Bergarako Udala-k Al, 2016-03-21 09:00-n bidalia
Elena Lete alkateak eta Maite Agirre zinegotziak agerraldia egin zuten pasa den astean Errege Seminarioko obraren jarraipenaren berri emateko. Azaldu zutenaren arabera, obra amaitu artean, aurreikusi da hiru hilabetetik behin obraren informazioa ematea (prentsaurrekoa egin, bisitak antolatu...), eta horrela herritarrek ezagutu ahal izango dute nola doan obra; izan ere, aurreko legealdian hasi zen prozesu parte-hartzailearen jarraipena egitea da helburu.
Obrari dagokionez, lehenengo fasea abuztuan burutu zen; gero, abenduaren erdialdean bigarren fasea hasi zen. Bigarren fase hau Errege Seminarioko errehabilitazioari dagokio, hau da, ondarea birgaitzeari.
2015etik 1.082.831,35 euro daude konprometituta elizako ondarearen errehabilitaziorako, eta, horretaz gain, fase honi tratamendu akustikoa ere gehituko zaio.
Eusko Jaurlaritzak 2015ean 300.000 euroko diru-laguntza eman zuen, eta hiru zatitan ordainduko du: lehenengo zatia 2016ko martxoaren lehenengo astean jaso zen; bigarrena 2016an zehar jasoko da; eta hirugarrena 2017an.
Diru-laguntza hau "finalista" da, hau da, helburu zehatz bati lotuta jaso da; hain zuzen ere, "ondarea balioan jartzeko" helburua; eta behin obrak aurrera doazela horrela justifikatu beharko da.
“Obretan baina zabalik”
"Obretan baina zabalik" gauzak erakusteko beste modu bat da, ondarearen betebehar soziala azaltzeko modu harrigarri bat, iradokitzailea, erakargarria. Gasteizko Andre Mariaren katedraletik ideia hartuta, azken finean adierazi nahi da proiektu hau burutzeko prozesuan ere oinarrizko irizpideetako bat Birgaitze Irekia egitea dela.
Horrenbestez, programa honen bitartez kultur eragileek, ordezkari politikoek eta herritarrek obraren jarraipena egin ahal izango dute.
Hasteko, apirilaren 5eko Kultura Batzordeko bileran, kultur talde desberdinekin finkatuko ditugu egunak/orduak, apirilean zehar obraren bisita gidatua egiteko. Eta ondoren, hurrengo batzorde-saioetan beren ekarpenak egiteko aukera izango dute.