Bergaran eman da jakitera 2026ko Itzulia Basque Country udalerri horretan amaituko dela, azken etapa Antzuolako Goizper enpresatik irten ondoren. Ibilbideak 133,7 kilometro edukiko ditu, eta bertako malda positiboa +3.000 metro ingurukoa izango da. Ibilbideak zirkuitua osatuko du, bi aldiz igaroko da Gorlatik zein Azkaratetik eta txirrindulariak bi leku desberdinetatik igoko dira Asentziora.

Ibilbidearen berri emateko ekitaldian, Bergarako eta Antzuolako udaletako, Goizper enpresako zein Lokatza ZEko ordezkariek eta OCETAko presidenteak, Javier Riañok, parte hartu dute.
Antzuola eta Bergara arteko etapan, sei mendatetara igo beharko dira txirrindulariak:
• Asentzio (3. maila)
• Gorla (2. maila)
• Azkarate (3. maila)
• Gorla (2. maila)
• Azkarate (3. maila)
• Asentzio (2. maila)

Ibilbidea Bergarako hirigunean amaituko da, Matxiategi kalean, hain zuzen ere.

Gorka Artolak, Bergarako alkateak, horrelako ekitaldia herrian bertan egitea zeinen garrantzitsua den aipatu du. “Itzuliak eskaintzen duena maila goreneko txirrindularitzako ikuskizuna da, baina, horrez gain, tresna ahaltsua ere bada, gure herrialdea mapan jartzeko orduan. Oso ezaguna da Bergarako eta inguruko herrietako bizilagunak txirrindularitza-zale amorratuak direla. Ondo baino hobeto dakit kaleak jendez beteta egongo direla eta giroa paregabea izango dela. Horren ondorioz, berezko indarra izango du Itzuliak”. Antzuolako alkateak, Olatz Lezetak, aztertu duenez, “euskal herritarrek Antzuola ezagutuko dute. Orain dela urte batzuk ere, Iñaki Lete tarteko, Antzuolan hasi zen Itzulia, eta orduko gaztetxook izugarrizko oroitzapena daukagu oroimenean”.

Iñaki Madinak, Goizper Groupeko zuzendari nagusiak, lankidetza horren arrazoia zein den azaldu du._”Goizper herritik jaiotako enpresa enpresa industrial internazionala da. Gure jatorri eta balio kooperatibistei erantzunez, jatorriko arlo sozialak zaintzeko eta bultzatzeko ekimenetan parte hartzen dugu. Egungo arlo sozialean, kirolak barne egonda, txirrindularitza gure lankide, herri eta euskal kulturan errotuta dago. Itzulian parte hartzeko aukera edukitzeak gure "barruak" mugitu ditu nolabait, eta Goizperrentzako zein Antzuolarentzako aukera ona dela uste dugu. Asanbladara ere eraman genuen ekimen horretan parte hartzea, eta, baiezko tinkoa jaso ondoren, gogotsu gaude antolakuntzan parte hartzeko”.

Lokatza ZEko Ion Unamunoren esanetan, “urteak igaro dira Pello Garitano zenduak eta biok proiektu polit honi hasiera eman genionetik, eta, jende askoren lankidetzari esker, helmugara iristen ari da. Txirrindularitzako eskola garenez, 50. urteurrenean gure ustez guztion gustukoa izango den apetaz gozatuko dugu”.

Javier Riañok, OCETAko presidenteak, ekitaldiari eman dio amaiera. Bertan, ibilbidea aztertu eta honako hauxe adierazi du: “Itzuliaren formatua aldatu behar da apurka-apurka, eta gauza berriak jarri behar dira abian, beste udalerri batzuek Itzuliko hasiera edo amaiera izateko aukera eduki dezaten. Kirol eta gizarte arloari begira, lasterketarentzat eragingarri handia da Bergarara etortzea”. Horrez gain, bere esanetan, “Goizper Group bezalako enpresak etapa batean parte hartu nahi badu, bide onetik goazela esan nahi du”.

Berak baieztatu duenez, Itzulia Basque Countryko 2026ko edizioa Bergaran amaituko da. 2026ko etapari esker, helmuga ofiziala itzuliko da Bergarara, bi hamarkada baino gehiago igaro ondoren.

Goizper Group 1959an Antzuolan sortutako kooperatiba da. Osagai dituen dibisio industrialek eta enpresa teknologikoek honako sektore hauetarako irtenbideak garatzen dituzte: potentziaren igorpena, ihinztadura eta bioteknologia. Erakundearen eredu kooperatiboak agerpena du nazioartean, eta 2026ko Itzuliko azken etapa bere egoitza nagusitik irtengo da.