diogu San Martzial bidearen egoerari eta hurrengo urtean horretan ere beste partida bat sartu dugu.

4.- Irisgarritasuna hobetzea beti da helburu: aurtengo obra guztietan irisgarritasuna bermatzeko eta hobetzeko ildoak jarraitu dugu eta hurrengo urtean ere udal eraikuntzetan irisgarritasuna bermatzeko eta hobetzeko partidak daude.

"Azkenik, baina ez garrantzia gutxiago duelako, partida berri bat sortu dugu herriko gazteak kontuan hartuz, eta lehenbizikoz, etxebizitzak alokatu ahal izateko diru-laguntzak bideratuko dugu. Egun bizi dugun egoera dela-eta, askok ez dute lanik, ezta laguntzarik ere, eta bakarrik bizitzera joateko zailtasunak izanik, gurasoekin bizi dira. Honen aurrean, etxebizitza-politika berri bat egitea proposatzen dugu; etxe berriak egin beharrean, daudenak ondo kudeatzea nahi da. Honela, herrian ditugun etxe hutsak merkatura bideratu eta alokairua sustatzeko neurriak hartuko ditugu. Alokairu sozialerako 30.000 euro zuzendu ditugu", adierazi du alkateak.

"Gure programaren muina pertsonetan zegoen, eta herriko bizitzan; horregatik, gizarte jarduerak mantenduko dira, ez bakarrik udalak antolatzen dituen horietan, baizik eta gizarte eragile desberdinek egiten dituztenak ere lagundu egingo ditu udalak; zerrenda luzea da, baina guztietan mantendu egiten da udalaren ekarpena, kirol, sustapen, euskara, gizarte eta kultura arloetan", amaitu du.