webmaster-k Al, 2025-11-03 13:45-n bidalia
Osintxuko Txuringo taberna kudeatzeko deialdi publikoa ireki du Bergarako Udalak. Kontratu honek hiru urteko iraupena izango du, eta ustiapenaren truke, hileko 150 euroko kanona ezarri da. Hala ere, lizitatzaileek kopuru hori hobetu dezakete beren proposamen ekonomikoan. Adjudikazioa gauzatu ondoren, 1.000 euroko bermea egin beharko da hamar egun balioduneko epean. Izena emateko epea azaroaren 17an bukatuko da.
Lizitazioan parte hartu ahal izango dute gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna duten pertsona fisiko zein juridikoek, baldin eta ahalmen ekonomikoa (gutxienez 150.000 euroko erantzukizun zibileko asegurua) eta ahalmen teknikoa frogatzen badute (langileek gutxienez hiru hilabeteko esperientzia tabernari edo sukaldari gisa, elikagaiak manipulatzeko txartela eta hizkuntza gaitasuna), eta ez badaude kontratatzeko debekuren batean. Proposamenak ezkutukoak izango dira eta ezingo da aldagairik edo alternatibarik aurkeztu.
Txuringo taberna eta baju horretan dagoen lokala erosi ostean, aurten gauzatu dira berritze lanak, Construcciones Frixi, S.L. enpresaren eskutik, 158.577,13 euroko aurrekontuarekin. Egokitzapen lanek bi helburu nagusi dituzte: alde batetik, taberna eraberritzea eta, bestetik, ondoko lokalaren irisgarritasuna hobetzea.
Osintxu biziberritzeko planaren baitan, neurri honekin Udalak bertakoentzako ezinbesteko zerbitzua eta kohesiorako elkargunea izango den proiektua garatu nahi duela nabarmendu du gobernu taldeak.
Izan ere, 2021. urtean Osintxu Biziberritzeko Lantaldea sortu zen, Txuringo kultur elkarteko ordezkariak, Osintxuko eskolako gurasoen ordezkariak, Soraluce Kooperatibako ordezkaria, Kooperatibako bazkide osintxuarrak eta Udalak (alkatetza, hirigintza eta partaidetza sailak) ordezkatzen dutena. Lan taldearen erronka nagusia Osintxuko biztanleria mantendu, errotu eta haztea izan da hasieratik, Osintxu atsegin eta bizigarriagoa eraikiz.
“Osintxuarren bizi kalitatea bermatu nahi dugu, eta, horretarako, auzo-bizitza mantentzeko tresna eta baliabide ezberdinak eskaini behar dizkiegu Udaletik. Osintxuko plaza balioan jarri nahi dugu, izan ere, bertakoentzako ezinbesteko zerbitzua eta kohesiorako elkargunea da”, adierazi dute udal ordezkariek.
Informazio gehiagorako: https://www.bergara.eus/eu/node/21132

