webmaster-k Og, 2025-11-13 11:47-n bidalia
Asteazken goizean 2025-2026 ikasturteko Eskola Agenda 2030 programaren hasierako udal foroa ospatu da Bergarako udalbatzan, Gorka Artola alkatea, Nagore Narbaiza teknikaria eta Bergarako ikastetxeetako ikasle ordezkariak elkartuz.
Ekitaldian, ikasleek aurreko ikasturtean landutako 12. Garapen Jasangarrirako Helburuaren (kontsumo eta ekoizpen arduratsua) diagnostikoaren emaitzak gogoratu dituzte, eta aurten aurrera eramango diren ekintza eraldatzaileak aurkeztu dira.
Lehen Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, mendi, erreka eta ibai garbiketa antolatzea erabaki da, zaborra lurrera ez botatzeko kartelak ipiniz. Bigarren Hezkuntzan aldiz, azokan postu bat jartzea, jendeak behar ez dituen produktuak pilatu eta berrerabiltzeko edota behar duenari emateko proposamena martxan jartzea adostu da.
Foroak, gainera, ikasleek udalaren funtzionamendua eta erabakiak hartzeko modua ezagutzeko aukera eskaini du. Jardunaldian zehar, parte-hartzaileek “Egia ala gezurra” izeneko dinamikan parte hartu dute, kontsumo arduratsuaren inguruko ideiak lantzeko.
Helburu nagusia ikasleen ahotsa entzun eta udalerria jasangarriagoa bihurtzeko bidea elkarrekin egitea izan da.

